Herriko jaiak (eu)

Sorapediatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Beste herri askotan moduan, Soraluzen jai asko ospatzen dira urtean zehar. Batzuk oso aspalditik, beste batzuk berriagoak, inoiz berpiztutakoak. Gehienak herri kaskoan ospatzen dira, baina auzoetakoak ere ez dira gutxi.


Ezaugarriak

Jai gehienak herrikaskoan antolatzen badira ere, auzokoetakoak ez dira gutxi. Bailara guztiek daukate berea (edo izan dute), eta herriko kale batzuek ere (Errekaldekoak, Galipotekoak, Estaziokoak...). Gainra, erromeriak edota antzekoak daude (Ezoziakoa, Irukurutzetakoa, San Rokeren itzulketa).

Askok eta askok kutsu erlijiosoa dute. Batzuetan berezkoa: Aste Santua, Gabonak, Kandelaria, San Blas... eta besteetan erantsia, herriaren edo auzoaren patroia delako, edota lanbide batena (San Isidro, Santa Barbara), edo Santu batekin erlazionatutako delako (Santa Ageda)...

Eta, jaiaren arabera, beste hiru kutsu nabarmentzen dira, askotan elkarrekin nahastuta: lagun taldekoa (Santa Ageda, Gaztainerre...), euskalzaletasuna (Euskal Jaia, Ezozeiako erromeria, Udate...) eta, last but no least, gastronimikoa (Kandelaria, Eguen Gizena, Gaztainerre...).

Sarrera honetan herrian diren eta izan diren jaiak jaso dira, hurrenkera kronologikoa errespetatuz.


Otsaileko jaiak

Kandelaria

Otsailak 2. Jai erlijiosoa.

Andreek kandelak eramaten zituzten mezetara, bedeinkatzeko. Gero, urtean zehar, ekaitza zenean kandela hauek pizten ziren etxeak tximistetatik babesteko.

Egun horretan ogi-torradak jateko ohitura zegoen[1].

San Blas

Otsailak 3. Jai erlijiosoa.

Umeek sanblasopilak (edeta goxokiak edota fruta) eramaten zituzten mezetara, bedeinkatzeko. Jaterakoan, opilek eztarriko minengatik babesten zuten.

Sanblasopilak aurreko egunetan egiten ziren, familiako bakoitzeko bana. Askotan Soraluzetik kanpo bizi zirenentzat ere egiten ziren eta, behin bedeinkatu eta gero, eraman. Ohitura hau Eibartik etorri zen XX mende erdialdean.

Santa Ageda bezpera

Otsailak 4. Jai profanoa.

Mutil taldea (edo taldeak) baserritik baserri eta etxerik etxe ibiltzen zen, koplatan eta kantutan, diru bila. Ataratakoarekin, afarimerienda egiten zuten.


Aratosteak

Hausterre egunaren aurreko astean. Jai profanoa.

Hausterre eguna eguaztena denez, aratosteak aurreko ostegunean hasi eta martitzenean bukatzen dira. 1.937 urrean, gerra garaian, debekatu zituzten; hala ere, Soraluzen eguen gizena ospatzen jarraitu zuten. 1.975tik aurrera berreskuratu ziren.

Eguen gizena

Hausterre egunaren aurreko ostegunean.

Bazkaldu aurretik txorizo egosia jateko ohitura zegoen (txistorrarik ez, mesedez!) eta, bazkalostean, esne-torradak[2] ardo goxoaz.

Aratoste domeka

Mozorro lehiaketa izaten da, banakakoa zein taldeena.

Aratoste martitzena

Sardinaren hileta ospatzen da; hau da, aratosten bukaera. Dantzaldia izaten da.

Hausterre eguna

Asteazkena. Erramu domeka baino 40 egun aurretik, Garizumaren hasiera markatzen du eta, aldi berean, aratusteen datak ere.

Egun horretan elizkizuna izaten zen. Bertan, abadeak eliztarren bekokietan gurutzea egiten zuen errautsez, latinez sasoi batean: Pulvis es et in pulverum reverteris[3].


Aste Santua

Jai erlijiosoak.

Aste Santuan hainbat elizkizun eta prozesio izaten ziren.

Erramu Domeka

Meza nagusia eta prozesioa. Erramuak bedeinkatzen ziren. Erramu hauek etxeetan gordetzen ziren, hiltzorian erabiltzeko.

Ostegun Santua

Arratsaldeko 5etan meza izaten zen, eta bertan ebanjeliotik pasioaren zatiak irakurtzen ziren, hiru ahotsetara. Ostean prozesioa egiten zen, hiru irudiekin: San Juan, Nazarenoa eta Ama Birjinarekin[4] Alkate eta zinegotzi guztiek parte hartzen zuten modu ofizialean. Parrokiara itzulita, apaizak kaliza gordetzen zuen Nazarenoaren kaperako aldarean, eta giltza herriko alkateak gordetzen zuen.

Santa Ana komentuaren elizan ere kaliza sagrarioan geratzen zen giltzapean. Monumentuak esaten zitzaien.

Monumentuen bisitak

Ostegun iluntzean eta ostiral goizean, fededunek bi monumentuak bisitatzen zituzten, parrokiakoa zein komentukoa.

Ostiral Santua

Lehen elizkizuna arratsaldeko 3retan izaten zen, Jaungoikoaren heriotza gogoratzeko.

Geroago, arratsaldeko 7retan, bigarren elizkizuna izaten zen, prozesio eta guzti. Bezperan moduan, udal osoak parte hartzen zuen. Hiru irudi erabiltze ziren, baina desberdinak: San Juan, Jesus hilkutxan eta Ama Doloretakoa. Herriko guardia zibilek, galaz jantzita, hilkutxa zaintzen zuten.

Zapatu Santua

Iluntzean elizkizuna izaten da, Jaungoikoaren berpizkundea ospatzeko.

Berpizkunde Domeka

Berpizkunde Paskua ere. Nahiz eta soraluzetarrendako benetako Paskuak Bergarakoak izaten ziren (Pentekoste Paskua).

Meza nagusia izaten zen, eta prozesio bikoitza. San Juan eta Berpiztutako Kristoa parrokiatik irtetzen ziren, mutil, gizon eta abadekin. Ama Birjina, neska eta andra guztirekin, Santa Ana komentutik irtetzen zen.

Bi prozesio udaletxearen aurrean egiten zuten topo. Orduan, Ama Birjinaren irudiak erreberentzia moduko egiten zion berpiztutako Kristoari eta prozesio bakarra osatzen zuten, Santa Ana komentura joateko eta handik parrokiara.


Udaberriko jaiak

Irukurutzetako erromeria

Gehiago jakiteko, sakatu hemen

Maiatzaren lehen asteburuan. Urte askotan galduta, azken urteetan berreskuratu dute.

José Miguel de Barandiaranek tradizio moduan jasotzen du.

Corpus Christi

Berpizkunde Paskuaren 40 egunetara (osteguna beti) ospatzen zen; hau da, Pentekoste Paskoa (Bergarako jaiak) baino 10 egun lehenago.

Prozesioa izaten zen. Herriko kaleak mirilloz estaltzen zituzten, prozesioak zapaltzerakoan usain atsegina sortzeko.

Jesusen Bihotza

Pentekoste Paskoatik hamaika egunetara ospatzen zen (barikua beti).

Prozesioa izaten zen, eta ibilbidean umeek aldaretxoak jartzen zituzten, diruak biltzeko. Ume taldeek elkarrekin lehiatzen zuten leku onenak hartzeko (prozesio hasierakoak eta toki ikusgarrienetan zeudenak).

Prozesioa bukatzerakoan, Plaza Barrian jende guztia biltzen zen eta, Udaletxeko balkoitik, alkateak herria Jesusen Bihotzari konsagratzen zion.

San Isidro

Maiatzak 15. Jai erlijiosoa.

Baserritarren patroia. Meza, prozesioa eta bazkaria izaten zen. Gaur egun Gaztainerreko azokak ordeztu du.

Euskal jaia

Ekainaren lehen domeka.

Gerra ostean sortutako jaia, euskal giroa herrian zabaltzeko. Goizez herriko eta kanpoko dantzariak kalez kale erakustaldiak egiten dituzte, eta arratsaldean batera dantzatzen dute plaza Zaharrean.

Ezoziako erromeria

Ekainaren bigarren zapatua.

2.007 urtetik ospatzen da. Hurrengo astean Ezoziko jaiak izaten dira.

San Juan bezpera

Ekainak 23.

Aurreko egunetan egurra eta bestelako erregaiak biltzen zituzten mutil taldeek, auzoka. Gero, San Juan bezperako ilunabarrean suak pizten ziren. Baserrietan ere sua egiten zen, bakoitzak berea.

Gaur egun Udate jaiak, egun berean ospatzen denak, ordezkatu du.

Herriaren eta auzoen "jai ofizialak"

Ezoziko jaiak (gaur egun)

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)

Ekainaren erdialdeko domekan.

Gainontzeko auzoen jaien tankera dute. Ezoziako erromeria aurreko astean izanten da, larunbatean.

San Andres bailara

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)

Nahiz eta San Andres apostoluaren eguna azaroak 30an izan, urte asko eta asko dira uztailaren bigarren asteburuan ospatzen direla.

Auzoetako jai indartsuenak izan eta izaten dira: meza, auzokoen bazkaria, bertsolariak, erromeria...

Herriko jaiak: Santiago-santanak

Uztailak 25 eta 26. Aurreko edota osteko egunak hartzen dituzte, asteburuaren arabera.

Herriko bigarrengo jaiak izan ziren. 1980 hamarkadatik aurrera, abuztuan jende gehienak herritik alde egiten duenez, herriko jai nagusiak bihurtu dira.

Txurruka bailara

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)

Uztailak 31. Bailararen patroia San Inazio delako.

2000. urte ingurutik jaiak ospatzeari utzi egin zioten, gero eta jende gutxiago zetorrela eta.

Irure bailara

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)

Abuztuaren lehenengo egunetan, Ama Birginaren Zeruratze jaiaren ondorengo igandean.

2003. urtetik ez da jairik antolatu.

Herriko jaiak: Andramaixak

Abuztuak 15, 16 eta 17. Hau da, Andramari, San Roke eta San Roke txiki.

Herriko jai nagusiak izaten ziren, batez ere 1980 hamarkada arte. Laneko oporrak abuztu osokoak hasi zirenean garrantzia galdu zuten Santiago-santana jaien mesedetan.

Ezoziko jaiak (sasoi batean)

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)

Andramaixen osteko lehen asteburuan.

Gainontzeko auzoen jaien tankera zuten. Abuztuan gero eta jende gutxiago zegoenez, gaur egun ekainaren erdialdean ospatzen dira.

San Martzial

Irailak 1en inguruan.

Batez ere karidadeagatik ezagunak ziren: bezperan txahala hil, gauean erre eta hurrengo egunean ogia, okela eta salda banatzen zitzaien etorritakoei.

Udazkeneko jaiak

Errekaldeko jaiak

Irailak 24aren inguruan (Ama Mesedetako eguna).

Nahiko ajai berriak, azken urteetan antolatzen ari dira. Bertan dagoen zaharren egoitza Ama Mesedetakoa izanik, egun hori haru dute jaien ardatz.

San Roke txikiren erromeria

Gehiago jakiteko, sakatu hemen

Urriak 12. Jai erlijiosoa.

Parrokitik ermitaraino itzultzen dute San Roke txiki, abuztuak 17an ekarri dutena. Bidean San Rokerne gorazarre letaniak abestuz.

Urteko azken mendi irteera izaten zen, uda sasoiaren bukaera.

Neguko jaiak

Gaztainerre azoka

Gaztainerre eguneko aurreko zapatuan.

Herriko azoka izaten da. Baserri produktuen eta herriko artisautzaren erakusgarri. Urteko baserritar bat omentzen dute.

Gaztainerre eguna

Domu Santu osteko bigarren astelehenean[5].

Soziedatetan (koadrilak) eta etxeetan afari bereziak: marraskiloak eta gaztaina erreak.

Santa Barbara

Abenduak 4.

SAPA eta SAPAkoen patroia. Meza eta bazkaria izatzen zen.

Gabonak

Abenduak 24.

Mutil edota gizon taldeak kalez kale gabonetako kantuka. Gaur egun Olentzero paseatzen dute.


Desagertutako eta berpiztutako jaiak

Galipotekoak

2.000 urtearen inguruan Galipot kaleko biztanleek hainbat urteetan jaiak antolatu izan diztuzte, musika kontzertu eta guzti. Aspaldi desagertu ziren.

Estaziokoak

Estaziokoak ere bere jaiak ospatzen zituzten, besteren artean akordeoia eta txokolateaz. Aspaldi desagertu ziren.

Desagertutako beste jaiak

Galipotekoez eta Estaziokoez gain, beste jai batzuk ere desagertu izan dira: Txurrukakoak, Santa Barbara, San Isidro...

Aste Santuko prozesioak ere desagertu ziren aspaldi.

Berreskuratutako jaiak

Frankismoak aratosteak desagertaeazi bazituen ere, hura pasa era gero berriro ospatzen ari dira.

Irukurutzetako erromeria, berriz, urte mordoa ospatu gabe pasa eta gero, pare bat aldiz berpiztu da.

Erreferentziak

  1. Ogia esnetan ondo busti, irinaz eta arraultzaz estali eta frijitu. Ateratzeko, gainetik azukrea egin.
  2. Esneaz, irinaz eta azukreaz (arraultza gehitu kolore horia emateko, nahi bada) ahia sendoa egin eta trinkotzen utzi. Laukitan moztu, irina eta arraultzaz pasa eta frijitu. Ateratzeko, gainetik azukrea egin.
  3. Hautsa zara eta hauts bihurtuko zara.
  4. Aurretik mutilak joaten ziren, bi ilaratan, eta San Juan erdian. Gero gizonak, bi ilaratan hauek ere. Nazarenoa eta apaizak ostean eta, bukatzeko, neska eta andra guztiak Ama Birjinarekin, denak nahastuta.
  5. Eibarren Domu Santu osteko lehen astelehenean.