Ondare txikia. Galeriak (eu)

    Sorapediatik
    Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
    Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!



    Ondare_txikia._Gabolats_12._Galeria_(Juan_Carlos_Astiazarán_2021).jpg Ondare_txikia._Gabolats_22-24._Galeriak_(Juan_Carlos_Astiazarán_2021).jpg Ondare_txikia._Gabolats_30._Galeria_(Juan_Carlos_Astiazarán_2021).jpg Ondare_txikia._Gabolats._Galeriak_(Juan_Carlos_Astiazarán_2021).jpg Ondare_txikia._Kalebarren_24_Galeria_(Juan_Carlos_Astiazarán_2021).jpg Ondare_txikia._Kalebarren._Galeriak_(Juan_Carlos_Astiazarán_2021).jpg



    Soraluzen (eta beste leku askotan) galeria berbak esanahi zehatza du: beirateek estalitako korridorea, balkoia ordezkatzen duena.

    Gehienak Deba ibaiaren aldera daude, batez ere Kalebarren, Gabolats eta Santa Ana kaleetan, hurrenez hurren. Egurrezkoak dira, nahiz eta bakarren bat harrizkoa izan.


    Aurrekariak

    Deba ibaiertzeko etxeei, urteekin, balkoiak egin zizkioten ibaiaren aldera: Santa Ana, Kalebarren, Gabolats, Baltegieta, Errabal, Atxuri...

    Eta balkoi hauetan, bazter batean, komunak egin ziren.

    Agian komun hauekin lotuta egongo da 1526. urtean probintziako korrejidoreak agindutakoa: "...etxetik kanpo zituzten beharrezkoak egurrez edo harriz estaltzeko, bestela hamar mila marabediko isuna izango zela eta"[1].


    Galeriak

    Denboraz, balkoiak osorik itxi ziren, beheko aldea egurrez eta gainekoa beiratezko leihoekin. Leiho hauek gillotina modukoak ziren, inoiz beirekin forma apaingarriak eginez (Santa Ana 8).

    Itxitura nahikoa singlea zenez (egurra eta beira), leku freskuak ziren, baina hotzak neguan. Beraz, barruko ate eta lehioak itxi eta ez ziren erabiltzen hilabete hotzetan. Udaberriarekin, berriz, ate eta lehio hauek erretiratzen ziren, galeriak erabilgarri egiteko.

    Batzutan, lehioen azpian galeriek atetxo modukoak zituzten, errejekin babestuta. Zabaldu eta gero, galeria egurastu zitekeen, eta umeek ibaia ikusteko aukera zuten.


    Galeria motak

    Lau motako galeriak zeuden.

    Soilena, etxebizitza batean balkoia ixten zenean; ez dira asko. Normalagoa zen etxe osoko balkoi guztiak galeria bihurtzea.

    Beste aukera bat zen etxe baten balkoi guztiak bota eta galeria berriak eraiki, kendutako balkoiak baino fondo handiagokoak. Mota hauerako dira, esateko, Kalebarrenekoak.

    Azkenik, harrizko galeriak izango lirateke. Bakarra dago Soraluzen.


    Harrizko galeria

    Arregia jauregiak, Ertaroan, egurrezko galeria zuen Deba aldera begira. Eraikinaren etzetan mehelin bana zuen, eta bien artean irtengunea, egurrezko habe baten gainean eraikita.

    Baina XVI. mendean jauregia goitik behera berriztu zutenean, egurrezko galeria bota eta harrizko galeri berria egin zuten, fondo handiagokoa.

    Solairu bakoitzean bi arku zabal zituen. Gerora, arku hauek itxi eta leiho arruntak jarri zituzten. Hala ere, arkuak oraindik nabarmendu daitezke ibal alderako etxaurrean.

    Mehelinak ere oraindik ikus daitezke,baina inolako funtziorik ez dute.


    Errabal 10eko desagertutako galeria (O. Pérez 2017)
    Baltegieta 26 (J.C. Astiazarán 2021)

    Desagertutako galeriak

    Garai bateko galeria asko desagertu dira. Batzutan etxea bota dutelako, eta etxe berria galeria barik eraiki dutelako, eta bestetan galeria bera desagertu delako.

    Batzuk aipatzearren, Erregetxe zaharra (Iñigo la Espada planoetan agertzen da, 1751. urtekoak), Errekaldeko ospitale zaharra (Errekalde 1, oraindik mehelina gordetzen da), Frontoia 2 (galeria hegoaldera ematen zuen, eta Santa Ana 15 etxe berria egiterakoan ez zuten berreraiki)...

    Hala ere, kasu askotan aspaldiko galeria egon badago, baina desitxuratuta: lehio gutxiagorekin eta etxaurreko azalera porlanezkoa. Esateko, Baltegieta 26koa.


    Galeria berriak

    Azkeneko urteetan inoiz galeriak goitik behera berritu izan dira (Gabolats 18) edo, etxe berria egiterakoan, ibai alderako galeria moduko etxaurrea egin diote (Gabolats 4).


    Erreferentziak

    1. "...cubran las necesarias que tienen fuera de sus casas de arriba abaxo de tabla o piedra so pena de cada diez mil maravedís" (Soraluzeko Udal Artxibategia, 1523eko testamentu baten kopia Erregistro liburuan 1526/05/05).