Probaleku zaharra (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 01:44, 11 urtarrila 2021
    Probaleku zaharra, San Salvador ermita eta Mendikute jauregia

    Azalpena

    Eraikin hau eskuzko su armentzat egiten ziren kainoien probaleku moduan erabiltzen zuten. Soraluzen eta inguruan egiten ziren moskete, arkabuz, fusil, karabina, pistola... guztien kainoiak hemen aztertzen zituzten.

    Eibarko irteeran zegoen, Baltegieta kalearen bukaeran, Mendikute dorretxea eta San Salvador ermita baino pixka bat haruntzago. SAPAren fabrika berriaren lehen nabea egin zuten lurretan, gutxi gorabehera.

    Florencio Joseph Lamoten mapan (1756) bi aldiz agertzen da. Lehena, Soraluzeko ikuspegi orokorrean, ezkerreko aldean: H batez agertzen da, eta alboan ermita, Y batekin markatua.

    Eta grabatu horretan bertan, Soraluze inguruko mapa borobilaren goiko ezkerreko ertzan zera esaten du: Examen de cañones que se hacen por mesadas. Eta marrazkian Maisu Aztertzailea ikusten da, aginte itxuran, bere ofizialak zuzentzen, azken hauek arma andana disparatzen, kainoi denak ondo lerrokatuta.

    Marrazki batean zein bestean ederki asko ikusten da keia, saio hauek polbora beltzez egiten ziren eta.


    Probaleku zaharra eta San Salvador ermita Deba ibaiaren aldetik


    Historia

    Probalekua XVI mendeko agirietan agertzen da lehen aldiz.

    Bizpahiru mende toki berean egin eta gero, 1834 urtean Soraluzen izandako ufal handienak aurretik eraman zuen. Garai hartako agiri baten arabera[1] ur mailak hamalau bat metro egin zuen gora, eta hainbat eraikin eraman zituen aurretik: 15 bat etxe, 6 bat lantegi, arraindegia, zubi nagusia bera... eta San Salvador ermita osoa zein alboko probalekua.

    Halaxe desagertu zen betiko probaleku zaharra. Hala ere, behin behineko beste bat eraiki zuten, baina hau Santa Ana komentuko goiko harresien ondoan, mojen kanposantuaren gertu.


    Mendikute jauregia eta inguruak 1756 urtean (2020)


    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Erreferentziak

    1. Inundación del 30 de junio de 1834. Ramiro Larrañaga (La Voz de España 1978).