Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa (eu)

    Sorapediatik
    Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa
    Elosua-Plazentzia estazio dolmenikoa. Mapa orokorra.jpg
    Estiloa Historiaurrekoa
    Mendea Neolito-Brontzea
    Kokapena Mendigain
    Mota Ondarea

    Bisita

    Karakatetik Irukurutzetara

    Mendilerro horretako hainbat megalito Karakatetik bisita daitezke; Soraluzetik errepidea igotzen da Karakateraino, autoz joan nahi izanez gero. Karakatetik, ekialde-hegoekialderantz doan mendilerroari edo gailurren segidari jarraitu behar zaio.

    Karakatetik kilometro eta erdi eskasera, Gizaburuako tumulu hondatua bistaratuko dugu lehenbizi. Bideari jarraituz, 250 metrora, Idoiako (Idoi) zelaigunearen hegoaldeko muturrean, inguruneari izena ematen dion putzutik 60 metro hegoaldera, hortxe da Iruiyako trikuharria, harkaitz batzuen ondoan.

    Norabide berari jarraituz, 600 metro ingurura, Atxolingo trikuharria dago; Atxolin gainaren altuera zehazten duen erpin geodesikoaren ondoan, hain zuzen. Ekialderantz jarraituta, 100 metrora, Atxolin Txikiko tumulua eta Atxolin Txiki II zista bistaratuko ditugu. Aizkoingo tumulua 170 metro hego-ekialdera dago, eta 200 metrotara ekialde-hegoekialderuntz Pagobedeinkatuko tumulua. Noranzko berean aurrera, 300 metrotara, Naasiko Goenako tumulua dago. Eta 500 metro aurrerago, norabide berari eutsita betiere, Kutzebakaarreko tumulua.

    Puntu horretan, hego-hegomendebaldera 400 bat metro jaitsiz gero, Aizpuruko Zabalako trikuharria begietsiko dugu. Kutzebakaarretik bertatik ekialde-iparekialderantz jarraituta, berriz, Arribiribilletako zutarria aurkituko dugu lehenbizi, eta aurrerago, Irukurutzetako gailurraren atarian, Irukurutzetako trikuharria.

    Puntu horretatik hegoaldera dauden megalitoak bisitatzen jarrai dezakegu, baina geratzen diren horietara iristeko egokiagoa da mendilerroaren beste muturretik abiatzea. Elosuatik, alegia.

    Elosuatik Irukurutzetara

    Elosuatik Agerreburu mendira igo behar da lehenbizi. Errepikagailu bat dago gainean. Tontorra bera jo gabe, kaskotik 140 metro ipar-iparmendebaldera, pistatik hurbil, Agerreburuko trikuharria dago. Ur-banalerroari iparrerantz jarraituta, 1.200 metro ingurura, Maurketako tumulua bistaratuko dugu.

    Ur-banalerroari berari iparrerantz jarraituz, 500 bat metrora, hor da Keixetako Egiya (hegoaldea) trikuharria. Oso hurbil, 100 metro ipar-mendebaldera, Keixetako Egiya (iparraldea) tumulua, eta 300 metrora Keixetako tumulua. Hor da Irukurutzeta gailurraren magala, Karakatetik abiatuta iritsitako toki bera.

    Dolmenen ibilbidea

    Estazio megalitikoan bost bide diseinatu dira: hiru Soraluze, Elgoibar eta Bergaratik bertatatzeko, eta beste bi estazio bera ibiltzeko. Bostak ala bostak ibilbide batean bildu dira, PR-Gi 94 Dolmenen ibilbidea izenekoa.

    Bada mapa bat ibilbide honen bost bideak biltzen dituena.


    Indusketa historikoak

    Estazio dolmenikoaren mapa (Aranzadi, Barandiaran eta Eguren 1921)

    1920.eko gabonetan José Miguel de Barandiaran eta José Ignacio bere anaia Irukurutzeta inguruan egon ziren, eta hainbat trikuharri eta tumulu topa zituzten. Hurrengo urteko ekainak 2an beste txangoa egin zuen, kasu honetan bi soraluzetarrekin, Carlos Orueta doktorea eta Eugenio de Arrillaga abadea.

    Udan, Elosura etorri zen, bertako mendilerroko trikuharrien miaketa egiteko. Berarekin Telesforo de Aranzadi eta Enrique de Eguren arkeologoak etorri ziren (los tres tristes trogloditas, hiru kobazulozale tristeak). Lan hauetan Carlos Orueta jaunaren laguntza izan zuten.

    Ekainak 30an heldu ziren Elosuara, eta Francisco de Zaloña bertako parrokoak etxean hartu zituen. Biharamuna, uztailak lehena, prestaketetan eman zuten.

    Kontratatutako langileek, denak Soraluzekoak, agindua zuten uztailak 2an Irukurutzetara igotzeko. Altxor bilatzaileen beldurrez bertatik hasi ziren ikerketak, leku nabarmenena delako. Arribiribilletatik pasa eta gero, Aizpuruko Zabala induskatzen hasi ziren. Uztailak 3an ez ziren lanera irten, domeka zelako. Eta biharamuenean Aizpuruko Zabala trikuharriaren lanak bukatu zituzten.

    Uztailak 5ean Kutzebakar eta Naasiko Goena miatu zituzten, eta 6an, berriz, Pagobedeinkatu eta Azkoini ekin zieten. 7an Atxolin Txiki, Atxolin eta Sabua. 8an Iruiya eta Gizaburua aztertu zituzten, eta bazkalostean atzera jo zuten, Elosua aldera, Keixeta ikertzeko.

    Uztailak 9a laneko azken eguna izan zen. Keixetako Egiya (hegoaldea), Keixetako Egiya (iparraldea), Maurketa eta Agerreburu induskatu eta gero, langileekin zorrak kitatu zituzten. Biharamunean Francisco de Zaloña eta Carlos Oruetari agur esan eta etxera bueltatu ziren.

    Gipuzkoako Aldundiak miaketa ordaindu zuenez, bukatzerakoan txostena idatzi eta argitaratu zuten.


    Eztandolmena: sumendiko tximinia (Soraluzeko Udala)

    Urte luzeko tartea

    Aranzadi, Barandiaran eta Egurenen kanpainaz geroztik ez zen ez zen gauza handirik egin urteetan. Aipamenak egin ziren bibliografian (begira beherago) eta besterik ez.

    Agarreburu trikuharriaren getu Frantsesbaso trikuharria ere agertu zen. Askoz hegoalderutz, 1980. urteko martxoan Vinicio Berastegik eta Iaki Osinagak Egizabalko Muñoa tumuluaren kokapena aurkitu zuten, Bergarako udalerrian.

    Urte guzti hauetan trikuharrien ezagutza eta oroimena desagertzen joan zen, eta azkenean okerrak sortu izan dira. Esateko, urteetan trikuharri benetakoena uste izan dena ez zen trikuharria, luz azalean agertutako harri bolkanikoen tximini nabarmenena baizik. Herriko arkeologi zaleak hainbat indusketa egin izan dituzte bertan eta, normala denez, ez dute ezer topatu.

    Aipatzea merezi dute gazte taldeen ekintzek. 1970-1980 urteak izango ziren eta, beste leku askoren moduan, inguruan bazegoen kultura aldetik mugimendu bizia. Eta Soraluzeko talde batek mendigaineko trikuharri bat berreraikitzea erabaki zuten. Asteburu batean mendigainera igo, kamioi eta guzti, eta kamararen goiko harlosa bere tokira eramatzen saiatu ziren... baina ezin! handik denbora batera Rafael Castellanok susedidoa jaso zuen La Voz de España egunkarian, Parrastadak izeneko zutabean. Bergarako beste talde batek, aldiz, Keixetako Egiya (hegoaldea) trikuharria berreraikitzen ere saiatu zen, baina alferrik.

    Azkenik, 2.002 urtean Aranzadi Elkarteak, Jesus Altunaren gidaritzapean[1], Elosua-Plazentziako megalitoak identifikatu zituzten, bakoitzari bere plaka jarriz: Agerreburu trikuharria, Aitzpuruko Zabala trikuharria, Aizkoin tumulua, Atxolin trikuharria, Atxolin Txiki trikuharria, Gizaburua trikuharria, Iruiya trikuharria, Irukurutzeta trikuharria, Keixeta tumulua, Keixetako Egiya (iparraldea) trikuharria, Keixetako Egiya (hegoaldea) tumulua, Kurutzebakaar tumulua, Maurketa tumulua, Naasiko Goena tumulua, Pagobedeinkatu tumulua eta Trekutz tumulua.

    Arbasoak egitasmoa

    Sarrera nagusia: Arbasoak egitasmoa (eu)

    Egitasmoaren helburua Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa balioan jartzea da. Estazio megalitikoaren inguruko hiru herriek hartzen dute parte: Bergara, Elgoibar eta Soraluze.

    Orain arteko indusketa kanpainak eta emaitzak:

    Kanpaina/k Tokia Emaitzak Gehiago jakiteko
    2012-2017 Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa Miaketa eta katak: Arribiribilleta zutarria zela egiaztatu, Gizaburua oso interesgarria zela, zista bat, hainbat harri-lanabes... sakatu hemen
    2012, 2014 Arribiribilleta Zutarria zutik jarri sakatu hemen
    2015 Atxolin Txiki II zista Atxolin Txiki tumuluaren ondoan aurkitutako monumentua zista zela egiaztatu zuten.
    2016-2017 Gizaburua tumulua Estazio megalitiko osoan baino material gehiago aurkitu dute, eta oso kalitate onekoa: giza hezurrak, zeramika, Brontze Aroko bi errauste... sakatu hemen
    2014, 2018 Keixetako Egiya (hegoaldea) Trikuharriaren berreraiketa sakatu hemen
    2018 Irukurutzeta trikuharria Kamara induskatu, laginak hartu eta tumulua garbitu sakatu hemen
    2019 Agerreburu trikuharria Kamara induskatu, laginak hartu eta tumulua garbitu. Leundutako aizkora agertu da
    Honetaz gain, Irukurutzeta, Frantsesbaso eta Sabua indusi dituzte
    sakatu hemen

    Kanpaina hauei ikerketa lanak gehitu beharko zaizkie, noski, zabalkunde lanak eta 2019an hasitako seinalizazio plana.

    Honetaz gain, Soraluzeko Udalak lur erosketei ekin dio poliki poliki: megalitoen inguruko lur sailak publikoak izanda, errezagoa da babestea eta ikertzea.

    Bibliografia

    Urtea Izenburua Aldizkaria Egilea/k
    1922 Exploración de dieciseis dólmenes de la sierra Elosua-Plazentzia Diputación de Guipúzcoa. 1-34. San Sebastián Aranzadi, T. de
    Barandiaran, J.M. de
    Eguren, E. de
    1953 Catálogo dolménico del País Vasco Pirineos 9, 229-378. Zaragoza Elosegi, J.
    1953 El hombre prehistórico en el País Vasco Ed. Ekin. Buenos Aires Barandiaran, J.M. de
    1973 Corpus de materiales de las culturas prehistóricas con cerámica
    de la población de cavernas del País Vasco Meridional
    Munibe Supl. 1, 1-366 Apellaniz, J.M.
    1975 Lehen Euskal Herria. Guía ilustrada de prehistoria vasca. Guide ilustré de prehistoire basque Ed. Gero, Bilbao Altuna, J.
    1980 Catálogo de túmulos y campos tumulares en EuskaIerria. Su análisis Kobie 10, 421-447. Bilbao Galilea, F.
    1982 Carta Arqueológica de Guipúzcoa Munibe 34, 1-242 + Cartografía Altuna, J.
    Mariezkurrena, K.
    Armendariz, A.
    Barrio, L. del
    Ugalde, Tx.
    Peñalver, X.
    1990 Gipuzkoa. Carta Arqueológica. I. Megalitos Munibe (Antropologia-Arkeologia) Supl. 7 Altuna, J.
    Armendariz, A.
    Barrio, L. del
    Etxeberria, F.
    Mariezkurrena, K.
    Peñalver, X.
    Zumalabe, F.
    2002 Gipuzkoa. Carta Arqueologica. Megalitos.
    Nuevos descubrimientos 1990-2001
    Munibe (Antropologia-Arkeologia) Supl. 15 Altuna, J.
    Barrio, L. del
    Mariezkurrena, K.
    200. Elosua-Plazentziako estazio megalitikoa. Mapa[2] Euskal-herria.org Web orria
    2010 Elosua-Plazentziako estazio megalitikoaren mapa Eusko Jaurlaritza
    200. Elosua-Plazentziako megalitoak[3] Eusko Jaurlaritza Web orria
    2013 Dolmenen ibilbidea PR-Gi 94. Mapa Debegesa


    Erreferentziak

    1. Orduan 237 multzo megalitikoak ezagutzen baziren, 2.001 urtean 125 identifikatu zituzten eta gainontzekoak hurrengo urtean.
    2. Euskal-herria.org. Euskal-herria.org
    3. Elosua-Plazentziako megalitoak. Eusko Jaurlaritza