Larreategiko zubiak (eu)

    Sorapediatik
    Larreategiko zubiak
    Larreategiko zubia 05. Deba ibaiaren gainetik.jpg
    Ibaia Deba
    Urtea 2003
    Mota Porlanezkoa
    Luzeera 495 m
    Zabalera 11,70 m x 2
    Altuera 77 m
    Erabilera Autobidea


    Azalpen orokorrak

    Zubi hauek Eibar-Gasteiz autobidearen parte dira.

    Larreategiko zubiek 495 metro dituzte, 77 metroko altura eta zutabeen arteko 90 metrotako tarteak. Berez, bi zubi paralelo dira, norabide bakoitzeko bi errai dutela, nahiz eta hiru errai sartzeko prestatuta egon. Maltzagatik etorrita, Deba ibaiaren eskumaldetik, Larreategi baserriaren parean autobidea ibaiaren bestekaldera pasatzen da, Eitzako tuneletaraino.

    Zubiak 2003 urtean zabaldu zituzten, Maltzaga - Bergara (iparra) tartearekin batera.

    (handiago ikusteko, gainean sakatu)


    Kokapena

    Mapa kargatzen...


    Eraikuntza

    Eibar-Gasteiz autobidea egiten ari zirela, zubiak oso modu desberdinetan eraiki zituzten. Larreategikoa egiteko, esateko, hegalgaineko eraikuntza[1] teknika erabili zuten.

    (handiago ikusteko, gainean sakatu)

    Teknika honek ez du enkofraturik erabiltzen, aurreprestatutako dobelak baizik. Larrearegiko zubien kasuen, porlanezko dobela hauek 3 metrotako zabalera zuten, eta gutxi gorabehera 40 toneladakoak ziren.

    Lehenik eta behin zutabeak altzatzen dira, eta zutabearen gainean giltzarria jartzen da, aurreprestatua hau ere. Ostean, alde bietako lehen dobelak lotzen dira elkarrekin, giltzarriaren zehar, altzairuzko kableak erabiliz. Gero, bigarren dobelak, hirugarrenak... eta multzoa T handi baten itxura hartzen ari da, airean dituela hegal luzeak (hortik hegalgaineko eraikuntza izena).

    Sistema bera egiten da zutabe guztietan. Ondoko bizutabeen hegalak bukatuta, bien arteko azken dobela bere lekuan jartzen da. Behin zubiaren dobela guztiak bere lekuan, elkarri eusten diote eta altzairuzko kableek ez dute lanik egiten.

    Sistema honek eragin gutxiago dauka ingurugiroan, eta zutabeen arteko distantzia oso handiak ahalbidetzen ditu (90 metro Larrearegiko zubietan). Dena dela, lana egoera estuan egiten denez, oso kalitate kontrol zorrotzak eskatzen ditu.

    Zubi bateko dobelak askatuta (2003)

    Istripua

    2003eko urtarrilak 8an, arratsaldeko ordu batean, 4. zutabeko hiru dobela askatu ziren: 70 zm behera egin zuten, baina ez ziren erori, zintzilik geratu ziren.

    Gerora Iñigo Puente irakasleak egindako ikerketak erakutsi zuenez[2], dobela baten barne tutuak, kableak pasatzeko erabiltzen dena, larregizko kurbatura zuen, eta seguritate koefizienteak estuegiak ziren. Kableak, berriz, ez ziren kaltetu, bestela dobelak eroriko ziren lurrera. Akatsa porlanean izan zen, edota porlana eta kableak lotzen zituen sisteman.

    Modu berean, azterketa horretan zubiak ez zuela erortzeko arriskurik ondorioztatu zen. Gainera, eta eraikuntza sistemari esker, behin zubia bukatuta sortutako arazoa desagertuko zen.

    Eragina

    Bada ezpada, Aldundiak GI-627 errepidea moztu zuen, erortzeko arriskua zegoelakoan (dobelak, zutabeak... zubi osoa).

    Eibarrera joateko Sagar-errekatik gora joan behar zen, edo Bergara eta Elgetatik. Elgoibarrera edo Mendarora joateko, berriz, Elosutik eta Azkoitiatik. Hamabost minutuko bidaiek ordubetetik gora hartzen zituzten, honek dakartzan kalteekin.

    Arazo hauek ez zuten luze iraun. Behin egitura egonkortuta eta Iñigo Puentek egindako azterketan zubia ez zela eroriko egiaztatu zenean, errepidea astebetera zabaldu zuten atzera.

    Konponketa

    Behin zubia egonkortuta, ez atzera ez aurrera geratu zen hainbat hilabeteetan. Zubi paraleloarekin jarraitu ziren, sistema berebra erabiliz.

    2003 urteko abenduan Maltzaga-Bergara tartea zabaldu zuten, baina zubi bakarra erabiliz.

    Orduan ekin zioten matxuratutako zubiari, eta 2004 urteko bigarren erdian zabaldu zuten.

    Kaltetutako zubia konponbidearen zain (2003)


    Erreferentziak

    1. Construcción de sobrevuelo.
    2. Un experto en ingeniería civil descarta la caída del viaducto de la Eibar-Vitoria. Mikel Ormazabal (El País 2003/01/13)