Historia. Erromatarren garaia (eu)

Sorapediatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Urte askotan pentsatu izan da erromatarrak ez zirela asko sartu itsas aldeko Euskal Herrian (saltus vasconum = euskal basoa). Baina XX mendeko ikerketek eragina ez zela hain txikia frogatu dute.

Inolako duda barik, gaur egunean esan dezakegu Soraluzen ere egon, egon zirela.


Aranzadikoak lanean (Antxoka Martinez 2016)

Erromatar aztarnak...

2016 urte bukaeran Aranzadiko teknikoek Kortatzar haitzen (Karakate) inguruan erromatar gudalosteak eraikitako defensa lerroaren aztarnak topa zituzten[1], Gipuzkoan agertu den lehena.

Aukera bat da gerrarekin lotuta izatea (Kantabrian, erromatarrek eta kantabroek urte luzeetan gerratan ibili zirela, ohikoak direla halako defentsa lerro erromatarrak) edo, bestela, komertzioarekin lotuta.

Erromatarren garaian Iruña-Veleia[2] zen Arabako hiri garrantzitsuena, eta Deba ondoko Astigarribian edo Mutrikun[3] bertan Tritium Tiboricum[4] izeneko portua zegoen.

Iruña-Veleiatik Tritium Tiboricum-erako galtzada

Bion arteko galtzada Deba bailaratik zetorren, ibaiaren ezkerraldetik. Soraluzera heltzerakoan, Ibaizabal ibitik beste aldera pasatzen zen, gaur eguneko zubi nagusia dagoen inguruan. Hortik aurrera Ezozia eta San Roketik Elgoibar aldera heltzen zen, eta handik itsasoruntz. Bide nagusi hau erabili izan da XVIII mendearen bukaera arte, Maltzagako sakonuneko bideak eraiki arte.

Mende batzuk geroago, erromatar galtzadak Deba ibaia zeharkatzen zuen Ibaizabal ibi inguruan Soraluze herrixka sortu zen.


Averiguaciones de las antiguedades de Cantabria

...eta erromatar kontuak

Berpizkunde garaian Erroma eta erromatarrak modan jarri ziren, eta haiekin lotzeko arrastoen bila jarri ziren pertsonak zein herriak. XVII eta XVIII mendeko historialariek hiru aldiz, gutxienez, lotu dute Soraluze erromatarrekin.

Gabriel de Henaok, Averigvaciones de las antigvedades de Cantabria liburuan (1689) bi aipamen jaso zituen.

Lehena Esteban de Garibai arrasatearrak idatzia: erromatarren garaian Extremadurako Ambraciatarrek Gipuzkoako Placencia sortu omen zuten; eta mila urte geroago, Ambracia desegin zenean soraluzetarrak Extremadurara itzuli ziren Ambracia bersortzera, Plasencia izena jarri ziotela. Bigarren aipamena, berriz, Iosef Pellizer-ena da, Tritium Tiboricum Gipuzkoako Soraluzen zegoela idatzi zuela.

Azkenik, La Cantabria vindicada (1779) liburuan, Joseph Hippolito de Ozaetak Egossa edo Egoza erromatarrek erabilitako izenak zirela esaten du. Gogoratu behar da Egotza oso kokapen egokia duela Deba bailara zelatatzeko.


Erreferentziak

  1. Kortazar mendiko erromatar aztarnak. Antxoka Martinez (Aranzadiana 2016).
  2. Iruña-Veleia. Wikipedia (euskaraz)
  3. Mutriku izena Tritium Tiboricum-etik omen dator.
  4. Tritium Tiboricum. Wikipedia (euskaraz)