Bilakaera urbanistikoa. XV mendeko hedapena (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Bilakaera urbanistiko osoa ikusteko, Bilakaera urbanistikoa (eu)

Aurrekariak. 1343: hiri gutuna

Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. Hiri gutuna (eu)

1343 urtean, Algecirasen setioan zela, Gaztelako Alfonso XIk Placencia sortzeko hiri gutuna eman zuen. Bertan Soraluzeko eta Herlaibiako biztanleei hiribildua sortzeko agintzen zien, bere harresi eta elizarekin.

Beste toki askotan moduan, herri berria lauki formarekin egin zuten. Bi kalek zeharkatzen zuten lau etxe multzo utziz. Etxe hauen zabalera 6 kanatan zegoen arautua. Beheko solairua harrizkoa izaten zen, eta lehen pisua egur eta adreiluz egindakoa.

Hiribilduak harresia eta ateak zituen; arrasto bakarra agiri zaharretan geratu da. Nahiz eta erregeak halaxe agindu, ez zuten eliza berririk egin, aurretik zegoena aprobetxatu zutelako (Soraluzeko monastegiarena).


Herriaren hedapena

Hiribildua sortu eta hurrengo mendean txikia geratu zen. Armagintza industriak hasi berria bazen ere, gero eta famii gehiago biltzen ari zen Soraluzen.

Hedapena hiru modutan gauzatu zen: harresi barruan, etxeei beste pisu bat eransten; etxe berriak egiten harresi kanpoan, beti hiribilduaren inguruan eta, azkenik, arrabalak sortzen.


Herriaren profila, goitik behera ebakita, Kalebarren 1. parean

Harresi barruko hedapena

Aurreko mendearen etxeekin alderatuta, XV mendekoak askoz sendoagoak ziren. Alde batetik mehelinak (etxe tarteko hormak) harrizkoak izan behar zirela arautu zuten, modu honetan suteak errezago ekiditzeko. Behe solairuaren etxaurrea ere harrizkoa izaten zen, bitan banatuta: alde batean atea, eta bestean leiho bat izaten zuen, inoiz erakuslehiotzat erabiltzen zena.

Kalebarreneko mehelin irten arkudunak

Tokia irabazteko, mehelinak hormatik 80 bat zentimetro irtetzen ziren; mehelinen artean arkuak eraikitzen ziren eta hortik gora etxaurrea, egurrezkoa edota adreiluzkoa. Modu honetan etxeek azalera irabazten zuten, kalearen kaltetan. Oraindik gordetzen dira adibide politak Kalebarren 1, 3 eta 5 zenbakitan, eta mehelin irtenak (baina arku barik orain) ikus daitezke Kalebarren 9an eta Santa Ana 9 eta 13an ere.

Ganbara ederrak izaten ziren, aurrekaldean lehiatila txikiek argiztatuta.

Etxe eta kale berriak hiribilduaren inguruan

Harresi inguruko hedapena

Kalegoen eta Kalebarren ateetatik kanpo etxeak egin ziren, kaleak luzatuz. Horretarako, ateen aurretik pasatzen ziren errekak estali edota desbideratu zituzten. Hegoaldetik bi etxe berri erantsi zioten Kalegoeneri, gaur egun Santa Ana kaleko 11 eta 13 zenbakiak. Iparraldetik, berriz, etxe berriak bi aldeetan egin zituzten, gaur eguneko Kalebarreneko 7, 9 eta 14, 16 eta 18.

Gainera, Kalebarren gainetik Etxaburueta kalea sortu zuten, harresi zaharraren gainean. Gerora, Erregetxea egiterakoan, kale hau bikoiztu zuten: Etxaburueta Erregetxerunt eta Goikokaleta Plaza Zaharreruntz.

Soraluze XV mendean (Javier Elorza 2018)

Arrabalak

Egindako hedapena nahikoa ez eta hiru arrabal sortu ziren.

Kalegoenetik Osintxurutz Irusagarreta auzoa sortu zen, izen bereko etxearen inguruan.

Ibaiaren bestekaldean, berriz, bi auzo berri eraiki ziren, Errabal izenekoa bat eta Arane auzoa, Arana etxearen inguruan, gaur egungo Baltegieta.


Zubi berria

XV mendean zubi berria egin zuten, ibia ordezkatuz. Modu honetan garraioa asko erraztu zuten, ibaia zeharkatzea ufalaren menpe ez zegoelako.

Ez da ezagutzen zubi hau ibiaren tokian bertan egin zuten, zubiko atearen parean, edo gorago, gerora egin zen zubiaren tokian (Gila tabernaren parean). Azken kokapen honek herrian sartzeko zig-zag modukoa egitera behartuko zuen, baliteke atea hobeto gordetzeko izatea.


Errabalekoak

Etxeak egurrezkoak izanik, sute arriskua oso altua izaten zen. harrizko mehelinak behartzeaz gain, sutegiak[1] hiribildutik kanpo ezartzen ziren. XV mendean sutegia zuten etxeak (Atxuri etxea, Zubiko etxea, Unamuno etxea...) denak Andikokalen zeuden.

Arrazoi berberarengatik, gaixotasunak uxatzeko ospitaleak herritik kanpo jartzen ziren. Soraluze kasuan, Ospitala Errabal kalean zegoen, ibaiaren bestekaldean.


Hurrengoak. Aro modernoa: 1500-1750

Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. Aro modernoa (eu)

1.756 urtean Florencio Josepf de Lamot-ek, Erret Lantegietan kontulari berak, Mapa Topographica de Plasenciasortu zuen. Bertan herriaren orduko ikuspegia erakusten da.

XV mendeko Soraluzerekin alderatuta, herria asko hazi zen. Etxe berriak erregebideen ondoan egin ziren, auzo edota kale berriak sortuz: Baltegieta, Errabal, Atxuri, Errekalde, Gabolats eta Elizburu.

Etxe berri dotoreak eta jauregiak egin ziren: Uribarri dorretxea, Enparan jauregia, Udaletxea, Zupide jauregia, Intxaurdieta etxea, Mendikute dorretxea eta San Salvador ermita.

Auzo eta etxe berriak egiteaz gain, hiru eraikin-multzo handi sortu ziren: Erret Lantegia (Uribarri dorretxean), eliza nagusia (bere kapera, eliz-ataria eta dorrerarekin), eta Santa Ana komentua.

XVI mende hasieran zubi berria ere egin zen, gaur egungo tokian, garai bateko ibitik 15 bat metro gorago. Eta Udaletxe berriaren aurrean etxe bat bota, enparantza sortzeko.


Erreferentziak

  1. Forjak.