San Martzialgo jaiak (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search

San Martzialgo jaiei kopraixak esaten zaizkie, bertako Kofradiak antolatzen zituelako. Ez dira nahastu behar Ezoziako jaiekin, urte askotan Ezoziako Kofradiaren eguna izenez ezagutuak.


San Martzialeko patroiak

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
San Emeterio eta San Zeledonio
Kalagorriko meza liburua (1554)

San Martzial ermitako patroia ez da San Martzial, San Emeterio eta San Zeledonio baizik.

Kalagorriko anaiak ziren, III mendean erromatar armadan gudari. Diokleziano enperadoreak kristauen jazarraldia hasi zuenean, Emeteriok eta Zeledoniok fedeari eutsi zioten, eta burua moztu zieten (298/03/03).

Hurrengo urteetan Kalagorriko elizbarrutiko patroiak izandatu zituzten. Eta mairuek Ebro arroa hartu zutenean, santuen erlikiak (buruak) Santanderra eraman omen zituzten, gaur egun bertako katedealean gordetzen dituztela.

Ertaroan Espainiako "errekonkistak" aurrera egin ahala, elizbarrutiak berrantolatu ziren. Bizkaia, Araba eta Deba arroa Valpuestako elizbarrutian geratu ziren hasieran[1], eta Kalagorriko elizbarrutira pasa ziren gero. Garai haietan, tokian tokiko jauntxoek eliza eta ermitak babssteko ardura hartu zuten, eta ordainetan hauen ondasunak erabiltzen zituzten, batez ere Bizkaian eta Deba Arroan.

XV mendean Kalagorriko apezpikuak erasoa jo zuen ondasun horiek berreskuratzeko. Besteak beste, Kalagorriko elizbarrutiko patroien omenez, San Emeterio eta San Zeledonio alegia, ermita eta eliza berriak egiteko agindu zuen, edo aurretik zeudenak berrizendatu.

Deba arroan gutxienez bi tokitan eragin zuen: Bergarako Osintxu auzoan eta Soraluzeko San Martzialen. Kasu honetan bazegoen ermita aurretik, San Martzialen izenean. San Martzial irudia alboko aldare batera pasa, eta erretaula nagusi berria egin zuten, San Emeterio eta San Zeledoniorekin.


Jaia noiz ospatu?

Sasoi batean San Emeterio eta San Zeledonio jaia martxoak 3an ospatzen zen, burua moztu zieten eguna. Kalagorrian oraindik erabiltzen dute egun hau.

Baina Santanderreko apezpikuak eskatuta, 1669 urtean orduko Aita Santuak abuztuak 30ra aldatu zuen santuen eguna.

Nahoz eta Deba arroa Kalagorriko elizbarrutian egon, bai Osintxun zein Soraluzen jaiak egun berrira aldatu zuten, segururena eguraldiak gehiago laguntzen duelako.

Jaiak egun berean egiten zirenez, jendeak baten eta bestearen artean aukeratu behar zuen. Horregatik, eta jaiek talka ez egiteko, 1701 urtean soraluzetarrak eta osintxuarrak bildu ziren. Osintxuko jaiak abuztuko azken igandean ospatzea erabaki zuten, eta San Martzialeko kopraixak, berriz, astebete geroxeago, iraileko lehen domekan hain zuzen.


Kopraixak (A. Bolumburu Biribiltxo)

Sasoi batekoak

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

Garai batean bai kopraixak zein karidadea oso zabalduta zeuden. Ermiten jarduerak antolatzeko kofradiak izaten ziren, maiordomo batek gobernatuta. Bertako santuaren jaiarekin batera urtero maiordomo berria aukeratzen zen. Hortik jaiei kopraixak esateko ohitura.

Eta jai haietan karidadea (ogia) banatzeko ohitura, askotan okelaz edota saldaz, oso zabalduta izan da. Esateko, Bergarako Murinondoko San Blas ermitan, Osintxu ondoan, XVII mendean oraindik banatzen zen karidadea, eta Soraluzeko Ezozian ohitura XVIII mendean galdu zen. Osintxuko zein Soraluzeko San Martzialeko kopraixek eta karidadeak gaur arte iraun dute, nahiz eta aldaketa batzuk izan.

1936 urtean Cruz Abarrategi soraluzetarrak Jose Miguel Barandiaranek prestatutako galdetegi etnografikoa[2] eta bertan halaxe jaso zituen kopraixak:

Jaia iraileko lehen domekan ospatzen da, aurreko domekan Bergarako Osintxun egiten den moduan. Ordu txikitan ermitako maiordomoa eta laguntzaileak bertara igotzen dira, okela eta opilak daroiazela. Ermita ondoan sua pizten dute eta bertan bi pertz handi jartzen dituzte; pertzetan okela, espezie batzuk eta ur asko. Goizeko lau edo bostetarako herriko jendea hasten da agertzen: familia bakoitzeko pertsona bat, gehienetan zaharrena, ontzi batekin eta ogi pusketa batekin. Ermitara heltzerakoan ogia "sopan" bustitzen du eta ontzian sartzen du; gero etxera eramaten du, familiako guztiek dastatzeko.
Hamarretan meza kantatua izaten da, eta lehenago abadeak okela eta opilak bedeinkatzen ditu; okela eta opilak etxerik etxe banatzekoak dira, zentimo batzuren truke, eta karidadea esaten zaie. Ofertorio aurretik meza-emaileak hitzaldi laburra egiten du, aurkeztu den maiordomo berriaren izena zabaltzen duela. Egun horretan jasotzen diren limosnekin eguneko meza, sermoia... ordaintzen dira, eta domeka zein gorde beharreko jai guztietan ermitan pizteko tximeleta bat[3].
"Soparen" ohitura hau, diotenez, garai bateko oroigarria da. Orduan martiri hauek[4] oso jauretsiak ziren, eta jaira kanpotar asko zetozenez, maiordomoak txekorra hiltzen zuen eta gaur eguneko moduan prestatzen zuen.

Aurretik, Jose Miguel Barandiaranek berak jasota zuen karidadearen aipamena.

1950ko hamarkada bukaeran maiordomoen sistema krisian sartu zen, era kopraixak bertan behera geratzeko arriskuan zeuden. Orduan Eli Lakuestak, maiordomo kaletarra baina Ernizketa baserriarekin lotuta, bere gain hartu zuen jaien ardura. Hurrengo urtetan berak eta bere lagunek kopraixak eta karidadea antolatu zuten, bezperatik okela egosi eta salda egiteko ohitura mantenduz, gutxienez 1980 arte; behintzat, jai egitarauan agertzen den azken urtea da. Hurrengo urtetan salda banatu bai, baina ez modu tradizionalean.


Dantzaldia karpapean (Plaentxia.eus 2016)

Gaur egun

Urte askotan, zapatuan, kanpotik ekarritako musika taldeekin dantzaldia egiten izan da. Azken urteetan egitarau beteagoa dago: mendi irteera, trial erakusketak, bazkaria, herri-jokoak...

Domekan, meza eta salda banaketaz gain, egunean zehar herri kirolak, mus txapelketa, umeendako jolasak, trikitilariak eta bertsolariak izan ohi dira. Jaiaz auzoko bizilagunek antolatzen dituzte eta plaentxiar asko batzen da bertara.


Erreferentziak

  • Gainontzeko Gipuzkoa Iruñeko elizbarrutiarena zen, eta Bidasoaldea Baionakoarena.
  • Cuestionario etnográfico. Jose Miguel Barandiaranek prestatutako eta Cruz Abarrategi soraluzetarrak osatutako galdetegia (1936).
  • Lamparilla. Krostalezko ontzi bat urez bete, eta gainean olioa isurtzen zen. Tximeleta bertan sartu eta pizten zen, eta olioak iraun bitartean argia ematen zuen.
  • Meteri eta Zeledon Santuak.