Historia. Erromatarren garaia (eu)

    Sorapediatik
    Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.
    Karistiarrak eta barduliarrak erromatarre garaian

    Mende askotan pentsatu izan da erromatarrak ez zirela asko sartu itsas aldeko Euskal Herrian (Saltus Vasconum = euskal basoa), haientzat eskualdeak ez zuelako interes handirik eta. Baina XX. mende bukaerako ikerketek frogatu dutenez, inguru honetako eragina ez zen hain txikia izan.

    Inolako duda barik, gaur egun esan dezakegu Soraluzen ere egon, egon zirela.


    Aurretik, historiaurrea

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen


    Karistiarrak eta barduliarrak

    Erromatar geografoen arabera (Estrabon[1], Plinio Zaharra[2], Ponponio Mela[3], Klaudio Ptolomeo[4]...) Soraluze inguruan bi herri edo tribu bizi ziren: karistiarrak[5] (mendebaldean) eta barduliarrak[6] (ekialdean[7]).

    Batzuren arabera Debarroan karistiarrek bizi ziren eta, beraz, Soraluze ingurukoak ere karistiarrak izango ziren. Besteon arabera, aldiz, bi herri hauek Deba ibaia zuten muga.


    Kortazarreko castra aestiva

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
    Lubakien aztarnak Kortazarren (Antxoka Martinez 2016)

    Erromatarren konkista

    Sortu zenetik, Erroma inguruko herriak menperatzen saiatu zen. Hasiera batean Mediterraneo inguruaz jabetu bazen ere, Kristo aurreko I. mendean Atlantikoko itsasertza bereganatzeari ekin zion.

    Ordurako goi lautada eta Ebro harana menperatuta zeukaten Hispanian, eta mende horretan Julio Zesarrek Galia konkistatu zuen.

    Hurrengo urteetan Augusto enperadoreak Hispania osoaren konkista abiatu zuen. Etsai nagusiak kantabriarrak eta astureak zirenez, aurretik inguruko herriak "baketzea" erabaki zuen, gero kantabriarren kontra buru belarri aritzeko (Bellum Cantabricum = Kantauriko gerra, Kristo aurreko 29.tik 19.era).

    Arpotoko kanpamendua[8]

    Orain dela gutxi arte sinistu izan da erromatarrek ez zutela borrokatu bertakoen aurka (Zelatungo guda ele zaharra lekuko[9]), baizik eta bake itunak sinatu zituztela eta, ondorioz, bertakoek soldaduz hornitu zituztela erromatar gudarostea.

    Baina XX. mende bukaeran hainbat aurkikuntza izan ziren (esateko, Arabako Andagosten[10]) Euskal Herrian ere borrokak izan zirela lekuko.

    Eta 2016. urte bukaeran Antxoka Martinez arkeologoak (Aranzadi) Kortazarreko Haitzaren inguruan erromatar gudarosteak eraikitako defensa lerroaren aztarnak topa zituen[11], Gipuzkoan agertu den lehena.

    Ikuspegi orokorra

    Kanpamendua tontorraren inguruan eraiki zuten, eta aldapa leunaren erdian defentsa lerroa; horretarako fossa edo lubakia zulatu eta ateratako lurra goiko aldean pilatu zuten, aggeri edo lubeta bat antolatuz[12]. Lurrezko hesi hartan bi metrotako sudes-ak[13] sartu zituzten, vallum edo egurrezko hesia altzatuz.

    Hesi honen erdialdean atea zegoen. Eta ateburuan, kanpamendu barruan, antzeko beste hesia altzatu zuten, atea babesteko asmoz. Kanpamenduko albo zein atzekaldeetan ez zuten lubakirik ezta lubetarik ere egin, aldapak defentsarako asko laguntzen duelako, eta nahikoa zuten sudes-ekin egindako hesiak: Arkotxa Martinezen esanetan, "(erromatarrek) ez zuten hesirik behar, beraientzako garrantzitsuena etsaia begi bistan izatea zen, modu honetan... lehen bailehen berun-jaurtigaiak habailaz jaurtitzeko".

    Kanpamenduaren erabilera

    Antxoka Martinez arkeologoaren esanetan, kanpamendu honek erakusten du gerra izan zela bertakoen eta erromatarren artean, orain arte uste izan denaren aurka.

    Kanpamendu hau etapako kanpamentua izan zitekeen; baina tokia inongo bide ondoan ez dagoenez, inguruko tribuak zaintzekoa izango zen. Alde honengatik, oso adierazgarria da bere kokapena, karistiarren eta barduliarren tribuen artean.

    Segururena, Kantauriko gerra aurreko urteetan erabiliko zuten, hau da, Kristo aurreko 30. edo 20. urte inguruan. Ez dakiguna zera da, uda bakarrean egon ziren edo gehiagotan.

    Sudes-ak ate inguruan

    Ele zaharra egia bihurturik

    Aurkikuntza honek aspaldiko kontu zaharra berretsi zuen, hau da, Mendigainen erromatar kokagunea izan zela, eta Muskiritsu mendiaren izena latinezko Mons Quiritumetik etor zitekeela.

    1922 urtean Julio de Urquijok artikulu bat[14] argitaratu zuen, Juan Antonio Mogelen[15] Leloren kantuari buruzko izkribu batzuk aztertzen. Izkribu horietan, besteak beste, Mogelek zioen:

    (Elezahar hori) Mosquirichu Mons quiritum izenaren usteldura dela dioen tradizioan oinarritzen bada, gerta liteke erromatarrak Debatik etorri izana, aipatutako mendira igo eta izen hori ematea.[16]


    Soraluze erromatar bide sarean

    Erromatar Inperioaren hedatzeak errotik aldatu zituen konkistatutako herrietako gizarte egiturak eta bizimodua, baina ez maila berean.

    Hispaniako iparraldeko herriak, esateko, nahiz eta Kristo aurreko I. mendean konkistatuta izan (Soraluze tarteko), IV. mendean oraindik ekonomia eta gizarte egitura atzeratuagoak, zaharragoak, zituzten[17]. Ez zegoen hiri garrantzitsurik erromanizazioari bidea irekiko zionik; erromatarrek beraiek sortu zituzten hiriak, gehienetan bide eta galtzada alboetan.

    Saltus Vasconum

    Erromatar geografoek bitan sailkatu zuten oraingo Hego Euskal Herria: Ager Vasconum (Baskoien zelaia, Araba eta Nafarroako lurrak, nekazaritzako aproposak) eta Saltus Vasconum (Baskoien basoa, Ipar Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiako lurrak, nekazaritzako zailak).

    Soraluze ingurua Saltus Vasconum esparruan kokatzen zen; hau da, nekazaritzarako eskas, abeltzaintzarako hobea eta, azken finean, jende gutxi bizi zen eskualdea.

    Via Ab Asturica Burdigalam

    Antonino enperadorearen Ibilbideak[18] hainbat erromatar bide jasotzen ditu, horietako bi Euskal Herrian: Astorga-Bordele eta Astorga-Tarragona (Ebro harana). Bide hauek esparru aberatsenak lotzen zituztenez, Ager Vasconum-etik pasatzen ziren.

    Euskal Herria zeharkatzen zuen bide nagusia Astorgatik Bordelerainokoa zen (A-34: Via Ab Asturica Burdigalam[19]), mendebalde-ekialde norabidean. Merkataritza eta garraio norabide nagusi hau, mendebalde-ekialdea, beste hamar mendeetan gorde zen, tartean Santiobideari hasiera emanez.

    Astorgan hasita, Virovescatik (Briviesca) aurrera etapak[20] hauek ziren: Vindeleia (Pancorbo), ​​Deobriga (Miranda ondoan), Beleia (Iruña-Veleia), ​Suessatio (Arkaia), ​Tullonio (Agurain), Alba (San Román de San Millán), Aracaeli (Uharte-Arakil ondoan), ​Alantone (Atondo), ​Pompelone (Iruña), Turissa (Auritze), ​Summo Pyreneo (Ibañeta), Immo Pyreneo (Donazaharre), Carasa (Garrüze), Aquis Terebellicis (Akize)... eta hemendik Bordelera.

    (handitzeko, sakatu gainean)

    Kostako portuak eta Via Agrippa

    Lehorreko bidearen paraleloan, eta Hispania osoa konkistatuta, erromatarrek aurki sortu zuten itsasoko bidea ere, itsasertzeko herrietara lehorreko bidea baino azkarrago zelako. Baina kabotajeko[21] bidea izanik, bidaiak egin ahal izateko portu asko sortu zituzten: Lapurdum (Baiona), Oiearso (Irun), Morogi, Menosca (Zarautz), Vesperies, Tritium Tiboricum (Astigarribia), Forua, Flaviobriga (Castro Urdiales)...

    Gehienak oppida[22] ziren, oso txikiak. Baina batzuk polis[23] edo civitas ziren: Lapurdum, Oiasso, Tritium Tiboricum, Flaviobriga...

    Herri hauek elkarrekin lotzen zituen bidea ere zabaldu zuten erromatarrek: Via Agrippa[24]. Baina merkataritza itsasoz mugitzen zen, azkarrago eta merkeago zelako.

    Iruña-Veleiatik Tritium Tiboricum-erako galtzada

    Tarteko bideak

    Via Ad Asturica Burdigalam eta kostako portuak lotzeko bigarren mailako bideak zabaldu edo berrerabili ziren. Horietako, euskal mendiak zeharkatu behar ziren, puntu egokienak bilatuz.

    Arabako lautadatik bi bide heltzen ziren Tritium Tiboricum[25] porturaino (Deba ondoko Astigarribian edo Mutrikun[26]). Lehena Veleiatik[27]abiatzen zen eta Krutzeta mendatetik (697 m) pasatzen zen, Arrasate ingururaino. Bertan bat egiten zuen Suessatiotik[28] zetorrenarekin; azken bide honek Arlaban mendatea (598 m) erabiltzen zuen.

    Arrasatetik Bergarara lehen, eta Deba ibaiaren eskumako ertzetik Osintxuraino, hemen ezker ibaiertzera pasatzeko. Soraluzera heltzerakoan, Ibaizabal ibitik beste aldera pasatzen zen, gaur eguneko Zubi Nagusia dagoen inguruan. Hortik aurrera Ezozia eta San Roketik Elgoibar aldera heltzen zen, eta handik Tritium Tiboricum porturaino.

    Berez, bidea zaharragoa izango zen, baina erromatarren garaian askoz erabilera handiagoa izango zuen, lehorreko eta itsasoko bide garrantzitsuak lotzen zituelako. Erromatarren bide nagusi hau erabili izan da XVIII mendearen bukaera arte, Maltzagako sakonuneko bide berriak eraiki arte.

    Bide honetaz gain beste tarteko bide batzuk ere baziren: Tullonio edota Albatik Lizarrateraino (San Adrian, 1.050 m) igotzen zena, handik Oria ibaiaren barrena sartzeko. Honen adar bat Urbiaren barrena abiatzen zen, Debarrora jeisteko (1971.eko apirilean Oltzako artzain-txabola batean erromatar aldare harria topa zuten[29]).


    Soraluze erromatarren garaian

    Kortazarreko Haitzan ezarritako castra aestivaz gain, ez da Soraluzen erromatarren bestelako aztarnik topa.

    I. eta II. mendeak

    Aurreko mendeetan moduan, bizibideak abeltzaintza eta nekazaritza izango ziren (azken hau oso urria, hala ere). Gainera, eta merkataritzari lotuta, oso litekeena izango zen Ibaizabal ibi ondoan (geroko Soraluzen) herrixka bat garatzea, bidaiari zein garraiolariei zerbitzuak emateko.

    Honetaz gain, eta Saltus Vasconum oso emankorra ez zenez, bertako gazte askok erromatarren legioetan izena eman zuen. Euskal jatorrizko hamar bat kohorte ezagutzen dira[30]. Esateko, Eskoziako mugan koarteleratuta Cohors I Vardollorum egon zen[31], hasiera batean barduliarren artean bildua; edo Cohors II Hispanorum Vasconum civium Romanorum, Afrikan urteetan aritu zena. Bi kohorte hauetako gudariek erromatar hiritartasuna zuten.

    Baina Soraluze inguruko gazteek, karistiarrak zirenez, Cohors Carietum eta Veniaesum izenekoan emango zuten izena. Carieti hauek karistiarrak ziren, Deba arroan eta Durangaldean bizi zirenak. Eta Veniaesi-ak hegoaldeko auzoak ziren, Veleia ingurukoak. Kohorte honen soldaduek ez ziren erromatar hiritarrak.

    III. mendeko krisia

    Kristo osteko III. mende erdialdean erromatar inperioa indarra galtzen hasi zen. Ekonomia gero eta ahulagoa zegoenez, eragin handia izan zuen inperioaren ertzetan, Soraluze moduko esparrutan.

    Bide nagusietako merkararitza asko ahulduta, eta bigarren mailako bideetakoa are gehiago. Ondorioz, bideetako mansio, ostatu eta enparauak lur jota geratu ziren, tartean Ibaizabal ibi ondokoa.

    Beste aldetik, emigratzeko aukerak ere estutu ziren. Ez zen samurra Ager Vasconum-eko villae-tan lana topatzea, ekoizpena kanpora saltzea ezizezkoa zenez, irauteko lain ekoizten zuten (autokontsumoa), eta ez zuten langile berrien premiarik.

    Beraz, bizimodua asko estutu zen, tarrean gosea ere ekartzen.

    Bagaudae erromatar zutabe bati erasotzen (Giuseppe Rava)

    Bagaudae

    Ondorioz, Saltus Vasconum-ek presio demografiko handia sufritzen hasi zen: aurreko ekoizpen eskasa eta aho gehiegi. Aurrera egiteko janaria nunbaitetik jiratu behar, eta gertueneko tokira jo zuten lapurretan egiteko: Ager Vasconum-era, hain zuzen. Matxinatu hauei bagaudak[32] esaten zioten, eta gehien bat Galia, Alpeak eta Hispania parajetan sortu ziren.

    Lehen matxinada 269. urtean piztu zen, eta Diokleziano enperadoreak 285.ean suntsitu zuen. Hurrengo urteetan noizean behin lehertzen ziren matxinada berriak, eta inbasio germaniarrekin batera aritu ziren gogorren.

    Soraluze inguruko biztanleek, seguru asko, gainontzekoen patu berea izango zuten: merkataritza desagertuta, artzaintza eta nekazaritzaren emaitza urriak, soldadu joateko aukerarik ez, gosea eta, azkenik... Araba, Nafarroa eta Errioxa aldera pasa behar lapur bilakatuta.


    Averiguaciones de las antiguedades de Cantabria

    ...eta erromatar ele zahar gehiago

    2016. urtean Kortazarreko Haitzan egindako aurkikuntzek aspaldiko ele zaharra berretsi zuten, baina badira beste batzuk oraindik demostratu gabekoak. Berpizkunde garaian Erroma eta erromatarrak modan jarri ziren, eta haiekin lotzeko arrastoen bila jarri ziren ikerlariak zein herriak. XVII. eta XVIII. mendeko historialariek beste hiru aldiz, gutxienez, lotu zuten Soraluze erromatarrekin.

    Gabriel de Henaok, Averigvaciones de las antigvedades de Cantabria liburuan (1689) bi aipamen jaso zituen.

    Lehena Esteban de Garibai arrasatearrak idatzia. Honen arabera, Soraluze erromatarrek sortu omen zuten; zehazki, Extremadurako ambraciatarrek Gipuzkoara etorri eta bertan Placencia izeneko hiria sortu omen zuten; eta mila urte geroago, musulmanek jatorrizko Ambracia desegin zutenean soraluzetarrak Extremadurara itzuli ziren Ambracia birsortzera, eta Plasencia[33] izena jarri zioten.

    Bigarren aipamena, berriz, Iosef Pellizer-ena da, Tritium Tiboricum Gipuzkoako Soraluzen zegoela idatzi zuela, eta ez Debako Astigarribian. Dena dela, badaude beste teoria batzuk Tritium Tiboricum kokatzeko: Mutriku, Arrasate, Errenteria, Naxera, Valle de Tobalina...

    Azkenik, La Cantabria vindicada (1779) liburuan, Joseph Hippolito de Ozaetak Egotza baserriaren aipamena egiten du, Egossa eta Egoza erromatarrek erabilitako izenak zirela esaterakoan. Gogoratu behar da Egotza oso kokapen egokia duela Deba bailara zelatatzeko.

    Hauek denak ele zaharrak dira, hirurehun edo larehun urte besterik ez dituztenak, eta oso oinarri ahulak. Baina, batek daki inoiz ele zahar horietako bat ez den egia bihurtuko, Mons Quiritum, Muskiritzu eta erromatar kanpamentuarekin moduan!


    Eta ostean, mundu baten gainbehera

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen


    Erreferentziak

    • Bertan 17. Erromatar garaia. Mertxe Urteaga (Donostia 2017).
    1. Estrabon. Wikipedia (euskaraz).
    2. Plinio Zaharra. Wikipedia (euskaraz).
    3. Ponponio Mela. Wikipedia (euskaraz).
    4. Klaudio Ptolomeo. Wikipedia (euskaraz).
    5. Karistiarrak. Wikipedia (euskaraz).
    6. Barduliarrak. Wikipedia (euskaraz).
    7. Hau da, Gipuzkoan. Hortik Gipuzkoaren leloa: Fidelissima Vardulia, numquam superata (Vardulia txit fidela, inoiz ez gainditua).
    8. Arpoto. Kortatzarreko haitzaren (ez horren) aintzinako izena.
    9. Tradiciones Vasco-Cántabras. Juan Benantzio Arakistain (Tolosa 1866).
    10. Andagosteko gudua. Wikipedia (euskaraz).
    11. Karakate mendia. Antxoka Martinez (Aranzadiana 2016).
    12. Lubeta. Lurreko hesia, mendoitza edota ezponda moduan ere ezagutua.
    13. Sudes. Erromatar soldaduek beraiekin zeramatzaten hesolak, normalean bi.
    14. La Crónica Ibargüen-Cachopín y el Canto de Lelo. Julio de Urquijo e Ibarra (RIEV Revista internacional de los estudios vascos = Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria, 13 alea, 3.zbk. 458-282 orr.)
    15. Juan Antonio Mogel. Wikipedia (euskaraz).
    16. Si (la leyenda) se funda en alguna especie de tradición, que ha quedado, de que Mosquirichu es corrupcion de Mons quiritum, pudo suceder que viniendo los romanos por Deva suviessen a dho monte y le diesen tal nombre.
    17. Sobre los origenes sociales de la Reconquista. Abilio Barbero eta Marcelo Vigil (Ariel 1974)
    18. Antoninoren Ibilbidea. Wikipedia (euskaraz).
    19. Ab Asturica Burdigalam. Wikipedia (euskaraz).
    20. Etapa. Egunean egin daitekeen bidea. Hasiera eta bukaeran mansio edo ostatua zegoen.
    21. Kabotaje, itsasertzean zehar egindako nabigazioa da, gau guztiak portu batean emanda. Lehorreko bidaien paraleloa da, baina mansio batetik bestera ibili beharrean, portu batetik bestera.
    22. Oppidum. Kastro edo herri harresitua.
    23. Polis (grekoz) edo civitas (latinez). Hiria.
    24. Ez da nahastu behar Galiako Via Agrippa-ekin, askoz garrantzitsuagoak, Lugdunum (Lyon) lotzen zutela hainbat hiriekin, besteak beste Burdigala (Bordele).
    25. Tritium Tiboricum. Wikipedia (euskaraz)
    26. Mutriku izena Tritium Tiboricum-etik omen dator.
    27. Iruña-Veleia. Wikipedia (euskaraz)
    28. Suessatio. Wikipedia (euskaraz).
    29. Batzuk diotenez, 30 kilotako aldare harria artzainak berak igo omen zuen Arabako Galarretatik...
    30. Los "vascos" en el ejército romano. A. Garcia y Bellido (Fontes Linguae Vasconum 1969).
    31. 1.000 bat soldaduk osatua, 760 oinezko eta 240 zaldizko.
    32. Bagaudak. Wikipedia (euskaraz).
    33. Plasencia. Wikipedia (euskaraz).