Aro Modernoaren ibilbidea (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search

XVI eta XVIII mendeak oso oparoak izan ziren Soraluzen. XVI mendean Erret Lantegiaren sistema egonkortu zen, Espainiako gudarosteen eskaerei esker. Eta XVIII mendean Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia Espainia eta Soraluzeko armagileen arteko bitartekari bakarra izan zen, eskaeren ordainketak bermatuz.

Ondorioz, bi mende hauetan herria asko handitu zen, eta hainbat eraikin publiko zein pribatu egin ziren.

Ibilbide honek XVI eta XIX mende hasieraren arteko Soraluzen barrena eramango gaitu. Hasiera Labaderogainean emango diogu, zubi nagusiaren parean.

Loading map...


Labaderogain

Gaur eguneko zubia XVIII mendekoa da. Hiru arku zituen, eta bertako otaharriz egina zegoen. Hurrengo mendean, 1834 urtean, ufalak bi arku eruan zituenean, arku eskarzano bakar batez ordezkatu zuten. Ehun urte geroago, 1967an, zubia zabaldu zuten gaur egunekoa eraikiz. XX mende arte herriko zubi bakarra izan da.

XVIII mendeko zubia baino hamar metro beherago jatorrizko ibia zegoen, herriari sorrera eman ziona. Gerora hainbat zubi egon dira inguruan: XIV-XV mendekoa?, XVI mendeko erdialdekoa, XVII mendekoa? Nkiz egin zuten zibia gaurkoaren tokian?

Zubi Nagusiaren aurrean Udaletxea agertzen da, eraikin barrokoa (1700-1722), baina oso sinplea. Aurrekaldeko erdialdean daukan armarria ere XVIII mendearen erdikoa da.

Labaderogain esparru honetan, sasoi batean, bi etxe zeuden. Baina bota egin zituzten, Udaletxe aurrean plaza bat egiteko.

Ezkerrean Jauregi etxea agertzen da, bere armarriarekin; biak XVIII mendekoak ere.

Gure oinen azpian, berriz, Labadero handiaren aztarnak daude. 1831 urtean egin zen, Plaza Barriko iturriarekin batera.

(Handitzeko, gainean sakatu)


Plaza Barria

Plaza Barria 1831 urtean egin zuten, horretarako Kalebarreneko hiru etxe bota zituztela. Ertzeko etxean, plazaren ordoko ertzean, oraindik ikus daiteke arkuaren hasiera.

Plazarekin batera iturria egin zuten, Ipiñarrietatik ura ekarriz. Ur hauek Labadero handian eta Zubi Nagusiko iturrian ere erabiltzen ziren, besteak beste.

Plaza Barriaren frentean, Kalebarren kalearen bestekaldean, Jauregi etxea dago, XVIII mendeko bigarren erdikoa hau ere.

(Handitzeko, gainean sakatu)


Plaza Zaharra

Kalebarrenetik aurrera Plaza Zaharrera helduko gara.

Kalebarreneko azken etxea, gaur egunean Osakidetzaren Osasun Zentroa, garai batean Hiltegi zaharra zen. 1730 urtean egin zuten, funtzio askorekin: hiltegia, harategia... eta lehen solairuan balkoi ederrarekin Plaza Zaharreko zezenketak ikusteko.

Ondoan, iturriaren gainean, 1804-1809 urteetan Erregetxea altzatu zuten. Gaur egun eskilarak besterik ez dira geratzen.

Eta aurrerago, plazan bertan baina Gabolatseko hasieran, Arregia jauregia dago. Dorretxea zen XVI mendea arte; orduan Marina Perez de Arregia, bertako oinordezkoa, Andres Ibañez de Irurerekin ezkondu zen eta dorretxea zena jauregia bihurtu zuten.

(Handitzeko, gainean sakatu)


Gabolats eta Baltegieta

Gabolats kaletik aurrera segituko gara, orduko Elgoibar eta Debarako errege bidetik. Dena hibai aldeko etxeak XVII-XVIII mendean sortu ziren, errege bidearen bazterrean.

Altun erreka gainean pasatzerakoan aspaldiko Gabolatseko harpasuak zeuden lekua ikusiko dugu. Harpasu hauek Gabolats eta Baltegieta lotzen zituzten, batetik bestera pasatzeko ahalbidetzen zituztela.

Guk pixkat aurrerago egingo dugu, eta Gabolatseko zubia erabiliko dugu Baltegietara pasatzeko. Han, ezkerrera jo eta Mendikute dorretxea edo Baltegietako jauregia topako dugu, XVIII mendearen bigarren erdian jasoa, armarria eta guzti. Jauregi etxearen estiloa erabili zuten. Gabolatsen moduan, Baltegietako etxe guzti hauek Eibar eta Bizkaiko errege bidearen ondoan eraiki zituzten.

Aurrerago jarraituz, beti errepidearen aldetik, Intxaurdieta etxe ondotik pasako gara Zupide jauregira iristeko. Jauregi hau XVII mendean eraiki zuten, aurreko dorretxe baten gainean. San Martzialerako eskilarak integratuta daude etxe azpian oso modu bikainean.

(Handitzeko, gainean sakatu)


Errabal, Atxuri eta Santa Ana

Baltegietatik aurrera Errabal hartuko dugu. Izenak esaten duen moduan, inguru hau ere herriaren hedatzearen ondorioa da. Errabaleko ospitalea hemen egin zuten XV mendean, herriaren kanpoan. Baina XVIii mende hasieran ospitalea herri barruan geratu zenez, kanpoaldera mugitu zuten, Errekaldera.

Errabalen bertan baina pixkat aurrerago Uribarri dorretxea zegoen, XVI mende hasieran Juan Garcia de Uribarri arrasatearrak jasoa. XVI mende bukaeran Erregetxea bihurtu zen (Erret Lantegia). Hurrengo mendeetan bi aldiz zabaldu zuten, eta 1809 urtean bertan behera geratu zen, Erregetxe berriaren mesedetan.

Aurrerago joanda Atxuri kalea dago. Ezkerreko bigarren etxean, XVI mendean, Errukia ospitalea eta serorategia sortu zuten. Mendearen bukaera aldera Ormaetxea jauregira aldatu ziren, eta Santa Ana komentura gero.

Errekalde, Atxuri edo Santa Ana zubia zeharkatuko dugu Santa Ana kalera pasatzeko. Zubia egon baino lehen Errekaldeko harpasuak erabiltzen ziren, zubitik pixkat gorago.

Santa Ana kalean ezkerrera joko dugu. Inguru honetan Santa Ana komentua (1692) eta bere arkua (1738) zeuden. Gaur egun mehelin baten aztarnak besterik ez dira geratzen, 20 eta 22 zenbakien artean hain zuzen.

(Handitzeko, gainean sakatu)


Frontoitik Erregetxera

Santa Anatik Frontoira igotzeko Galipota zeharkatuko dugu, harrizko zubiaren azpitik pasatuz.

Frontoia 1788 urtean eraiki zuten, errebotean aritzeko. Sasoi batean harmailak zituen inguru osoan, baina gaur egun zati batzuk baino ez dira geratzen, eskumaldean.

Frontoiaren alboan Santa Maria la Real parrokia dago. Eraikin nagusia XVI mendekoa bada ere, XVIIkoak dira alboko kaperak (1632), eliz ataria (1666) eta dorrea (1686). Barruakdean ditu XVIII mendeko lanak: korua (1715) eta erretaula nagusia.

Aurrera segi, eta Erregetxea (1804-1809) izandako tokira helduko gara. Bidean bi puntu nabarmendu daitezke, biak Erregetxerako irisgarrirasuna lortzeko. Alde batetik Etxaburuetako etxeak, XIX mende hasieran bota era bi metro atzeratu zirela. Eta bestetik karkaba, Zabaleta erreka estaltzekoa.

(Handitzeko, gainean sakatu)


Erreferentziak