Sociedad Anónima Placencia de las Armas (eu)

    Sorapediatik
    SAPA. Logo zaharra.jpg

    Enpresaren sorrera

    1886 urtean Nordenfelt Guns and Ammunition Company enpresa ingelesak The Placencia de las Armas Company Limited sortu zuen, eta S.A. Euscalduna enpresaren ondasunaz jabetu zen. The Placencia de las Armas Company Limited enpresak Londresen zuen egoitza, eta Madrilen zuzendaritza.

    Hurrengo urtetan jabea beste enpresa batek erosi zuen, eta hau beste batek eta... azkenean Vickers taldea egin zen The Placencia de las Armas Company Limited enpresaren jabe.

    1935 urtean, egoera politikoa zela eta, Espainiako inbertsore batzuk The Placencia de las Armas Company Limited enpresaren akzio gehienak erosi zituzten, eta izena aldatu zioten: S.A. de Placencia de las Armas. Egoitza ere Soraluzera ekarri zuten. Hala ere, Vickersek oraindik Administrazio Kontseiluan egoteko eskubidea gorde zuen, 1942 urteko argazkian ikusten den bezala.

    1935 urte hartan bertan fabrika berria osatu zuten, tailer-eraikinaren ertzean beste pabiloi txikiagoa jasoz, gerora langileentzako taberna (Ekonomatoa), ileapaindegia... jartzeko.

    1942eko martxoko Administrazio Konseilua. Ezkerretik hasita: Rafael Hernández Francés (fabrikako zuzendaria), José Artadi López (Soraluzeko medikua), Manuel María Arrillaga y López-Puigcerver (SAPAko konsejeroa), ezezaguna, Remigio Bolumburu Ojanguren (SAPAko behargin beteranoena), Enrique Carrión y Vecín (SAPAko presidentea), Pío Placencia Arluciaga (tailerreko maisu nagusia), Alejandro de Calonje y Motta (zuzendari nagusia), Gumersindo Rico y González (SAPAko konsejeroa), John Duncan Logie (SAPAko konsejeroa Vickers Armstrongen izenean), José María Rodríguez y González (SAPAko konsejeroa), ezezaguna eta José Sirvent Dargent (SAPAko injenieroa). Iturria: Gumersindo Rico Rodríguez-Villar


    1936-1939ko gerra

    Gerra suertatu zenean, Soraluze Errepublikaren esparruan geratu zen. Hasierako egun haietan Eibarko sozialistak Plazentziara etorri ziren, kainoi-fabrikara, ametralladoreak eta kainoiak hartzera, baita kamionetak blindatzera ere. Vickers 40/40 kainoi antiaereoak ere eraman zituzten, bukatu gabe egon arren[1].

    Uztailaren 27ko kainoi-fabrikako irteera agirian honako materiala azaltzen da:

    • Mercedes-Benz kamioi baten gainean 40 mm-ko muntaia bikoitza.
    • 4. muntaia, 7 eta 8 zenbakidun kainoiekin Donostiara.
    • Ford V. 8 kamioiaren gainean muntaia eta 47mm-ko kainoi osoa.
    • Kainoi horientzat fabrikan zeuden kaskillo, polbora, estopinak, hasierako kargak eta abarrak. Azken horiek zuzenean Eibarrera eraman zituzten.
    • 3 7mm-ko Mauser fusil osoa.
    • 16 Kg. polbora, 76,2 mm-ko kainoientzako C.S.P. 2a.
    • Eibar eta Elgoibarrerako bi kamioi blindatu.

    Handik bi hilabetetara (irailak 22an) nazionalak sartu baziren herrian, aurretik milizianoek kainoi-fabrika hustu zuten. Eramateko moduan zegoena Sestaoko Navalera eraman zuten, baita langile asko ere, Jose Sirvent zuzendaria haien artean. Izan ere, Errepublikako ejertzitoaren artilleria piezarik ohikoenetako batzuk, Trubian ez ezik, Plazentziako SAPAn egiten ziren, eta Sestaon jarraitu zuten fabrikazio eta konponketa lanak egiten. Garai hartan mobilizatutako industrien arduraduna Jose Mari Lete soraluzetarra zen, aurretik makinariaren arduraduna kainoi-fabrikan izan zena.

    Soraluzeko fabrikan lagatako makinak, bestalde, erabiltezin utzi zituzten, altxatutakoei fabrika erabiltzea eragozteko. Laster, ordea, berriz ere nazionalek martxan jartzea lortu zuten, SAPAko gerentea izan zen Alejandro Calonje y Motta ingeniariaren gidaritzapean.

    Frontea hilabete luzeetan Soraluzen ezarri zenez, fabrika behin baino gehiagotan bonbardatu zuten, batez ere 1937ko martxoko 12tik aurrera: 1.000tik gora mortero granada erori ziren fabrika berrian eta, zaurituen gain, bi langile hil zituzten. Honek bi eragin izan zituen: bulegoen eraikinaren aurrean babesa eraiki, eta ekoizpen zati handi bat Beasain eta Andoaina eramatea.


    Andrak piezak kontrolatzen (1943)

    Gerraostea

    Gerra ostean, Banco Mercantil e Industrial zena akziodun nagusia bihurtu zen (1939-1977).

    Hasiera betean SAPAk aurreko produktuei heldu bazien (kainoiaz gain kamioientzako motorrak ere baziren, edo trenendako engranajeak), produktu berriak asmatzeari ekin zion.

    SAPAren sorrera bultzatu zuten arrazoi berberengatik, eta sortu berria zen bigarren munduko gerra zela eta, 1939 urteko irailean Alejandro de Calonjek Oficina de Estudios y Proyectos[2] sortuarazi zuen Andoainen. Helburua produktu propioa sortzea zen, atzerriko lizentzien menpe ez egoteko. Estrategia arrakastatsua izan zen, hurrengo urteetan SAPAk hainbat produktu diseinatu, Espainiako armadari aurkeztu eta, honek onartu eta gero, eskaerak jaso.

    1941ko irailak 15ean Francisco Franco jeneralak Soraluzeko lantegia bisitatu zuen. SAPAri esleitutako lanen egoera bertatik bertara jakiteko interesa zegoen, eta lantegiaren premiak eta gabeziak zuzendarien ahotatik ezagutzeko. Argazkien arabera, fabrika berria erakutsi zioten.

    Frankoren bisita (Vicente Martin 1941)

    Urte haietan errepidearen bestekaldean zegoen Benta-zarra ere bota zuten, biltegiak egiteko. Baina ordurako SAPA konturatu zen Andoainek eskeintzen zituen aukerekin, eta 1942 urtean lantegi berria egin zuen bertan. Oraindik 1945 urtean Andoaingo lantegia jotzen zuten Soraluzeko lantegiaren laguntza oso estimagarria[3]. Baina Andoaingo lantegiak aurki aurrea hartu zien Soraluzeko lantegiei. Eta herrietan arazoak zirela kanpotik etorritakoak kokatzeko, bai Soraluzen bai Andoainen langileentzako auzuneak eraiki zituen.

    Bigarren mundu gerraren garaian, kainoiendako munizioa Alemaniara esportatzen zuten eta, isilpean jarduteko, kutxetan Naranjas de Placencia jartzen zuten. Joseba Barandiaran andoaindarrak kontatzen duenez[4], espia sareak Irunen halakoak antzematen zituenean, Frantziako erresistentziakoak jakinaren gainean jartzen zuen, gero Landetan tren hori lehertzeko.


    Soraluzen egindako Bofors 40/70 kainoi antiaereoa
    (Cartagenako artilleria museoa)

    Arma ekoizpena

    Sarrera nagusia: SAPAren arma ekoizpena (eu)

    Gerra ostean betiko produktuak egiten zituzten, batez ere kanoiak, morteroak eta hauen munizioa, beti Vickers-en lizentziekin.

    1939 urtean Oficina de Estudios y Proyectos sortu eta gero, berezko hainbat produktu diseinatu eta ekoiztu zituzten: tankeen kontrako kainoiak (45/44, 60/45, 60/50), 75 mmtako mendi-kainoia eta infanteriako 75/13 kainoi azkarra, esateko.

    1952 urtean Suediako Bofors etxeari kainoi antiaereo bat egiteko lizentzia erosi zioten, atoian eramateko 40 mm L/70 kainoiarena hain zuzen. Denetara 400 bat kainoia egin zituzten, eta miloitik gora jaurtigai.

    1970 urtetik aurrera tanke edo gerra-gurdien osagaiak ekoitzen hasten da. Eta 1982 urtean VCTPentzako[5] dorretxoak egiten hasten da.

    Honekin batera, Espainiako armadaren kainoi antiaereoen mantentze- eta eraberritze-lanak ere egiten ditu (Oerlikon 20/120 eta, batez ere, 35/90 modeloak).


    Garaiko iragarkia

    Dibersifikazioa

    Dena dela, urte haietan Espainiako armadaren eskaerak jaisten hasi ziren, desagertu arte: esateko, 1959 urtean ez zen inolako kontraturik sinatu.

    Arazo honi aurre egiteko, beste produktu lerroak zabaldu zituzten, horretarako beste enpresekin zituen harreman bereziak baliatzen: Sociedad Española de Construcciones Navales S.A., Experiencias Industriales S.A. (EISA), Construcciones Aeronáuticas S.A. (CASA) eta Constructora Nacional de Maquinaria Eléctrica S.A. (CENEMESA).

    Halaxe, eta Cenemesa enpresaren bidez, Westinghouse Electric International Co. enpresaren hainbat patente elektriko eskuratu zituzten, ekoizpena 1951 urtean hasi zutela.

    Eta enpresa guzti horiek ENASA-Pegasorekin batera Z-501 trolebusa ekoiztu zituzten 1951tik aurrera. SAPAn hainbat atal elektriko egin ziren.

    Gauza bera gertatu zen 1951 urtean, 7600 lokomotoren aparellaje elektrikoa egiteko RENFErekin kontratua sinatu zuenean. 1956 eta 1965 artean guztira 116 lokomotora egin ziren. Edo 1956 urtean, 433 serieko 15 tren egin zituztenean (pinguinoak) SAPAk kontrol sistemak eta balazta sistemak egin zituen[6].

    Eta 1960 urtetik aurrera beste batzuk etorri ziren: engranajeko hortzak lantzeko lanabesak (Fellow sistema), pneumatika osagaiak (balbula, akoplamendu, brida), ehungailuak (Belgikako Snoeck lizentziarekin)...

    Azken produktuaren arrakastak bultzatuta, 1982 urtean I+G unitatea bat sortu zuen, propio ehungailuentzat. Eta 2.001 urtetik aurrera SAPA Textil S.L. sortu zuten.


    Trasmisioa

    ...eta etorkizuna: trasmisioak

    1977 urtean Banco Hispano Americano bilakatu zen akziodun nagusia (1977-1985), eta 1985tik aurrera Aperribai familiak eskuratu zuen enpresaren jabetza eta kontrola.

    1989 urtean CD-850 trasmisioa ekoizten hasten da, Allison Trasmission enpresaren lizentziadun bakarra dela.

    Hamar urte geroago, Leopard programan, Espainiako armadaren 239 gerra-gurdientzako trasmisioa, eta errodaje trena egiteko aukeratu zuten.

    Azkenik, 2.002 urtean erabakitzen du bere produktuak garatzea, lizentziekin ekoiztu beharrean. Horretarako Centro de Excelencia Placencia I+D[7] sortu zuen, gaur egunean 200 langile baino gehiago duena. Hasieran, Soraluzen ezartzea ere pentsatu bazuten, garai hartan Debarroa aintzindaria zelako Ikerketa eta Garapen arloan (Tekniker Eibarren, Ikerlan Arrasaten...), azkenean ez zen lortu.


    Erreferentziak

    1. Azken horrek kainoi-fabrikako zuzendaria zen Rafael Hernández komandantearen destituzioa eragin zuen. Izan ere, Irunera eraman zituzten kainoi horiek tiro-akatsak izan zituzten eta horregatik, fabrikako beste buru batzuekin batera, kargua utzi behar izan zuen. Bere etxean atxilotuta geratzera behartu zuten, gainera. Bere ordez, Defentsarako Batzordeak proposatuta, zuzendariordea zen Jose Sirvent militarra izendatu zuten zuzendari.
    2. Azterketa eta Proiektuen Bulegoa.
    3. "un muy estimable auxiliar de Placencia”. Memoria y Balance correspondiente al Ejercicio de 1945 para la 9.ª Junta General Ordinaria de la SAPA.
    4. Espias vascos. Mikel Rodríguez (Txalaparta)
    5. Vehículo de combate y transporte de personal. Pertsonak garraiatzeko eta borrokarako ibilgailua
    6. Gerra aurretik, pinguinoen beste azpiserie batentzat engranajeak ere egin zituzten.
    7. Placencia I+G Bikaintasun Zentroa.