Manuel Francisco de Joaristi Fundazioa (eu)

    Sorapediatik

    Manuel Francisco de Joaristi

    Manuel Francisco de Joaristi Arana-Mendiola Soraluzen jaio zen, 1716ko abuztuak 17an.

    Oso aurrean ibili zen Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainian lehen, eta gero Filipinetako Errege Konpainiaren zuzendaria izan zen.

    Madrilgo Kortean ere aritu zen. 1786eko azaroan, Madrilgo ospitalak hobetzeko diru-bilketak antolatu ziren. Lana nobleen artean banatu ziren, eta Manuel Francisco de Joaristi San Geronimo auzoan aritu zen diru eske, beste lau tituludunekin[1]

    Manuel Francisco de Joaristi Arana-Mendiola Soraluzen hil zen, 1798ko urtarrilak 10ean.


    Sorrera

    1796ko martxoak 6an, Madrilen, Alfonso Yébenes eskribauaren aurrean eskritura eman zuen ongizate fundazioa sortzeko.

    Fundazioaren kapitala osatzeko inbertsio batzuk laga zituen, 1.563.834 erreal koartokoak; orduko korrituak 47.316 erreal koartokoak ziren.

    Fundazio honek helburu anitz zituen: urteko 200 dukat ezkondu bako neska batentzat, lau urtetan behin beste 100 dukat neskamen batentzat, beste 100 dukat irakurtzen eta idazten irakasten zuen maisuarentzat; gainontzekoak bi urtetan behin behartsuak janzteko, mojen kapilauarentzako, misioetarako, aitorlekuetarako eta, azkenik, patroiak saritzeko.

    Hiru ziren patroiak: bikarioa, onuradun aintzinakoena eta herriko alkatea. Bi urtetan behin kontuak argitu behar zituzten Gipuzkoako Aldundiarekin; eta azken honi 300 erreal esleitu zion aldiro.


    Bilakaera

    Herrian, fundazio honi Juaristi diruak esaten zitzaion.

    1834ko azaroan Erresumaren Altxor Orokorrak mailegu agiria sortu zuen Manuel Francisco de Joaristik sortutako fundazioaren patroien izenean. Agiri honek 230 zenbakia zuen, eta kopurua 793.285 erreal eta 4 marabedikoa zen[2]. Itxura denez, bidean "galdu" omen zen eta Madrilgo Errenten Eskribautzak iragarkia jarri zuen Diario de Avisos de Madrid egunkarian, inork ezer bazekien.

    1941 urtean, eta fundazioaren Abade Patroiak eskatuta, Estatuaren Auzi Zuzendaritza Orokorrak fundazioaren ondasunen zati bat zergetatik libre utzi zuen[3].

    Data horretan, fundazio ondasunak bi ezarpenetan zeuden, guztira 86.097,99 pezeta, Banco Guipuzcoanoan gordeta biak.

    Urteekin diru honek emandako korrituak gero eta gutxiago ziren, azken urteetan 11.517 errealetakoak.


    Gaur eguneko egoera

    Manuel Francisco de Joaristi jaunak lagatako dirua desagertuta, fundazioa ere desagertu zen.


    Erreferentziak

    1. Diario curioso, erudito, económico y comercial (Madril 1786/10/18).
    2. Ez dakigu kopuru hau kapital osoari zegokion, edo zati bati bakarrik.
    3. Acuerdo por el que se concede a la Fundación de 'Don Manuel Francisco de Joaristi', instituída en Placencia (Guipúzcoa), la exención del impuesto que grava los bienes de los personas jurídicas. Dirección General de lo Contencioso del Estado (BOE 1941/12/02).