Academia de Dibujo Lineal (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 11:10, 29 martxoa 2022
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)

    XX. mendean Soraluzen hezkuntza aukera "formalak" murritzak ziren. Eskola Nazionalak alde batetik (neska eta mutilentzat), eta bestetik Sagrado Corazon ikastetxea (maristena, mutilentzat) eta Nuestra Señora de la Merced ikastetxea (mertzedariak, neskentzat). Soraluzeko Ametsa ikastola geroago sortu zuten, 1960.ko hamarkadan.

    Lehen ikasketak bukatuta, mutilek lantegietara jotzen zuten lehen lanpostuaren bila, "granujia"[1] moduan (hau da, aprendiza). Beste aukera lanbide heziketa zen, Eibarko Armagintza Eskola hain zuzen.

    Baina Soraluzen bazegoen hirugarren bide bat aurrera egiteko: Academia de Dibujo Lineak izenekoa. Lanetik irtenda (9 edo 10 ordutako lanegunak izaten ziren), mutil eta gazte asko "eskolara" joaten ziren, etorkizun hobea eraikitzeko.


    Lehen epea (1899-1936)

    Erregetxea sasoi batean

    Sorrera

    Asturiarra jaiotzez, Sabino Oroz aspalditik zegoen Soraluzen errotuta. The Placencia de las Armas Company Limited enpresan lan egiten zuen, delineante[2].

    Aurki jabetu zen marrazki teknikoa menperatzeak gazteen etorkizunean izan zezakeen eragina, batez ere profesio teknikoetan: tornulari, fresalari, proiektista...

    Horregatik, XIX. mende bukaeran Kalebarren 5eko bere etxean bertan zabaldu zuen Academia de Dibujo Lineal izeneko eskola baina, arrakastak bultzatuta, Udalari toki zabalagoren bat eskatu zion. Eta Udalak Erregetxeko lehen solairuko areto handia laga zion (1899/06/22).

    Erregetxean

    Eskolak ia laurogei urte egin zituen lagatako tokian, bere jarduera eten artean. 1906.ean Trinidad Placenciak Soraluzeko Udalari eskola berria zabaltzeko baimena eskatu zion, baina Udalak (Santos Treviño alkatea zela) lortu zuen bi akademiek bat egitea. 1920.ean Sabino Oroz jaunak irakasle laguntzailea kontratatu zuen, Jose Maria Astiazaran Ugalde, aurretik Marrazki Eskolaren ikaslea izandakoa.

    José María Astiazarán Ugalde

    Zuzendari berria

    1924.eko abuztuan Sabino Orozek erretiroa hartu zuen, eta Jose Maria Astiazaran zuzendari lanetan hasi zen.

    Irakasle laguntzaile berria kontraratu zuten, Julio Oroz Vàzquez (Sabinoren iloba). Eta behar zenean Santiago Larrañaga Etxabek ordezkari lanak egiten zituen.


    Nociones Elementales de la Aritmética

    Jarduera

    Ikasketak

    Izena berak argi adierazten duenez, ikasgai nagusia Marrazketa Lineala zen (Marrazketa Teknikoa deitua ere). Norberaren asmoen arabera, bi helburu ziren; makinista (tornulari edo fresalari edo…) izan nahi zutenek planoak ondo interpretatzea behar -zuten; delineante eta proiektista izan nahi zutenentzat, berriz, marrazketa lineala menperatzea ezinbestekoa zen.

    Honetaz gain geometria (marrazketa linealarekin oso lotua), aritmetika eta algebra ere irakasten zen. Ikasleek ez zuten azken hau oso gustoko, baina menperatu zutenek aurrera egin zuten.

    Ikasketa sistema pertsonalizatua zen. Ikasleek beren lan orduak bete ostean joaten ziren Marrazki Eskolara. Bertan, ordu t'erdiko eskolak izaren ziren, gainontzeko denbora ariketak egiten ematen zuten, eskolan zein norberaren etxean, irakasleak zuzenduta.

    Irakasteko materialaren faltaz, Jose María Astiazaránek Nociones elementales de la Aritmética liburuxka idatzi eta argitaratu zuen (1923).

    Ikasleak...

    Urteko, gutxi gora behera, 60 bat ikasle izaten ziren (denak gizonezkoak: mutilak, gazteak eta gizonak ere). Ikasketak bukatzeko hainbat urte behar ziren, norberaren asmo eta denboraren arabera.

    1924-1936 epean 350 bat lagunek bukatu zituzten ikasketak. Baina ikasle kopurua askoz altuagoa izan zen.

    ...eta irakasleak

    Sabino Oroz, Trinidad Placencia, José Mª Astiazarán, Julio Oroz eta Santiago Larrañaga.

    Alde ekonomikoa

    Eskola pribatua izanik, hileko kuota baten bidez bizi zen; 1904. urtean Udalak ikasle bakoitzeko 0,95 pezetako dirulaguntza onartu zuen, kuotaren muga 1,25 eurotakoa zela.

    1924. urtean kuota 3 pezetakoa zen. Ordurako 1924rako Udalak 40 "beka" zituen, hilerokoaren %50a ordaintzen zuela. Babestutako ikasle batek ikasketak bukatzerakoan, edo beste edozein arrazoirengatik alde egiten bazuen, Udalaren laguntza ikasle berri batek jasoko zuen.


    Bigarren epea (1937-1975)

    Gerraren etena

    Espainiako Gerrak bukatu zuen eskolaren lehen epea. Jose Maria Astiazaran eta Julio Oroz irakasleak, errepublikazaleak, herritik alde egin zuten 1936.eko irailean, erreketeak sartu baino lehen, hain zuzen.

    Nahiz eta eskola pribatua izan, sei hilabete geroago Jose Maria Astiazaran zuzendaria eskolatik bota egin zuten[3]:

    Ondoren datozen jaunen espedienteak ikusita, Kultura eta Hezkuntza Batzordeak proposamenari jarraituz eta azken azaroak 8ko Dekretuaren eta 10eko Agintearen arabera, Lehendakaritza honek erabaki du honako jaun hauek eskalafoitik banatu eta baja emateko:
    D. José María Astiazarán, Soraluzeko (Gipuzkoa) Academia de Dibujo Linealaren irakaslea.
    ...

    Eta 1941. urtean Jose Maria Astiazaran Ugalde eta Julio Oroz Vázquez irakasleak Erantzukizun Politikoen Lege azpian auzipetu zituzten[4].

    Eugenio Artolazabal

    Berriro martxan

    1937.ean ikasleen gurasoek eskola zabaltzeko ahaleginak egin zituzten. Ikasle ohi batzuei eskatu zieten eskolak emateko eta, Domingo Arrietaren laguntzaz, urte bukaerako martxan zegoen akademia.

    Aipatutako Domingo Arrietak ezin izan zuen irakasle hasi, eta Eugenio Artolazabal eta Jose Treviño peritu industriala eskolaz arduratu ziren. Handik hilabetetara Herman Oregi bildu zitzaien.

    Jarduera

    Aro berrian akademiak ez zuen aldatu lan egiteko era: ikasgaiak, sistema pedagogikoa, kuotak…

    Udalak ere diruz laguntzen zuen, gerra aurrean moduan.

    Eugenio Artolazabal zuzendariaren esanetan, ikasleak ziren interesa eta gogoa jartzen zutena, eta irakasleak lagundu egiten zuten. Urteko 50 bat ikasle izaren ziren, azken urteetan etorkin gazteak asko eta asko.

    Irakasleak

    Eugenio Artolazabal, José Treviño eta Herman Oregi. Urte gehien egin zituztenak Eugenio eta Herman izan ziren, biak SAPAko delineanteak.

    Epe baten bukaera

    1970. hamarkadak aldaketa handiak ekarri zituen. Alde batetik, akademiaren ardura osoa Herman Oregik zeraman, Eugenio Artolazabal urte batzuk lehenago hil zelako. Herman ere urte asko zituen, eta erretiroa hartzeko gogoa. Bestetik, Erregetxea botatzeko asmoa zegoen[5], Akademiari egoitza barik utziz.

    Eskolak oraindik premia handiak betetzen zituela arduratuta, 1975.ean bi gaztek hartu zuten erreleboa: Alberto Garitano eta Francisco Javier Larrañaga, hirugarren epea hasiz.


    Academia de Dibujo Linealari omenaldia (1976/06/12). Omenduak

    Omenaldia (1976)

    1976. urtean omenaldia egin zieten irakasleei, Udalak eta Herri-lan elkarteak antolatuta. Ordurako asko hil zirenez, omenaldian sendikoek, ikasle ohiek eta herritarrek parte hartu zuten (1976/06/12).

    Omenaldia SAPAren ekonomatoan egin zen. Irakasleei, edo sendikoei, ikur bana eman zieten, eta gero bazkaria egin zen.


    Hirugarren epea (1975-198n)

    Haize berriak

    1975.ean, Academia de Dibujo Lineal-ek etorkizun beltzari aurre egiten zion. Baina bi gaztek, ikasketak bukatu berri eta bakoitzak bere aldetik, eutsi nahi izan zioten: herrian hezkuntza teknikoaren premia oraindik bazegoen eta.

    Alberto Garitano eta Francisco Javier Larrañaga (Francis) segituan konpondu ziren elkarrekin. Udalak egoitza laga zien, Kotxebidean.

    Albertok eta Francisek Elgoibarren lan egiten zuten. Lanaren ostean, herrira itzuli eta zazpiretatik zortziretara eskolak ematen zituzten. Eta oso normala zen zortzi ta laurren edo zortzi t'erdiak arte ikasleekin jardutea.

    Ikasleak

    15 edo 20 ikasle izaten zituzten. Aurreko epeekin alderatuta, ikasle zein irakasleen profila desberdina zen, eta irakasteko modua ere egokitu behar zuten.

    Orokorrean, bi motako ikasle ziren. Alde batetik, lanean ari zirenak, eta etorkizuna hohetu nahi zutenak; hauekin planoen interpretazioa, marrazketa, diseinua eta teknologia lantzen zuten. Gero, Eibarko Armagintza Eskolako ikasleak ziren; hauei ikasketa tekniko eta teknolojikoetan laguntzen zieten. Honetaz gain, ikasle batzuk premia handiagoak zituzten: aritmetika, oinarrizko kontuak… inoiz irakurtzen eta idazten ere!

    Ikasleek kuota bat ordaintzen zuten, baina ez oso altua: nahikoa ikasketei balioa emateko.

    Azken urteak

    1980. hamarkadaren hasieran Francisco Javier Larrañagak akademia laga izan behar zuen, hartunzuen lanpostu berriarekin bateraezina zelako.

    Orduan Jesus Gil sartu zen, ordezkoa.

    Urte batzuk geroago, 198n.ean Academia de Dibujo Lineal izandakoak ateak itxi zituen.


    Erreferentziak

    1. Soraluzen erabiltzen zen berba. Ikus Soraluzeko berbak.
    2. Eibarren egin zen Gipuzkoako Industriaren eta Artearen Euskal Erakustaldian (1914) marketeria lan batzuk erakutsi zituen.
    3. BOE (1937/03/20).
    4. Anuncios de incoación de expedientes de responsabilidades políticas. Boletin Oficial del Estado (1941/12/12).
    5. Erregetxea 1977. urtean bota zuten.