Lardizabal sendia (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 15:36, 8 apirila 2023
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)

    XVIII. mendean Ordiziako Lardazabal Oriar familiakoek oso rol garrantzitsua izan zuten Soraluzeko Erret Lantegietan, 1742-1794 urtetan hiru belaunaldiko maiorazgoek zuzendari postua bete zutelako.

    Honetaz gain, laugarren belaunaldiko maiorazgoak, Jose Javier de Lardizabal jaunak, oso ibilibide arrakastatsua egin zuen armadan, jenerala izatera helduz.


    XVIII. mendeko asentista: Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia

    Caracasko Gipuzkoar Konpainia. Sorrera agiria
    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Soraluzeko Erret Lantegiek erabiltzen zituzten "asentista" edo bitartekari sistemak hainbat puntu ahul zituen.

    Erregeak asentistari pasatzen zion arma eskaera, honek gremioekin prezioak eta datak gremioekin adosten zituen, eta diru zati bat aurreratzen zien. Armak bukatuta, Soraluzerik bidaltzen ziren eta, teorian, erregeak asentistari ordaintzen zion eta honek gremioekin zorrak kitatzen zituen. Baina erregeak gero eta beranduago ordaintzen zuen eta, beraz, gremioek ez zuten eskaera berririk ordaintzen aurrekoak kobratu gabe. Ondorioz, XVIII. mende hasieran egoera ez zen gozoa.

    1728. urtean Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia eratu zenean, Juan Francisco de Azpiazu orduko asentistarekin harremanetan hasi zen; eta urte batzuk geroago, 1735.eko irailean, Miguel Antonio de Zuaznabarrek konpainiarentzat hurrengo bederatzi urterarako "asiento" edo eskaera berria lortu zuen: urteko hamalau mila fusil beren baionetekin.

    Jardunean iraun zuen bitartean (1784 arte), Konpainiak Soraluzeko Erret Lantegien asentista izan zen. Hurrengo hamar urteetan (1784-1794), haren ondorengoa zen Filipinetako Errege Konpainia izan zen asentista berria

    1742. urtean Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiak Juan Francisco de Lardizabal y Oriar izendatu zuen Erret Lantegien zuzendaria. Hurrengo 52 urteetan Lardizabal Oriarren hiru belaunaldik ardura hau hartu zuten: Juan Francisco, Jose Antonio eta Jose Maria. Laugarren belaunaldiko Joseph Xabierrek,berriz, ibilbide oparoa egin zuen armadan.


    Fusil giltza (1753)

    Juan Francisco de Lardizabal Oriar

    Juan Francisco de Lardizabal Oriar[1] Ordizian jaio zen (1699). Oriar-eko jauna izan zen.

    1715. urtean Magdalena Eulalia de Arza y Altube andrearekin ezkondu zen, Ordizian. Zazpi seme-alaba izan zituzten, eta horietatik hiru (Jose Antonio, Francisco Javier eta Domingo Ignacio) Madrila bidali zituzten, Andrés de Otamendi eta Esteban de Abaria e Imazordi ordiziar lagunengana, bartan hazteko eta hezteko.

    Juan Franciscoren ibilbide profesionala Aralarreko kobrezko meategietan hasi zen, diruzaina. Eta 1742. urtean Soraluzeko Erret Lantegien zuzendaria izendatu zuten. 1745. urtean Maria Teresa infanta Parisera lagundu zuen ordiziarren eskuadroia agindu zuen.

    1753.eko apirilean armak egiteko asientoa armadarekin berriztu zuten, bai suzkoak (Soraluze) zein zuriak (Tolosa). Armen ekoizpena bermatzeko, itun berrian armagileen hornitzaileei lehentasuna aitortu zieten ikatza eta egurra erosteko orduan.

    Urte hartan bertan osasuna okertu zitzaion, eta Madrilen bildutako Caracasko Konpainiaren batzar orokorrak bere seme zaharrena Jose Antonio izendatu zuen zuzendari berria.

    Juan Franciscoren ekarpena bikoitza izan zen. Alde batetik, arma ekoizpena igo zen Soraluzen (suzko armak) zein Tolosan (arma zuriak). Bestetik, armagileek eskaera egonkorrak jasotzeaz gain, sasoian kobratu zituzten.


    Karabina baten giltza (Zabala 1753)

    Jose Antonio de Lardizabar Oriar y Arza

    Jose Antonio de Lardizabar Oriar y Arza[2] Ordizian jaio zen (1724), Gurasoak Juan Francisco de Lardizabal y Oriar eta Magdalena Eulalia de Arza y Altube izan ziren. Oriar-eko jauna eta Arzako maiorazgoa izan zen.

    Gaztetan, Madrila bidali zuten bere bi anaiekin, Andrés de Otamendi eta Esteban de Abaria e Imaz ordiziarrengana, administrazioaren zirrikitu eta gorabeherak ezagutzeko.

    Ordiziara itzulita, 1753. urtean Caracasko Konpainiak Soraluzeko Erret Lantegien zuzendari izendatu zuen, aita ordezkatuz. Hiru urte geroago, 1756. urtean, María Ignacia Antonia de Olloqui y Hormaechea andrearekin ezkondu zen, Tolosan.

    Erret Lantegiak zuzendu zituen urteetan (1753-1779) aldaketa eta hobekuntza asko izan ziren. 1753ean asiento berria sinatu zen, eta honekin batera armagileak eta gremioak kontrolatzeko arau estuagoak etorri ziren. Paraleloan, Arrasateko altzairu ekoizpena bultzatu zuten, oso lehengai bikaina zelakoan.

    Arma ekoizpena hazteaz gain, urtero urtero beraien ezaugarri teknikoak hobetu ziren estandarizatzeko asmoz: 1579an fusilen eta pistolen behin betiko arautegia sortu zuten, Carlos IIIk armada berritzeko planaren barruan.

    1761.ko kontratua ere, zazpi urtekoa, Gipuzkoako Errege Konpainiak irabazi zuen. 1768. urtean asientoa bukatu zenean, berritu egin zen ezer egokitu gabe. Jose Antonio zuzendari jarraitu zen hil arte (1779), eta orduan Jose Maria seme zaharrenak ordezkatu zuen.

    Jose Antonioren urteak oso oparoak izan ziren, batez ere azkenak: 1775 eta 1777 artean erregeak eskaera bereziak egin zituen, armak Puerto Rico, Nueva España, Margarita, Perú, Chile, Santo Domingo, Maracaibo eta Napolesera bidaltzeko.


    Zalditeriarentzako pistola (Arluciaga 1789)

    Jose Maria de Lardizabal Oriar y Olloqui

    Tolosan jaio zen (1757) Joseph Maria Xavier Juachin Antonio de Lardizabal Oriar y Olloqui[3]. Gurasoak Jose Antonio de Lardizabar Oriar y Arza eta María Ignacia Antonia de Olloqui y Hormaechea izan zituen. Oriar-eko zein Arza-Senpereko jauna izan zen. Maria Manuela de Marticorena Alday andrearekin ezkondu zen, eta zazpi seme-alaba izan zituzten, Joseph Xabier Tolosan (1777) eta Soraluzen gainontzekoak: Francisca Thomasa (1779), Manuela Josefa Andresa (1780), Maria Juaquina Xaviera (1784), Juaquin Maria Francisco Paulo Donato (1786), Manuel Maria Francisco (1788) eta Maria Athanasia Paula (1780).

    1777. urtean Tolosako Erret Lantegiaren (arma zuriak) ordaintzailea izandatu zuten.

    Bi urte geroago, Jose Antonio bere aita hil zenean, Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiak Soraluzeko Erret Lantegien zuzendaria izendatu zuen.

    1779. urte hartan, eta Caracasko Gipuzkoar Konpainiak bultzatuta, Euskalerriako Adiskideen Elkarteak[4] marrazki eskola zabaldu zuen Soraluzen, langileen hezkuntza hobetzeko asmoarekin. Gogoratu behar da Jose Maria de Lardizabar Elkarteko bazkidea zela.

    Urte hartan bertan ere Ingalaterra kontrako gerra sortu zen, arma premia berriak sortuz. Bestalde, itsasoz bestaldeko merkataritza arautegia errotik aldatu zen, Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren gainbehera hasiz.

    Hala ere, 1782.ean Konpainiak asientoaren luzapena eskatu eta lortu zuen, prezio altuagoekin... baina bi urte geroago porrot egin zuen.

    Armagileak kezkatuta, biziraupena bermatzeko indarrean zeuden kontratuei eustea eskatu zuten. Horregatik, Filipinetako Errege Konpainiak denen kargu egin zen eta Jose Maria de Lardizábal Oriar Soraluzeko Erret Lantegien zuzendari mantendu zuten Konpainia hau itxi arte (1794). Urte zail guzti hauetan armagileen alde saiatu zen, egindako lanak ahal zen lehen bailehen ordainduz.

    Zuzendari lanak bukatuta, Carlos III Ordenaren zalduna egin zuten. Hurrengo urteetan politikan aritu zen, eta 1808. urtean Baionara bidali zuten, Gipuzkoaren ordezkari, Espainiarako prestatzen ari ziren konstituzioan Gipuzkoako interesen alde egiteko. Zehazki, foruak bermatzeaz gain, besteak beste Soraluzeko eta Tolosako arma lantegiak babesteko eskatu zion Jose I Bonaparte errege berriari.

    Gainontzeko euskal ordezkariekin batera nolabaiteko arrakasta izan zuten, Baionako konstituzioan foruen eztabaida geroko laga zuten eta.

    Madrilen hil zen 1814an.


    Landa mariskalaren uniformea

    Joseph Xabier de Lardizabal Oriar y Martinicorena

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Gurasoak Josef Maria de Lardizabal Oriar y Olloqui eta Maria Manuela de Marticorena Alday izan ziren. Joseph Xabier de Lardizabal Oriar y Martinicorena Tolosan jaio zen (1777/09/04), urte hartan aita bertan hasi zen lanean eta.

    Bi urte geroago (1779) aita Soraluzeko Erret Lantegien zuzendaria izendatu zuten, eta familia bertara etorri zen bizi izatera. Soraluzen pasa zuen gaztaroa, eta agian horregatik bere zerbitzu orriak Soraluzen (Gipuzkoa) jaio zela adierazten du.

    Oraindik hamasei urte bete gabe, kadete bezala sartu zen armadan (1793). Frantziako Konbentzio gerran alferez izendatu zuten (1794), eta hurrengo urtean tenientea.

    1796-1797 urteetan Gibraltarren aurkako setioan parte hartu zuen, eta 1801.ean Portugalen aurkako Naranjen Gerra laburrean parte hartu zuen, bigarren laguntzaile izatera igoz.

    1807.an Portugalen inbasioan eta okupazioan parte hartu zuen, baina Espainiako Independentzia gerra sortu zenean Napoleonen kontrako armadan parte hartu zuen, batez ere Andaluzia inguruan, igoerak bata bestearekin lotzen: jeneralaren laguntzaile (1808), lehen laguntzaile (1809), kapitain (1809) eta landa mariskal (1811).

    Valentzia defendatzera bidali zuten, baina frantsesek hiria hartu eta Vincennes gazteluan preso izan zuten (1812-1814). Espainiara oso egoera makalean itzulita, gutxira Madrilen hil zen (1814).


    Erreferentziak

    1. Juan Francisco de Lardizábal Oriar. Monserrat Gárate Ojanguren (Real Academia de la Historia).
    2. José Antonio de Lardizábal y Arza. Monserrat Gárate Ojanguren (Real Academia de la Historia).
    3. Jose Maria de Lardizábal Oriar y Olloqui. Monserrat Garate Ojanguren (Real Academia de la Historia).
    4. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Wikipedia (euskaraz).