Txurruken auzunea (eu)

    Sorapediatik

    Kokapena

    Txurruken auzunea Bergararako irteeran dago: Txurruken baserria zena eta Arantzazuko Ama plaza pasa eta gero, herriko azken etxeak dira.

    Nahiz eta auzune izan, lerro batean antolatuta dago, 140 metroko luzeerakin. Zabalera 4 metrokoa da, eta 12koa aurretik pasatzen den errepidea kontutan hartu eta gero.

    Mapa kargatzen...


    Argazkiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Txurruken baserriari erositako lurrak (Múgica familia 1943)

    Historia

    Gerra ostean Soraluzek biztanle asko irabazi zuen, batez ere etorkinak. Hogei urtetan 3.000 bat biztanletik (1.940 urtea) 5.000 biztanle izatera (1.960 urtea) pasa zen.

    Herria ez zegoen prestatuta honenbeste jende hartzeko, eta etxebizitza falta ikaragarria zegoen.

    Horregatik, herriko enpresa handien nagusiak bildu ziren[1], auzunea berria egiteko asmoarekin. Horretarako Gipuzkoako Obra Sindical del Hogar y Arquitectura erakundearen laguntza izan zuten.

    Nahiz eta herri kaskotik oso urruti egon, Txurruken eta Salon baserrien ortuak begiz jo zituzten, erreka eta errepidearen artekoak, eta erosketa oso bizkor 'adostu' zuten, gerra osteko giroari esker: 1947 urtarrilaren 7an 4.307,82 m2 erosi zituzten, metro koadroko 32 pezetatan. Hori bai, kontratuak erosleak baimentzen zituen gehiago ordaintzeko, hala nahi izan eta gero.

    Ia urtebete pasa zen lanak hasi barik, eta jabeek lurrak berreskuratzeko aukera ikusi zuten... baina alferrik! Egun gutxi batzuk falta zirela erosleak agertu ziren, notario batekin, lau atxurkadak jotzeko, modu honetan lanak hasitzat emateko eta eskubideak ez galtzeko.

    Lanak 1954 urtean bukatu zuten, eta etxeak biztanleei eman. Auzuneari Serafin Achótegui izena eman zioten. Serafin Achotegui Sacia enpresaren ugazaba izandakoa zen, gerra garaian Arraten eraildako buruzagi karlista.

    Dena dela, Txurruken baserriaren alboan egonda, herriak Txurruken esaten zion auzuneari. Horregatik, eta bertakoek hala eskatuta, 2016 urte bukaeran Soraluzeko Udalak Txurruken izena ofizial egin zuen.

    Bertako etxeak

    Auzunea 7 etxek osatzen dute, elkarren ondoan eraikita eta 1-tik 7-ra izendatuta. Hormigoizkoak dira, herrian aurrenetakoak (Alejandro Calonje auzunekoak, esateko, harrizkoak dira).

    Zazpiak oso antzekoak dira: beheko solairua barne, lau solairu daukate, eta bakoitzean bi etxebizitza, ezker-eskuma. Kalea aldapan dagoenez, eskilarak daude atarietaraino; atariek hiru tarteko aterpea dute, etxe barruko arkupe modukoa.

    Erdiko etxea, 4 zenbakiduna, besteak baino atzerago dago. Honi esker, arkupe zabalagoa du, zazpi tartekoa, gainean terraza ederra duela.

    Orokorrean, Calonge auzuneko etxeek baino diseinu zainduago eta dotoreagoa dute.

    Erreka aldetik belardi luzea daukate, umeen jolastoki dena.


    Erreferentziak

    1. SAPA, Construcciones Sacia, Alberdi Hermanos, Agustín Arias e Hijo eta Eugenio Argárate