Espainiako Ondorengotza Gerra (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 23:51, 20 abendua 2021
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
    Felipe V (Hyacinthe Rigaud 1701)

    Espainiako Ondorengotza Gerra

    1700. urtean Espainiako Carlos Ii.a hil zen, seme-alabarik gabe. Azken testamentuaren arabera, bere erresuma guztiak Feliperi zegozkion, Frantziako Luis XIV.aren iloba.

    Felipe de Anjou Espainiara etorri zen behereala, eta erregetzat onartu zuten, Felipe V. izenearekin. Baina Austriako Carlos artxidukeak eskubideak omen zituen erregea izateko, eta Jose I enperadorearen laguntzaz (bere aita zen eta) Feliperen kontra borrokatzen hasi zen: Espainiako Ondorengotza Gerra[1] (1701-1714).

    Felipek Luis XIV.aren laguntza izan bazuen, Carlos artxidukerparen alde hainbat herri aritu ziren, Borboien agintearen beldur: Austriako inperioa, Bretaina Handia (urte haietan bildu ziren Ingalaterra eta Eskozia), Herbehereak...

    Gerra ez zen penintsulan agertu 1704. arte, baina ordutik aurrera gorabehera asko izan zituen. Gaztela, Nafarroa, Galizia eta Andaluzia Felipe V.ren alde eutsi baziren, besteak batera eta bestera ibili ziren[2].

    1711. urtean Austriako Jose I hil zen, eta Carlos artxidukea izendatu zuten enperadore. Orduan aliatuek laguntzeko interesa galdu zuten, Austriako enperadorea Espainiako tronoan ez zuten nahi eta. 1713. urtean Utrecheko ituna sinatu zuten, eta 1714.ean Rasttatekoa. Felipe V. izango zen Espainiako erregea, baina lurralde galduko zituen: Beljika, Napoli, Sizilia, Sardinia, Menorka, Gibraltar...

    1714. urtean Felipe V. bigarren aldiz ezkondu zen, Italiako Isabel Farnesiorekin. Eta, emazteak xaxatuta, bion semeentzako lurrak berreskuratu nahian hasi zen 1717.ean, Lauko Aliantzaren Gerra (1717-1720) sortuz.


    Gerra Soraluzen

    Gerra aurrekoa

    Espainiako Carlos II.a hil baino lehenago, Europako hainbat erregek Espainiaren eskualdeak "banatu" egin zituzten isilpean. Aurretik, Hagan (1698) eta Londresen gero (1700).

    Banaketa hauek bete betean zegozkion Soraluzeri, bietan Gipuzkoako probintzia Frantziak hartuko zuen eta. Baina Carlos II.ren azken testamentua Frantziaren aldekoa zenez, Luis XIV.ak ez zuen sinatutako banaketa errespetatu.

    Itsasotik arriskua

    Gerrak iraun bitartean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Felipe V.aren alde agertu ziren[3]. Gainera, Frantziako erresuman ondoan kokatuta, ez ziren erasoen beldur.

    Baina bestela zen itsasoz. 1706.ean Britainia Handiko edota Holandako ontzidien inbasioaren errezeloa izan zen. Gipuzkoak kostako defentsak indartu zituen, eta probintziako gizon guztiei agindu zien arma bat eskuratzea (edota erostea) hamabost eguneko epean, bestela 50 errealeko isuna izango zuten eta; baina azkenean ez omen zen inbasiorik gauzatu.

    M. Vosgien jaunak 1767.ean sortutako Dictionnaire géographique portatif liburuan esaten da 1706.ean Soraluze men egin ziela Aliatuei (Austria, Ingalaterra eta Holandari); hiztegi hau beste hiztegi ingelesaren itzulpena zen. Baina bost urte geroago (1772) Juan de la Sernak gaztelaniara itzuli zuenean hiztegia, Diccionario Geográfico Universal izenpean, ez zuen Soraluzeri buruz halakorik jaso.

    Hiru urte geroago, 1709an, beste inbasio baten zantzuak izan ziren, baina ez zen ezer pasa.

    Beraz, gerrak ez omen zuen Soraluze kolpatu. Baina bestelako eragina izan zuen, armagintza aldetik.


    Gerraren eragina Soraluzen

    Lehengo urteak (1701-1705)

    Garai hartan, Erregeak zuzenean kudeatzen zituen Soraluzeko Erret Lantegiak. Teorian, oso sistema eraginkorra zen armagileentzat: urtero sarrera finkoak zirenez (consignaciones[4] zeritzona), arma eskaerak Erret Lantegietako ziuzendariak bideratzen zituzten. Baina urtearen arabera bildutako dirua oso desberdina izaren zenez, edota premia larriagoak zirenean dirua desbideratzen zenez, askotan armagileek ez zuten egindako lana kobratzen.

    Teknologia aldetik, orduan gailendu zen Soraluzen txispa fusila. Halakoak ziren egindako gehienak,nahiz eta biltegietan oraindik argi-mukizkoak gordetzen ziren. 1701.tik aurrera modelo frantses berriak egiten hasi ziren.

    1701. urtean gerra sortu zenetik 1705 urte bukaeraino Debatik bakarrik 29.000 txispa fusil baino gehiago irten ziren, eta beste 13.000 bat baioneta, arkabuz eta bestelako armatan. Galizia, Cadiz, Donostia eta Indietara bidali zituzten.

    Ekoizpen guzti hau nahikoa ez zenez, Frantziatik ekartzen hasi ziren arma gehiago. Michel de Amelot eta Jose de Grimaldo ministroek Espainiako armagintza bultzatu nahi zuten, baina lantegi guztietan (Soraluze, Tolosa, Lierganes, La Cavada) arazo berbera zuten: dirua! Eskaerak egiterakoan armagileei ez zitzaien dirurik aurreratzen, eta armak bukatzerakoan ordainketak luzatzen ziren, hilabeteak era urteak.

    Azterketa urteak (1705-1707)

    1705. urtean Felipe V.ak Canales-eko markesa izendatu zuen Artilleriaren kapitain jenerala, eta armak erosteko arduraduna. Urte berean Jean Orryk, Felipe V.aren aholkulariak, Miguel Francisco Salvador jaunari eskatu zion Gipuzkoako arma lantegien egoera zuzentzeko. Tolosako ekoizpena igo era merketu behar zuen, baina Soraluzeko egoera larriagoa zen, ekoizpena erdi geratuta zegoen armagileei 700.000 erreal baino gehiago zor zietelako.

    Hurrengo urtean, Canales-eko markesa eta San Juan-eko dukea orduko armagintzaren ahalmenak aztertu zituen. Urrian, Soraluzeri buruz zera zioten, karabina eta pistolak egin beharrean hileko 2.000 fusil bere baionetekin egin zitezkeela, baina "diru bizkorra" ordaindu eta gero. Tolosari buruz, berriz, hileko 1.440 baioneta egin zitezkeela (Soraluzen fusilak baino askoz gutxiago), eta oso garestiak gainera.

    XVIII. mendeko zalditeriarentzako karabina (Zabala 1753)

    Miguel Salvador zuzendari berria (1707-1710)

    1707. urtean Felipe V.ak Miguel Francisco Salvador izendatu zuen Soraluzeko eta Tolosako lantegien zuzendaria. Baina armagintza suspertzeko oztopoa betikoa zen; Salvadorrek esaten zuenez, 750.000 erreal behar zituela lantegiak martxan mantentzeko eta hurrengo kanpainako armak egin ahal izateko, baina 480.000 erreal bakarrik agindu zioten, seguruak ez zirenak. Salvadorrek 9.000 erreal eskatu zituen "jaien aurretik" armagileei zor batzuk ordaintzeko eta modu honetan lasaitzeko. Salvador berak ez zuen esleitutako soldatarik oraindik.

    Egoera gehiago gaiztotzeko, Madrileko Gortean Salvadorren kontrako zurrumurruak zabaldu ziren, lapurreran zelakoan. Baina azkenean Miguel Francisco Salvador zuzendariak frogatu zuen lapurreran ibilitakoak aurreko zuzendari eta agintariak izan zirela. 1709.ko udaberri kanpainarako Felipe V.ak 32.221 suzko arma eskatu zituen, eta 17.581 ezpata. Salvadorrek erantzuna baiezkoa izan zen... dirua izatekotan.

    Krisi urteak (1710-1714)

    1709. urtean uztak ez ziren onak, nekazal krisia sortuz; honek zerga gutxiago biltzea eragin zuen. Beste aldetik, Frantziak soldadu asko erretiratu zuen, eta Felipe V.ak soldadu espainiar gehiago erreklutatu behar izan zituen, gastuak igotzen. Beraz, 1710. urtetik aurrera armagintzarako diru gutxiago izan zen, besteak beste Soraluzeko armagileentzat.

    Hala ere, uztailan Salvadorrek 6.000 fusil Valentziara bidaltzea lortu zuen. Baina urrian beste 10.000 eskatu zioten, eta ezinezkoa izan zitzaion.

    Salvadorren esanetan, bera zuzendaria hasi zenetik (1707-1709) 1.200.000 erreal sor zitzaien Soraluzeko armagileei. Eta Soraluze eta Tolosako Erret Lantegiak martxa onean mantentzeko urteko 2.160.000 erreal behar baziren, hiru urte horietan 2.658.443 erreal erabili ziren. Salvadorrek inoiz garitan edo beste ja,ietan ordaindunizan zituen armak.

    Egoera horretan, ahal zenean armagileek nahiago zuten partikularrentzat lan egitea, Erret Lantegientzat baino; partikilar hauek, gero, armak esportatzen zituzten.

    Soraluzeko ekoizpena murriztu zenean, 1710. urtetik aurrera Frantziatik ekarri izan behar zituzten armak. Hala ere, eta Jose de Grimaldo ministroaren esanetan, Soraluzeko armak nahiago zituen, frantsesak baino merkeagoak eta hobeak zirelako.

    1712. urtean erregeak kudeaketa zuzenari uko egin zion, eta asentistak (azpikontratagileak) erabiltzen hasi ziren.


    Erreferentziak

    1. Espainiako Ondorengotza Gerra. Wikipedia (euskaraz).
    2. Horregatik Felipe V.ak Oin Berriko Dekretuak edo Decretos de Nueva Planta (1707-1716) eman zituen, Aragoiko lurraldeen foruak deusezten.
    3. Honi esker foru sistema gorde zuten, ez zen izan Oin Berriko Dekreturik beraientzat… baina 1717. urtean Felipe V.ak aduanak itsas ertzera ekarri zituen, 1718.ko matxinada sortuz.
    4. Soraluzeko Erret Lantegietarako sarrerak: Burgoseko Cruzada izeneko zerga osoa, Burgos, Palentzia eta Soriako alkabalen zati bat, eta Erresumaren Jaboi Errentaren zati bat.