Irureko plaza (eu)

    Sorapediatik
    Irureko plaza (Kontrargi 2002)

    Azalpen orokorrak

    Irureko plaza izen bereko bailararen gunea da, ipar-mendebaldeko muturrean kokatzen dena.

    Illordogaña eta Iruregañaren azpian dago, Eibarko mugetan. Nahiz eta inguruak oso aldapatsuak izan, Irureko plaza laugune eder batean dago.

    Bertako toponimoak, Irurek, izena eman zion: Irureko plaza, edo Irure, besterik gabe. Azkenean izen bera bailara osoa izendatzeko erabiltzen da, baina izen osoa beti: Irure bailara.

    Soraluzeko gune zaharrenetakoa da. Bertan bi baserri daude: Irure Hamengua eta Irure Handikua; pixkat gorago, San Esteban ermita.

    Badira beste bi baserri oso gertu, Illordo eta Intxausti, baina ez daude Irureko plazan bertan.


    Kokapena

    Mapa kargatzen...


    Eraikinak

    Eraikina 1980 aurrekoak 2002
    Irure Hamengua
    Irure Zaharra
    Irure Hamengua baserria. Ikuspegi orokorra 01 (Juan Carlos Astiazarán 1979).jpg Irure Hamengua baserria. Ikuspegi orokorra 01 (Kontrargi 2002).jpg
    Irure Handikua Irure Handikua baserria. Ikuspegi orokorra 01 (Juan Carlos Astiazarán 1979).jpg Irure Handikua baserria. Ikuspegi orokorra 01 (Kontrargi 2002).jpg
    San Esteban ermita San Esteban ermita (Irure). Ikuspegi orokorra 02 (Indalecio Ojanguren 1943).jpg San Esteban ermita. Ikuspegi orokorra 01 (Kontrargi 2002).jpg

    Illordo Illordo baserria. Ikuspegi orokorra 01 (Juan Carlos Astiazarán 1979).jpg Illordo baserria. Ikuspegi orokorra 01 (Kontrargi 2002).jpg
    Intxausti Intxausti baserria. Ikuspegi orokorra 01 (Juan Carlos Astiazarán 1979).jpg Intxausti baserria. Ikuspegi orokorra 01 (Kontrargi 2002).jpg


    Irureko plaza. Atzekaldean, Arrate (J.C. Astiazarán 1979)

    Sorrera

    Garai batean Irure oso leku estratejikoan zegoen. Soraluzeko hiribildua sortu baino lehen (1343 urtea) Ibaizabaleko ibia (eta zubia, gero) komunikabide lotunea garrantzitsua zen[1]: erregebide nagusia, Gasteiztik itsasorainokoa, Deba ibaiaren ezkerretik zetorren eta Soraluze parean eskumara pasatzen zen, San Roketik Elgoibar aldera joateko. Eta Eibar (eta Bizkaia) aldera jotzeko, bideak gora egiten zuen Irure ingururaino eta handik Azitainera jaitsi.

    Juan López de Unzueta eibartarrak 1594. urtean argitaratutako liburu batean ematen du XII mendean Irure nola sortu zuten, zehaztasun osoz[2]. Unzuetak kontatzen duenez, Nafarroako Santxo VI.a “Jakintsuaren” garaietan (1150-1194), beronen lehengusu bat, Don Celinos de Unzueta, erregearen haserretu eta Irurera aldatu omen zen bizi izatera bere ganadu–sail ugari eta bere morroi taldeekin. Gogoratu behar da garai haietan lurralde osoa mugan zegoela[3] eta bertako herriak berrehun urte geroago sortu zirela.

    Don Celinos jaunak jasotako etxea Irure Hemengua baserria izango zen, Irure Zaharra ere esaten zaio eta. Irure Handikua, jauregi estilokoa, XIV mendean egin zuten. Hala ere, Iruretarrek armarriak jartzerakoan Irure Zaharrari berea erantsi zioten, jatorrizko etxea bera zela eta.

    San Esteban ermita ere oso aintzinakoa da, ertarokoa. Pentsatzekoa da Irureko jaunaren babespean egongo zela hau ere.


    Kontuak

    Irure Hamenguako armarria
    (Kontrargi 2002)

    Santxo Jakintsuaren garaiko zezenketa[4]

    Irure gainek zezenketen inguruko gertakizuna ere harrigarria da benetan. Adituen arabera, Bizkaia eta Gipuzkoan egin den lehenengo zezenketa izan daiteke Irurekoa. Gorago aipatutako Juan López de Unzueta eibartarraren liburuan, Don Celinoz Iruren bizi zela, garai hartan Gipuzkoa osoko eta Bizkaiko lur zati handieneko nagusi zen Santxo VI.a Erregeak, Gipuzkoako lurrak eta lehengusuaren bizi-lekua bere begiz ezagutzeko asmoz, Don Celinoz lehengusua bisitatu omen zuen. Honek haragi-jan eta otordu oparo batez hartu omen zuen errege nafarra, eta otorduaren ostean, zezenketa bat eskaini omen zion bere omenez. Zezenketan bi zezen toreatu omen zituzten, eta ondoren hil, erregearen txakurrek jan zitzaten.

    Herrian Irure abizenaren hiru armarri gordetzen dira, bertan istorio honen aztarnak erakusten direla: Nafarroako armarriak, toreatutako zezenak eta beraiek jan zituzten txakurrak: bi Irureko plazan bertan, eta hirugarrena Arregia jauregian.

    1936-37ko gerra

    Soldaduak atsedenean (1937)

    Irureko plazak oso gertu dauka Iruregaña izeneko tontorra. Gain hau, bere altueragatik eta Eibar, Elgoibar eta Soraluzeri gaina hartzen dietelako, kokapen estrategikoa izan da azken gerrateetan. 1936ko gerran esaterako, Gudaroste Errepublikarrak Irure eta Illordo baserri inguruetan kokatu zituen Batallón Baracaldo Martínez de Aragón-eko soldaduak.

    Besteak beste, San Esteban irudia erre zuten (agian Soraluzek zuen irudi zaharrena, ertarokoa), eta aldarearen zati bat ere.

    Jaiak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Irureko (plazako) jaiak abuztuaren lehenengo egunetan ospatu izan ohi dira, Ama Birginaren Zeruratze jaiaren ondorengo igandean. Auzoan gero eta jende gutxiago bizi delako edo, beheranzko bidea hartu zuten eta 2003. urtetik ez da jairik antolatu.

    Mugarria

    Eibar eta Soraluze arteko mugarri gertuenak Irureko plaza dauka izena.


    Erreferentziak

    1. Maltzagako lotunea XVIII mende bukaera eta XIX mende hasieran egin zuten.
    2. Soraluze. Monografía histórica. (22, 220 eta 280 orrialdeak)
    3. Markinako merindadea, marka = muga.
    4. Soraluzeko baserriak. (97. orrialdea)