Plaza Zaharra (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search

Kokapena

Plaza Zaharra Kalebarren bukaeran dago, Erregetxeren azpian eta erreka ondoan.

Forma irregularra dauka. Erregetxe azpiko zatia trapezioa da, 30 metro luze; anbulatorioko aldeak 15 bat metro ditu, eta Arregia Goikoa etxekoak 8 bat metro. Bigarren zatia erreka ondoko zuhaztia da, 57 metro luze eta 15 metro zabal.

Loading map...


Argazkiak

(handitzeko, sakatu gainean)


Historia

Izena berak adierazten duenez, herriko plaza zaharrena da.

Hasiera batean harresi kanpoan geratzen zen[1]. Gaur egunean Erregetxe azpiko zatiak osatzen zuen orduko plaza osoa, Hiltegi zaharra eta Arregia Goikoa etxearen arteko esparrua, alegia.

Kalebarren-en ostean zegoenez, garai haietan Kalebarreneko plaza barria esaten zioten. 1831 urtean gaur eguneko Plaza Barria eraiki ostean, Plaza Zaharra esaten hasi zitzaion.

Gerora plazaren beste erdia eraiki zuten, erreka aldean horma jasoz. Eta tarte honetan platano arrunten bi ilara sartu zuten. Errekaldeko horma ez da zuzena, Batzoki parean Kalebarren aldera okertzen da eta. Zuhaitzek ederki salatzen dute hau.

Errekaldea libre bazegoen ere, bi eraikin jaso zituzten: La casita de papel eta Batzokia. Azken hau 1932 urtean egin zuten, eta aurreko pare bat zuhaitz bota zituzten.

Gerra garaian, 1937ko azaroak 12ean, orduko Udalak Nafarroako Aldundia zoriondu zuen, Francisco Francok San Fernandoren gurutze laureada eman zionean. Segururena, orduan aldatuko zioten izena plazari, Plaza de Navarra izendatzeko.

Franco hil eta gero, demokraziarekin plazak jatorrizko izena berreskuratu zuen.

2010 hamarkadan plaza birmoldatu zuten, eta oinezkoentzako itxi arratsalde eta asteburuetan.


Eraikinak

Hainbat etxe eta eraikin daude plazaren bueltan. Kalebarrenetik hasita, eskuman daudenak:

  • Kalebarren 13. Etxe honi Carnicería esaten zitzaion, bertan Hiltegi zaharra zegoelako. Hura bota zuten, eta bere ordez Anbulategia eraiki.
  • Etxaburueta 3. Hemen Erregetxea zegoen, baina 1.976 urtean bota zuten.
  • Gabolats 1. Arregia Goikoa etxea, Txokolonekoa ere esaten zioten.
  • Gabolats 3. Txokoloneko etxe berria, familiarako eraikia.

Ezkerrean, berriz, beti Kalebarrenetik hasita:

  • Kalebarren 22. Azpian Txoko taberna dago, eguraldi onarekin Plaza Zaharrean terraza zabaltzen duena.
  • Kalebarren 24. Etxe honi Barberokoa esaten zitzaion. Baita La casita de papel edo Paperezko etxetxoa. Azpian Zabala aroztegia zegoen
  • Kalebarren 26. Hemen Soraluzeko Batzokia dago.
  • Gabolats 2. Arregia jauregiari dagokio.


Sokamuturra

Mendez mende sokamuturra egiteko esparrua egokitzen joan da, baina Plaza Zaharra beti izan da sokamuturraren eszenategia.

Esparruaren leku zabalena da, eta beraz zezenak denbora gehien ematen duen ingurua. Gainera, bankuak direla eta aukera asko ematen die zaleei. Eta Erregetxetik ikuspegi ezin hobea dago ikuskizunaz gozatzeko.

Sasoi batean sokamuturrarako zezenak Hiltegi zaharrean gordetzen ziren, eta hura botatzerakoan Goikokaletaren behekaldean antolatzen da zezendegia.


Submarino

Arregia Goikoa etxepean Submarino taberna zegoen.

Etxea 1963 urtean bota zutenean berria jasotzeko, Submarino taberna plaza Zaharrera pasa zen, Banco Guipuzcoano ondoko txosna moduko batetara, eta bertan zabalik egon zen Luis Mari Bolunburu jabea (Calixto txikixa) jubilatu artean.


Erreferentziak

  1. Beste hipotesien arabera harresiak Arregia jauregiraino heltzen ziren, eta Plaza Zaharra harresi barruan geratzen zen.