Plaza Barriko iturria (eu)

    Sorapediatik
    Plaza Barriko iturria (1968)


    Kokapena

    Iturri hau Soraluzeko kasko historikoan dago, Plaza Barrian hain zuzen.

    Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen

    Mapa kargatzen...


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Azalpena

    Izenak adierazten duenez, iturria Plaza Barrian dago, Etxaburueta kalearen aldean.

    Plazaren atzeko paretan terraza bat dago, Etxaburueta kalearen parean. Zabalera bost bat metrotakoa da, eta fondoa metro t'erdikoa.

    Iturria terrazaren azpian dago, plataforma baten gainean. Plataforma honek bost metro zabal ditu, hiru metro t'erdi fondoan eta metro eta hogei zentimetrotako altura (gutxi gora behera). Bertara igotzeko eskilara dauka erdi erdian, bi metro zabal eta 6 harmailekin.

    Plataforma gainean pieza bakarreko aska handi bat dago, beste bi harrik eusten dutela. Bertara hiru iturrik, lehoi buruaren forma dutenek, ura isurtzen dute askara. Plataformaren bi aldetan harrizko jarleku luze bana dago, baranda eta guzti.

    Plazan bertan eta plataformari itsatsita, bi aska luzek osatzen dute iturria. Goiko askatik irtetzen den ura beheko askak hornitzen ditu.


    Aurrekariak

    Soraluzeri buruz idatzi dutenek behin baino gehiagotan esan dute baserrietako iturrien ura oso ona zela, baina kalekoena gutxi eta kalitate eskasekoa. 1826-1829 urteetan Madrilen argitaratutako Diccionario geográfico-estadístico de España y Portugal liburuak, Sebastian de Miñanok eginda, esaten du:

    Ur edangarri gozo oparoak ditu, ez herri kaskoan, baina bai baserrietan, bakoitzak bere iturria duela.

    Kaleko iturriak hiru ziren garai hartan: Aranekoa, Errekaldekoa eta Erregetxe aurrekoa. 1831 urtean, Plaza Barriko iturria eraikitzea erabaki zuen Udal bileran, Manuel Maria de Aldasoro alkateordeak halaxe esan zuen:

    ...nabarmena da oso Araneko iturriak ur emari txikia duela eta bertatik ura eramateko lan nekeza egin behar dela gaueko desorduetan eta Errekaldeko iturriko ura kalitate eskasekoa dela, medikuaren arabera, eta erabilerak gaixotasunak sor ditzakeela...

    Erregetxe zaharraren aurreko iturria Errabalen zegoen. Inguruan egindako arma guztiak Erret Lantegian aztertu eta biltzen ziren, gero Deban itsasoratzeko edo Gasteiz aldera eramateko. Garraioa mandoz egiten zenez, Erregetxe zaharrak bazuen bere iturria aurrean, aska ederraz osatua. Baina 1809 urtean Erregetxe berria erabiltzen hasi ziren, eta honek ez zuen ez ganorazko iturririk, ez eta askarik, garraiolariei traba eginez.


    Egitasmoa

    Segururena, iturriaren atzetik Ambrosio Maria de Aldasoro egongo zen. Soraluzetar hau 1784 urtean jaio zen; gaztetan Mexikora (Monterrey) joan zen eta bertan dirua egin zuen. 1823an itzuli zen Soraluzeta eta bertako alkatea izan zen 1827 urtean.

    Aberatsa izanik, herriari hainbatetan lagundu zion: hainbat herrilan egiteko dirua aurreratu (frontoia, Plaza Barriko iturria, Labaderoa, 1834 ufalak apurtutako zubi nagusia konpontzeko), Rodil jeneral liberalak jarritako isunaren[1] erdia ordaindu... Lehen karlistadan Baionara erbesteratu zen, eta 1839 urtean bueltatu. 1846 urtean alkate izan zen berriro. Eta foru diputatua ere aukeratu zuten. 1858 urtean hil zen.

    Ez ziren garai onenak herriarentzat: Erregetxea oraindik ordaintzen ari ziren, 15 urte lehenago bukatu zen Espainiako Independentzia gerraren kalteak oraindik konpondu gabeak, herriko armagile asko bertatik joan ziren, Espainiako Armadak armak kanpoan (Trubia, Oviedo, Ingalaterra) erosten hasi zen…

    Hala ere, 1830 urtean Soraluzeko Udalak Plaza Barria egitea erabaki zuen, eta horretarako Kalebarreneko eskumako hiru etxeak bota zituzten[2].

    Eta Plaza Barriarekin batera, bertan iturria jartzea erabaki zuten. Horretarako Mariano Jose de Lascurain, San Fernandoren Erret Akademiakoa, izendatu zuten Ipiñarrietako iturburua aztertzeko. Eta 1830ko abenduak 23an bertara talde ederra inguratu zen: Mariano Jose de Lascurain bera, Pedro Joaquin de Ciaran (alkateordea), Ambrosio Maria de Aldasoro, Jose Manuel Lascurain, Manuel Eguren, Manuel Lizarriturri, Agustin Luzarriturri, Candido Laskurain eta Antonio Aldazabal. Baserriaren jabea, Santa Ana de Yzagirre kontea zen Fernando Joaquin de Ciaran, ez zen agertu kanpoan zegoelako, baina maizterra bai, bertako berriak zekizkielako.

    Eskuzko erlojua erabiliz iturburuaren emaria neurtu zuten, orduko 7.800 koartilokoa (3.900 litro orduko). Plaza Barrirainoko distantzia, berriz, 4.797 oin (1.458 metro, gutxi gora behera).

    Handik bi astetara, 1831 urtarrilak 9an, orduko jauntxoak[3] Udaletxean bildu ziren. Bilera Antonio Maria de Aldasoro alkateordeak zuzendu zuen. Herrikaskoan ur gutxi eta eskasak zirela eta, Ipiñarrietatik ekartzea erabaki zuten; gainera, lanak ordaintzeko zerga bereziak onartu zituzten: ardo azumbre[4] bakoitzeko bi marabedi, eta okela libra[5] bakoitzeko beste bi. Denok alde agertu ziren, Manuel de Arluciaga kenduta; azkenik, lanak lehenbailehen asteko erabaki zuten, hurrengo udaberrian.


    Ur ekarriaren planoa

    Eraikitze-lanak

    Lanak Mariano Jose de Lascurain jaunak zuzendu zituen. 1831 urteko maiatzak 5ean hasi ziren, eta astebete geroago, 13an, aurreneko erregistroa bukatuta zegoen. Eta sei hilabete geroago, urriak 22an, ura iturriraino heldu zen.

    Guztira 24 erregistro egin ziren. Berunezko tutuak erabili ziren, 10 oinetakoak (3 metro). Harriak Eibar, Osintxu, Durango eta Oiz menditik ekarri ziren.

    Ambrosio Maria de Aldasoro alkateordeak bertatik bertara zaindu zituen lanak, eta dirua falta zenean berak aurreratu zuen. Gerora Udalak atzera ordaindu zizkion aurreratutako diruak.

    Lanen kostua 86.936 erreal kuarto[6] eta 12 marabedikoa izan zen. Hirutan banatu daiteke. Alde batetik ura ekartzeko lanek 73.745 erreal kuarto eta 3 marabediko kostua izan zuten. Iturria berak eta plazak, berriz, 13.191 erreal kuarto eta 9 marabedi. Azkenik, Ibarrekua[7] etxeko ur zikinen hodia ixteagatik 700 erreal kuarto ordaindu zitzaien Miguel eta Rafael de Azcaray anaiei.

    Baionako liburuxka

    Udal artxibategietan ez da geratzen plaza, iturria eta ur ekarriaren proiektuaren aztarnik.

    Hala ere, Baionan argitaratutako txosten txukuna gordetzen da, V. Cluzeau moldiztegian, Plaza Barriko iturriaren lanak zehatz-mehatz jasotzen dituela.


    Gaur egungo egoera

    Egin zenetik, uda eta negu, iturriaren emaria ez da asko aldatu, iturburua mendi barru-barrutik datorrelako.

    Baina 1975 urtean, San Andreserako bide berria Estaziño katetik egiterakoan, bertako hoditeria kaltetu zuten, eta ez zuten konpondu. Ordutik emaria asko jaitsi da.


    Erreferentziak

    1. 200.000 erreal kuarto
    2. Oraindik ikus daiteke arkuen hasiera, Kalebarreneko 1. zenbakidun etxean, plaza ertzeko horman.
    3. Biztanle milaristak; hau da, zergak ordaintzen zituzten aberatsak eta, beraz, herri erabakietan parte hartzen zutenak.
    4. Azumbre = bi litro.
    5. Libra = kilo erdi.
    6. Gaztelaniaz, real de vellón.
    7. Gaur egun Elizburu 1.