Armagintza (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Mapa Topographica de Plasencia
(Florencio Josepf de Lamot 1756)

Soraluze betidanik izan da ospetsua armagintzarengatik. Izatez, erderazko izena halaxe dauka: Placencia de las Armas.

Arma zuriak lehen, suzko armak gero eta kañoiak azkenean, XIV eta XV mendetatik XX mende arte, armagintza izan da soraluzetarrek aurrera eruandako jarduera ekonomiko garrantzitsuena.

Soraluzek, batez ere, Espainiako itsas-armadarentzat egin zuen lan. Aurretik zuzenean, Erret Lantegi eta kontratisten bidez, sistema gremiala erabiltzen. Eta azken mende t'erditan, sistema gremiala erori eta gero, enpresa kapitalisten bidez.


Aurrekariak

Sarrera nagusia: Armagintzaren aurrekariak (eu)

XV mendeko bigarren zatian armagintza oso garatu zegoen Euskal Herrian. Lehen agiria Isabel la Católica-ren 1480ko Erret Zedula batean agertzen zaigu, hemengo armagileri deia eta eskaria eginez, armak behar zituela eta ahalik azkarren eta ahalik gehien egiteko aginduaz. Geroztik geroago eta eskari gehiago datoz.

Hurrengo urtekoa, 1.481koa hain zuzen, da Soraluzeko lehen aipamena.

Euskal Herriko zein partetan egiten ziren esaten ez bazen (maizenik ere, Gipuzkoa probintziako eta Bizkaia Jaurerriko lantegietan), XVIgarren mendearen lehen erdian hasi ziren aipatzen Soraluze, Bergara, Eibar, Markina, Ermua, Elorrio eta Arrasate herriak suzko esku-armagintzan, eta Araba eta Tolosa arma-zurigintzan ere. Gainera, armagintzako maisutzat lehendabizikoz agertzen dena plaentziatarra da, Juan de Churruca, maestro armero, 1561ean.

Ordura arte arma lantegia edo fábrica de armas esaten zena, herri horietan sakabanaturik ziren lantegi ttipiak besterik etziren. Elkar-lanean ari ziren lau gremiotan bildurik, bakoitzak bere espezialitate bereziak zituzten.

1.548 urtetik aurrera bezeroa, gehien bat, Espainiako itsas-armada izan zen: armak behar zituenean enkantera ateratzen zituen (asientoak), kontratista batek hartu eta honek lanak banatzen zituen beste azpikontratista artean, eta hauek ekoizpen prozesua antolatzen zuten, lanak adituen (gremioen) artean banatuz.


Uribarri dorre aldetik (Oscar Pérez 2017)

Erret lantegiak Soraluzen

Sarrera nagusia: Erret Lantegiak Soraluzen (eu)

Elkar-lan honen ugaritze eta zabaltasunak antolakizun berriak eskatzen zituen, eta 1.542 urtean orduko erregeak Francisco de Roxas artilleria kapitaina bidali zuen Soraluzen egoteko. 1.558 urtean, berriz, Pero Gonçalez de Escalantek orduko Uribarrikoa etxearen goiko solairuak alokatu zituen erregearen izenean.

Azkenik, armagintzan ari ziren guztiak beren borondatez bildurik, hobekuntzen bila, elkargo finkatuago bat erabaki zuten eta Felipe II.aren garaian Soraluzen sortu zuten, 1.573 urtean, Fábrica de armas portátiles de fuego y blancas de guerra de la villa de Placencia izenekoa[1].

Halaxe, Soraluze armak aztertu, probatu eta bidaltzeko gune gisa eratu zen. Uribarri jauregia Errege-Etxea gisa erabili zuten, bertan errege-gizonek (errege ministroak edo ministros reales, orduko hizkeran), bizitokia zutelarik. Urte batzuk geroago, 1.622 urtean, Uribarri jauregia erre zenean berriro eraiki zuten, handiagoa orain.

Errege-etxe honetan ez zen armarik egiten, biltegi ofiziala zen. Funtzionarioek armen eskaerak banatzen zituzten inguruko armagile eta gremioen artean. Lana bukatu eta gero, armagileek bertara eramaten zituzten, arterketa pasatzeko. Produktua onartuta, ordaintzen zitzaien eta bertan gordetzen zen behar zen lekuetara bialdu baino lehen. Bidalketa hau gurdiz egiten zen, Alzolaraino. Hemendik Debaraino alatan jeisten zen (gabarra modukoak ziren) eta hortik aurrera itsasoz.


Kainoigile gremioa (Florencio Josepf de Lamot 1756)

Gremioak

Sarrera nagusia: Armagintza gremioak (eu)

Armagintzan aritzen zirenak lau gremiotan antotaluta zeuden: kainoigileak, giltzagileak, aparejeroak eta kutxagileak. Lantegiak, bere maisu, ofozial eta aprendizekin, Soraluzen ez ezik, inguruko herrietan ere zeuden: Eibar, Elgoibar, Ermua, Arrasate...

Eskaera bat Soraluzera heltzen zenean, gremioek bere artean banatzen zuten. Maisu bakoitzak bere lana egin eta gero, aztertzera ekartzen zuen Erret Lantegietara. Bertan zeuden erregearen zerbitzariak: ikuskariak, zuzendariak eta intendenteak.


Soraluzen egindako fusila: giltza (XIX mendea)

Armak eta lanabesak

Sarrera nagusia: Armak eta lanabesak (eu)

XIV eta XV mendeetan arma zuriak egiten zituzten, baina XV mendean suzko armak zabaldu zirenean armadarentzat arkabuzak eta mosketeak ekoizten zituzten. XVII mendetik aurrera gehien bat suharri-mosketeak (edo txispa-fusilak) egiten zituzten.

Hauekin batera, baina kopuru gutxiagotan, ehizarako suzko armak ere egiten ziren, azken hauek ornatuagoak, aitonensemeek erabiltzen zituztelako.

Lanabesak ere egiten ziren, mota askotakoak: aizkorak, aitxurrak, pikatxoiak, palak... 1.630 urtean Real Fábrica de Armas de Tolosa sortu zuten, Tolosan, baioneten ekizopena antolatzeko.

Soraluzen, berriz, XVIII mendean hasi ziren fusilak, karabinak, pistolak... egiten.


Erret biltegia (Florencio Joseph Lamot 1756)

Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia

Sarrera nagusia: Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia (eu)

XVIII mendean sistemak aldaketa izan zuen: Espainiako gobernua eta Soraluzeko Erret Lantegien artean bitartekaria agertu zen: Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia.

Enpresa honek 1.728 urtean sortu bazen, 1.735 urtean lortu zuen lehen kontrata eta 1.785 urtea arte mantendu zen.

Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaen eragina onerako izan zen: eskaerak aurretik ordaintzen zituen (erregea ez omen zen ordaintzaile fidagarria) eta, sistemaren antolakuntza hobetuz, eskaera gehiago zerbitzeko gauza izan zen. Hori bai, komisioa irabazten zuen, txikiagoa suzko armekin (%4 edo %5a) eta handiagoa lanabesekin (%20tik %45ra artekoa).

1.785 urtean Real Compañía de Filipinas-ek ordeztu zuen, aurreko enpresaren bilakaera zena. Hamar urte geroago desagertu zen, Frantziako Konbentzio gerraren ostean, 1.795 urtean hain zuzen.


Simón de la Torre eta Iturrizaren arteko topaketa Soraluzen (Múgica 1845)

Ohiko armagintzaren gainbehera

Sarrera nagusia: Ohiko armagintzaren gainbehera (eu)

1.789 urtean Frantziako Iraultza hasi bazen ere, lau urte geroago Espainiak gerra deklaratu zion Frantziari, Konbentzio gerra hain zuzen (1793-1795). 1.794 urtean Frantziako gudarostea Kataluña alde batetik eta Euskal Herria bestetik okupatu zituzten, Miranda de Ebroraino. Orduan hasi zen armagileen lehen ihesaldia, Asturiaseko Trubia eta Oviedora hain zuzen.

Gerra bukatuta 1795ean, egoera tamalgarria zen: tailerrak deseginda, armagile asko hilda edo zaurituta, alde egindako armagileek egindako konkurrentzia, Real Compañía de Filipinas desagertuta... Eta gainera, Gobernua ez zegoen lasai lantegia mugatik hain gertu egonagatik.

Hala ere, hamar urte geroago sistema inoiz baino hobeto zegoen, bere goia jo zuelako: urteko 30.000 fusil ekoizten ziren, gehi beste mota askotako armak (pistolak, arma zuriak...). Eta Erregetxe berria eraiki zuten (1804-1809). Lanak herriak ordaindu zituen, gero Estatuari uzteko, modu honetan Erret Lantegiak Soraluzen mantentzeko.

Orduan Espainiako Independentzia gerra etorri zen (1808-1814). Gerra bukatuta, ondorioak aurreko gerrarenak berberak izan ziren, baina askoz larriagoak: armagileen ihesaldia (Zaragoza, Valencia, Sevilla...), tailerrak deseginda, armagile asko hilda edo zaurituta...

Hurrengo urteak ez ziren onak izan: Independentzia gerra ostean, Espainia lur jota geratu zen, eta ez zegoen diru handirik armetan gastatzeko. Eta eskaerak egotekotan, konkurrentzia handiago zegoen, Asturiasekoa kasu: lantegi berriagoak ziren, baliabide tekniko modernoagoekin. Gainera, pistoi giltza asmatu zenean, ekoizpena edozein langile koalifikatuen eskura zegoen, eta inguruko herrietan hasi ziren giltza berriak ekoizten, Soraluzeko giltza zaharrak erabili beharrean.

Eta 1.833 urtean lehen karlistada piztu zen (1.833-1.840), Soraluzeko armagintza kili-kolo lagatzen. Sasoi honetan (1.835 urtean) konstituzio berriak gremioak desegin zituen, eta honeki batera Soraluzeko armagintzaren zutabeetako bat. Dena dela, Eibarko eta Soraluzeko lantegi txiki batzuk bere kasa hasi ziren saltzen.

Azkenik, 1.865 urtean bigarren zutabearen ttanda heldu zen: urtarrilak 13ko eta martxoak 8ko Erret Aginduek Erret Lantegiak bertan behera utzi zituzten. Modu honetan, mende askotako ohiko funtzionamentua bukatu zen.


Fabrika zaharra (Serapio Múgica)

Enpresa kapitalistak: S.A. Euscalduna

Sarrera nagusia: S.A. Euscalduna (eu)

Sistema gremiala desagertzerakoan, José de Ibarra e Iribecampos enpresa-gizonak (orduko alkatea zena) La Euscalduna enpresa sortu zuen, fusilak egiten jarraitzeko.

Fabrika zaharra eraiki zuen, eta aurki Zuazubizcar, Isla y Cía enpresari negozioa pasa zion. Enpresa honek harreman-kapital garrantzitsua zuen Madrilen, ezinbestekoa Espainiako itsas-armadarekin kontratuak sinatzeko.

1.869 urtean sozietate anonimoa bilakatu zen, eta aurreko izena berreskuratu zuen, S.A. Euscalduna hain zuzen.

Enpresaren martxa ona bigarren karlistadak (1873-1876) apurtu zuen, eta 1886 urtean kiebra jo zuen.


Vickers, Sons & Maxim kañoia

The Placencia de las Armas Company Limited

Sarrera nagusia: Compañía Anónima Placencia de las Armas (eu)

S.A. Euscalduna kili-kolo zegoela zabaldu zenean, Nordenfelt Guns and Ammunition Company enpresa ingelesak The Placencia de las Armas Company Limited sortu zuen, Londresen bertan, eta La Euscalduna lantegia erosi zuten bitartekari baten bidez.

Nordenfelt Guns and Ammunition Company konpania enpresa handiago batek erosi zuen, eta azken hau beste batek... eta azkenean Vickers, Sons & Maxim egin zen The Placencia de las Armas Company Limited-en jabea.

Hurrengo urteetan Soraluzeko lantegian jabe ingelesen produktuak ekoizten zituzten, The Placencia de las Armas Company Limited enpresak Espainiako Gobernuari, eta batez ere Itsas-armadari, saldutakoak. Batez ere kañoiak eta beren munizioa egiten zituzten.

Izen ofizialaz gain, enpresak askotan Compañia Anónima Placencia de las Armas izena erabili izan zuen, nolabait bezeroen aurrean (Espainiako itsas-armada, gehien bat) atzerri kutsua leuntzeko.

Urte askotan Eusebio de Calonje brigada jeneralak Vickers enpresa ordezkatu zuen Espainian, besteak beste The Placencia de las Armas Company Limited enpresan. Aitaren moduan, Eusebioren bi semeek, Eusebio eta Alejandro, Vickers-ekin harreman estuak izan zituzten urte luzeetan.


Placencia 60/50 kañoia

SAPA (Sociedad Anónima Placencia de las Armas)

Sarrera nagusia: Sociedad Anónima Placencia de las Armas (eu)

Sociedad Anónima Placencia de las Armas enpresa 1.935 urtean eratu zen, eta Vickers taldeari The Placencia de las Armas Company Limited akzioak erosi zizkion. Orduan fabrika zaharra (La Euscalduna) eta fabrika berriaz jabetu zen. Itsas-armadarako kainoiak eta doitasun handiko tresnak ekoizten jarraitu zuen, eta mila langiletik gora izan zuen.

Gerra garaian frontea bederatzi zazpi hilabetez herrian bertan ezarri zenez, errepublikanoek morteroekin eraso egin zuten; horregatik babeslekua eraiki zuten fabrika berriaren bulegoen aurrean. Eta hainbat sekzio Beasain eta Andoaina eraman zuten.

Gerra ostean biltegia eta ekonomatoa eraiki ziren, baina Andoaingo lantegiak izan zuen garapen handiena, horretarako lursail aproposagoak zituelako.

Urte horietan lur-armadarentzat morteroak eta kainoiak ere diseinatu eta egin zituzten, eta 1.953 urtean Suediako Bofors 40 mm L/70 kainoi antiaereoak ere.

Gerora ekoizpena asko zabaldu zen: lanabesak, osagai neumatikoak, ehungintzarako makinak, tankeentzako osagaiak, trasmisioak... eta kainoi eta tankeen mantentze zein zaharberritze lanak ere. Azkenik, radar sistema propioak ere garatu eta ekoizten ditu.

Bilakaera honen paraleloan, Soraluzeko lantegien garrantzia gutxitzen joan zen. 1.960ko hamarkadan fabrika zaharra ia ez zen erabiltzen, eta fabrika berria 2.000 urtean utzi zuten.

La perdiz eskopeten iragarkia (Antonio Aranguren)

...eta lantegi txikiak

Sarrera nagusia: Arma lantegi txikiak (eu)

1.865 urtean gremioen sistema bertan behera geratu zenean, hainbat eta hainbat armarik La Euscalduna enpresa handira jo zuen lan bila, baina beste asko bere kasa hasi ziren.

Arma luzeetan, XIX mende bukaeran eta XX mende hasieran terzerolak egiten baziren ere, Soraluzeko (eta Eibarko) produktu izarra ehiza eskopeta izan da. Arma motzetan, aurrekargako pistolek aurki lekua egin zien errebolberrei, eta XX mendean pistola automatikoei ere. Industria laguntzailea ere sortu zen inguruan, osagaiak egiteko edota azpikontratazioa.

Enpresa gehienak oso txikiak ziren, edozein krisik aurretik eramateko modukoak: krisi ekonimikoak, jabea hiltzea... Azkenak Eusko Jaurlaritzak sortutako DIARMera bildu ziren, baina 1.986 urtean DIARM bera itxi zen.

Enpresa handi gehienak, profesionalagoak, gerra ostean torlojugintzara lerratu ziren... 1970 hamarkadako krisiarekin ixteko.


Ramiro Larrañaga arma museoa

Azken bostehun urteetan Soraluzen miloika arma egin dira, zuriak zein suzkoak, luzeak zein motzak zein kainoiak.

Egindako arma gehienak suntsitu dira, baina oraindik bakar batzuk gordetzen dira: Eibarko Armagintza Museoan multzo ederra, inguruko museoetan beste batzuk, eta bilduma pribatuetan beste asko.

Gaur eguneko teknologia digitalei esker, Ramiro Larrañaga Arma Museoa izeneko honek arma horietako asko eta asko biltzen eta sailkatzen ditu, era birtualean bada ere.

Modu honetan edozeinek, soraluzetarra izan ala ez, Soraluzen memoria historikoan zehar ibilbidea egiteko aukera dauka, herri honek landu dituenak gozatzeko eta hainbat mendeetan gure aurrekoek aurrera egiteko gauza izan direla jabetzeko.


Erreferentziak

  • 1.630 urtean Real Fábrica de Armas de Tolosa sortu zuten, Tolosan, baioneten eta gainontzeko arma zurien ekizopena antolatzeko.