San Roke ermita (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
San Roke ermita
San Roke ermita. Ikuspegi orokorra 01 (Kontrargi 2002).jpg
Estiloa
Mendea XV-XIX
Kokapena Ezozia bailara
Mota Arkitektura


Irudiak

(handitzeko, sakatu gainean)


Kokapena

(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

Loading map...


Leiho zaharrena (J.C. Astiazarán 1979)

Azalpena eta historia

San Rokeren ermita izenez ezagutzen den baseliza, Ezokiako santutegia baino gorago dagoen tontor baten gainean dago, garai bateko errege bide nagusiaren ondoan. Bertatik, Soraluzeko herria eta gaur eguneko Maltzagako bidegurutzea ikusi litezke. Bidean aurrera eginda Elgoibarreko San Roke ermitara heltzen zen, eta handik Elgoibarrera jaitsi.

Ermita oso zaharra da, erdi-puntuko arkuan eginiko pieza bakarreko leiho txikiak adierazten duenez, bere horma eta aintzineko itxuraren baitan oraindik kontserbatzen duena. Ermitari buruz dokumentuetan agertzen diren lehen erreferentziak XVI. mendekoak dira. Hasera batean Gurutze Santua[1] izenez ezaguna zen, Ochoa Ybañez de Yrureren 1518ko testamentuan agertzen delarik.

Gaur egun San Roke da ermktaren titularra. Aldaketa, segururena, 1598ko nafarreri izurriteak eragingo zuen. Elgoibarrerako bidean San Esteban ermita zen; izurrite hori zela eta Elgoibar San Rokeri gomendatu zitzaion, eta izurritea bukatu eta gero, eskerrak emateko ermitaren santua eta izena aldatu zuten. Soraluzen ere antzekoa gerta zitekeen.

Soraluzen 1598 urteko izurritearen eragina oso gogorra izan zen, Oñatirekin batera inguruetako gogorrena. 1597 urterako San Roke eta San Sebastianen irudien erretaula-hornazina eraikitzen hasiak ziren, eta lanak asko aurreratu ziren aipatutako nafarreriari esker, hil baino lehen beraien testamentuetan kutsatutako askok dirua laga zutelako helburu horrendako.

Hala baieztatzen du Joan Ibañez (Eizagirre baserrikoa) eta Ana Eizagirre Iraolakoa neba-arrebek 1597ko abuztuan egindako testamentuak. Testamentuak honela dio: Item. San Roke eta San Sebastianen irudien erretaula egiten laguntzeko hamabi erreal eta dukat bi bidaltzen ditugu (hurrenez hurten) eta mezak ordaintzeko... (Ytem, mandamos para ayuda de hazer el rretablo de las imágenes de san rroque y san sebastián, doze reales y dos ducados (respectivamente) y se paguen de misas...)

Santa Maria la Real eliza bukatu berria, 1611 urtean San Roke ermita handitzeari ekin zioten, Errezilgo Martin Galarraga harginarekin. Mendi aldera luzatu zuten ermita baina, bertako lurra gogorra izanik, zorua maila desberdinetan egin zuten. Segururena urte hauetan San Roke eta San Sebastian irudiak Santa Cruz ermita honetara ekarri zituzten[2], eta alboko aldare batean jarri. San Rokek zuen eraginari esker ermitaren izena ere aldatzen joan zen.

1695 urtean atea lekuz aldatu zuten, oinetatik hegoaldeko hormara. Eta 1702 urtean adreiluzko zorua egin zioten. Hurrengo urteetan egur lanak egin zituzten: korua, aulkiak... eta kanpaia jarri zuten.

Agertutako domina, txanpon eta iltzeak (Miren Aierbe 1993)

Gurtza horren adierazgarri, 1990. urtean berriztu zuen ermita herritarren artean osatutako batzorde batek. Egindako lanak: estaldura konpontzea, hezetasuna eta zurezko egitura intsektu xilofagoen aurkako tratatzea eta kanpo eta barne paramentuak egokitzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.150.000 pezetaz lagundu zuen.

Gero, solairua zaharberritzeari ekin zioten, eta giza hezurrak agertu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundia Aranzadi elkartearen taldea bidali zuen, azterketa azkarra egiteko[3][4]. Bertan sei lagunen hezurrak topa zuten, heldu bat eta umeak beste bostak. Gainera, domina bat eta aintzinako txanpon pare bat ere: Portugaleko ceitil bat, Alfonso Vekoa (1438-1481) eta Nafarroako cornado bat, Felipe IVrena (Espainiako Felipe II, 1561-1598).


Jaiak

Santua gurtu eta herri osoarendako babesa eskatzeko, San Roke egunez (abuztuaren 16an), prozesioa egiten da Santua herriko parrokiara jeitsiz eta urriaren 12an berriz prozesioan jasoz ermitara itzultzen da. Prozesio hauetan San Roke goratzarre abesten da.

Abuztuko Andramari jaien barruan, San Roke eguna ospatzeaz gain, San Roke Txiki eguna ere ospatzen da, Plazentziarren umore zorrotzaren eguna.


Arkitektura

Luze-zabal txikiko nabe bakarra, planta karratua, lau isurkiko estaldura eta manposteriazkok hormak. Harrien kokapenak salatzen dutenez, horma zaharrak baxuagoak ziren, eta garai batean paretak jaso zituzten, ermita altuagoa egiten. Horma zati berrian leiho gotiko konopiala dagoenez (propio eginda edo horma zaharretik ekarria), pentsatzekoa da lan hauek XVI mende aurretik egin zituztela.

Sarrera erdi-puntuan dobelaturiko portadaren bidez egiten da. Sarrera hau ermitaren oinetan zegoen aurretik, baina gero albo batera mugitu zuten, hegoaldera hain zuzen. Oinetako horman oraindik nabarmentzen da ateak hartutako tokia.

Bi leiho nabarmen ditu, mendebaldera ematen dutela biak ala biak. Bata, goian aipatu dena, erdi-puntuko arkuan eginiko pieza bakarreko leiho txikia da; erabilitako teknika honek erakusten du oso leiho zaharra dela. Bigarrena, kanpandegi azpian dagoena, gotikoa da, konopiala hain zuzen.

Estaldura eta koruen egiturak zurezkoak ditu. Barrualdean, aldare inguruan zerua edo guardapolvos zuen, oso sinplea, presbiterioa babesteko.


Artelanak

Dituenak oso zaharrak dira, eta herrikoi estilokoak:


Erreferentziak

  1. Santa Cruz ermita. Javier Elorza (1996)
  2. 1700 urtean San Roke eta San Sebastianen irudiak ermitatik parrokiara jaitsi zuten, bederatziurrena egiteko.
  3. Intervención en San Roque. Miren Ayerbe (Aranzadi 1993).
  4. San Roke ermita. Miren Ayerbe (Arkeoikuska 1994).