Txorromorro (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Izena/k Txorromorro / Saltaborrachos / Punzón, tijerilla y no jugué
Tokia Plaza Barria, Plaza Zaharra, Eliz ataria, eskolak...
Materiala Ez da behar
Adina 5 urtetik aurrera
Partaideak 3tik aurrera


Talde jolas hau zaharra da Euskal Herrian eta kanpoan, eta jolasteko modu asko dira. Hemen Soraluzen erabilitakoa azaltzen da.


Txorromorro, ama hormaren kontra dagoela

Hasiera

Nahiz eta 3tik aurrera jolastu daitekeen, zenbat eta lagun gehiago izan hobe.

Lehendabizi ama edo epailea bat aukeratu behar da, eta ondoren bi taldeburuak. Askotan zotz egiteko kantak erabiltzen ziren.

Taldeburuek bere taldeak osatzen dituzte. Horretarako, biotako bat lehenesten da, gehienetan oinetara: bizpahiru metrotara jarri eta, txandaka, oin bat bestearen aurrean jartzen dute; bere txanda helduta bestea zapaltzen duena irabazten du.

Garaileak hasita, taldekideak banaka hautatzen dituzte.

Garailearen taldea libre izango da lehengo jokaldian, eta lehia galdu duen taldea paga, astoarena egingo duena.


Arauak

Jokaldia hasteko, ama edo epailea harmaila, eskailera edo banku baten jarri behar (inoiz zutik, paretan edo arbola baten kontra) eta paga taldeko partaide bat, makurtuta, amaren hanka tartean bere burua jarriko du. Ostean, beste taldekide guztiak ilaran jarriko dira, burua aurrekoaren hanken artean sartuta, eskuekin izterretatik edota mokorretatik heltzen diotela.

Paga edo astoen ilara prest dagoenean, beste taldekoek banan-banan astoen gainean salto egingo dute, denak astoen gainean geratu arte. Lehenengo saltokariak amarengandik ahalik eta gertuen geratzen saiatuko dira, atzetik datozenei tokia lagatzeko.

Salto egiten dutenek ezin dute oinekin lurra ikutu, ezta alboetara edo atzera erori, ezta hankak edo oinak azpikoen azpian sartu. Salatzeko, pagak "cruzao!" hots egiten zuten. Hau gertatuz gero libre dagoen taldea paga izatera pasako da, eta alderantziz.

Bestalde, paga taldeko inork ukatx egiten badu[1], hau da, pisuari ezin eutsita lurrera erortzen bada, jokaldia berriro hasiko da.


Bukaera

Behin libre guztiak astoen gainean igota, ilarako lehengoak hatz bat erakutsiko dio epaileari. Orduan honek Txorro morro piko tallo ke! galdetuko dio astoen taldeari, eta azpian dagoen lehen pagak asmatu beharko du. Hatzamar bakoitzak bere izena dauka: txorro da erpurua, morro erakuslea, piko luzea, tallo nagia eta hatz txikia ke.

Pagak asmatzen badu, rolak aldatu egingo dira eta paga zirenak libre izatera pasako dira. Eta ez badu asmatzen jokaldia berriz hasiko da.

Inoiz, asmatzea errazagoa izateko, 3 hatz bakarrik erabiltzen dira: txorro, morro eta piko. Erderazko bertsioa ere bazegoen: punzón (hatzapar bat), tijerilla (bi) eta no jugué (hiru hatzapar).


Taktikak

Libre guztiak kabitu egiteko, salto egiten zuten lehenak arinenak izaten ziren, ahal zen leku gehien uzteko gainontzekoei. Honela azkenak ez ziren eroriko eta jokaldia galdu.

Beste taktika bat ukatx bilatzea zen. Partaide libre handienak paga ahulenaren gainean jauzi egiten saiatzen ziren, ahal zen indar gehienarekin, pisuarekin honek ukatx egiteko.


Erreferentziak

  1. Ukatx egin. Gehiago ezinean nahiz zeharo nekaturik erori.