Suzko arma motzak (eu)

    Sorapediatik
    Txispa giltzadun pistola (Astiazarán 1857)

    Pistola[1] su-arma motza da, esku batez erabiltzen dena eta balak distantzia txikira jaurtitzen dituena.

    XIV mendean arkabuzak sortu zirenean, segituan arma motzagoak egin zituzten, batez ere zaldunentzat. Uste denez, Italian jaio ziren pistolak.

    Erabilitako teknologia aurre kargako beste armena da.


    Argi-mukizko pistolak

    Hasierakoak pistolek argi-mukizko giltza zuten.

    Baina giltza hauek oso traketsak ziren borroka betean erabiltzeko: denbora gehiegi behar zen arma prestatzeko, argi-muki piztuek arrisku itzela zuten, euriaz ezin zen erabili, gauez ezin zen izkutuan ibili... Arkabuzariek, hala nola, konpontzen ziren, baina zaldunentzat askoz zailagoa izaten zen.


    Errobera giltzadun pistola (MAN XVII mende bukaera)

    Errobera-pistolak

    Errobera giltza sortu zenean, abantaila ederra eskaintzen zuen: pistola presta zitekeen borrokara sartu baino lehen. Gainera, oso ona zen arropa azpian eramatekoak, inoiz inori ezustekoren bat emateko.

    Baina bigarren tiroa jotzea beste gauza zen. Errobera giltzak oso konplikatuak ziren montatzeko, gainera guduaren erdian, zaldiak izututa eta kontrakoek erasoan. Horregatik, inoiz zaldunek aurrez prestatutako lau eta sei pistola eramaten zituzten.

    Errobera pistolak ez ziren desagertu suharri giltzak sortu zirenean. Armari asko eta asko, batez ere Europaren erdialdekoak, luxuzko ehiza errobera pistolak ekoizten jarraitu zen.


    Txispa giltzadun pistola (Astiazarán 1857)

    Txispa-pistolak

    Suharri giltzak sortu zirenean aurki nagusitu ziren.

    Aurrekoek zeuzkaten arazoak gainditzen zituen: argi-mukirik ez, seguruarekin, errez kargatzekoak... XIX mendean ere erabiltzen ziren.

    Soraluzeko Erret Lanregietan egindakoak famatuak ziren XVII mendetik aurrera. Mota guztietako pistolak egiten zituzten: Corps guardientzat, zalditerirako soldaduentzat...


    Errebolberrak

    1.835 urtean Manuel de Garate mendarotarrak errebolberra asmatu zuen, 6 tirokoa[2]. Baina urte berean Samuel Colt estatubatuarrak ere errebolberra asmatzeaz gain, patentatu zuen.

    Errebolberrak bi abantail eskaintzen zuen. Alde batetik, aurretik karga zitekeen 6 balaz, disparatzerakoan denbora aurreztuz. Gainera, inoiz bala bat trabatu eta gero, nahikoa zen danborra eskuz mugitu disparatzen jarraitzeko. Horregatik asko saldu ziren, bai gudarosteak hornitzeko zein norberandako. Azken hauetan velodog motakoak aipatu daitezke, XIX mende bukaerakoak: izenak esaten duenez, txirrindularientzako aproposak ziren, zakurrak uxatzeko (velo = bizikleta & dog = txakurra).


    Atzekargako pistolak

    XIX mendean atzekargako armak sortu zirenean, pistoletan ere aurrerapen teknologiko hauek ezarri zituzten.

    Gainera, XIX mende bukaeran kerik gabeko polbora lortu zutenean, gasen indarra erabiltzen zuten arma berriro automatikoki kargatzeko, eta pistolak gaur eguneko eitea hartu zuten.

    Pistola automatikoak[3] sortu zirenean errebolberren ekoizpena ia desagertu zen.


    Erreferentziak

    1. Pistola. Wikipedia (euskaraz).
    2. Errebolberra euskaldun batek asmatu zuen. Ramiro Larrañagari elkarrizketa. Beñat Doxandabaratz (Euskonews & Media 2003)
    3. Tiro egiterakoan automatikoki kargatzen direnak.