Aitor Amor (eu)
Aitor Amor | |
---|---|
Jaio | Soraluze, 1948 |
Hil | |
Profila | Artisaua |
Aitor Amor 1948 urtean jaio zen Soraluzen.
Ibilbide profesionala
Gaztetatik armagintzan jardun zuen. 15 urte zituela, Arizaga eskopeta lantegian hasi zen lanean, aprendiz moduan. Bertan, eskopetak egiten ikasi zuen; kulatak edo egurrezko piezak ez ezik, gainontzeko pieza guztiak egin, muntatu eta ajustatzen ikasi zuen.
Ondoren, 25 urte zituela, Eibarrera joan zen, Unión Armera-ko Grulla etxean lan egitera, eskopeta finak egiten ikasteko asmoz. Ordura arte ikasitako teknika eta prozesuak alde batera laga eta berriro hasieratik ofizioa ikasten jardun zuen maisu berriekin.
70. hamarkadan, eskopetagintzaren gainbehera etorri zen eta, baldintzak onak ez zirenez, Soraluzeko SAPAra lanera etortzea erabaki zuen. Jubilatu zen arte, bertan eman zituen bere lan ibilbide luzeko azken urteak.
Makilgintza
Bere bizitza profesionalean hasieratik eskuz landutako lanak interesatu zitzaizkion, lan finak. Eta 1984 urtean hasi zen makilak egiten, eskopetak laga eta SAPAra etorri zen garaian.
Eskopetagintzatik eskuratu zituen artisautzarako beharrezkoak ziren ezagutza asko, grabatua kasu, baita grina ere. Aurrerago ikasi behar izan zituen, batez ere, egurra eta larrua lantzeko teknikak.
Lehenengo lanak, hemengoak diren mendirako makilak izan ziren. Aurreraxeago, bere koinatuak, konde batena omen zen Iparraldetik ekarritako Euskal Makila bat ekarri zuen eta erronka bota zion; ea hura egiteko gai ote zen. Aitorrek bere kontura ikasi edo asmatu behar izan zituen hainbat teknika, ez baitzuen maisurik izan.
Erakusketak
Aitorrek hainbat Artisautza Azokatan hartu du parte, tartean Soralzueko Gaztañerre azokatan. Honetaz gain, bere makilak Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunearen bidez eros zitezkeen.
2007 urtean Debegesako egoitzan egin zuen erakusketa bat. Eta 2019rako beste bat prestatzen ari da Soraluzen bertan egiteko.
Bukaera
Gaur egun duen makila lantzeko trebetasuna, denbora eta lan luzearen emaitza izan dira. Jada ez du makila gehiagorik egingo, saltzeko behintzat ez: 2018 urtean makilak egiteari utzi dio, aurretik bukatu gabeko enkargu batzuk amaitu ondoren.
Aitor Amor armagintzari eta metalaren eskuzko lanketa finari estuki lotutako Soraluzeko azkenetako pertsona da. Aitorren jakintzak, herrian azken 500 urtetan pilatutako armagintzaren industri ondare teknologiko eta kulturalaren azken aztarnak dira, askotan behar luketeena baino garrantzi gehiago eman beharko zaienak.