Ybarra aita-semeak (eu)
XIX mendearen erdialdean Soraluzeko armagintzaren oinarriak irauli ziren: sistema gremiala, asiento edo azpikontrata sistema, Erret Lantegia bera... denak desagertu ziren. Bakar batzuek aurre egin zioten egoera okerrari eta beren probetxurako erabili. Ybarra aita-semeena adibide nabarmenena izan daiteke.
José Ignacio Ybarra Yribe Campos[1]
1815/04/10ean jaio zen, Soraluzen. Aita Juan Francisco Ybarra Unamuno zuen eta ama Manuela Yribe Campos Argarate.
Armagile ospetsu eta indartsua izateaz gain, herriko alkatea ere izan zen.
Familia
1844/01/29an Josefa Juana Cortazar Arrizabalaga anderearekin ezkondu zen, Soraluzen.
Bost seme-alaba izan zituzten: Juan Víctor (1845/03/06), Lucio (1846/12/11), José Francisco Leopoldo Doroteo (1848/12/03), Luis Raimundo (1851/03/15) eta María Josefa Prisca (1854/01/19). Seigarrena, Lucio, umetan hil zen, bi urte eskas zituela (1849/03/14).
José Ignacio Soraluzen hil zen, 1887/03/19 egunean. Josefa Juana emaztea, berriz, zazpi urte geroago, 1894/05/30an, Soraluzen hau ere.
Armagile eta enpresa gizona
XIX mendearen erdialde arte gremioek eta Espainiako armadak zuzenean negoziatzen zituzten eskaerak, eta gero gremioek beren kideen artean banatzen zuten lana. Baina garesti fama irabazia zuten, eta sistema desegiteko gogo bizia zegoen.
José Ybarra izan zen, seguruena, lehen enpresa gizon independientea.
1.856 urtean Espainiako armadak 20.000-24.000 fusil behar zituen, 1.854 urteko eredukoak hain zuzen. Eskaintzak eskatu zituenean, Soraluzeko Erret Lantegiaren gremioen gutxieneko prezioa 176 erreal eta 50 marabeditakoa izan zen.
Baina José Ybarrak 154 errealetan eskaini zituen, eta eskaera irabazi. Modu honetan beste enpresa gizonei bidea zabaldu zien[2], gremioen eragina sahiestuz.
Martxa honetan, hurrengo urteetan hainbat kontrata lortu zituen. 1.859 urtean, esateko, bide-peoiak armatzeko karabinena, hiru eredu zituela.
S.A. Euscalduna
- Sarrera nagusia: S.A. Euscalduna (eu)
Sistema gremiala desagertzerakoan, 1.861 urtean José de Ybarrak La Euscalduna enpresa sortu zuen, fusilak egiten jarraitzeko.
Fabrika zaharra eraiki zuen, eta 80 bat armagile soldatapean hartu.
Hurrengo urtean Zuazubizcar, Isla y Cía enpresari negozioa pasa zion, bera kudeatzaile moduan jarraitu zela. Enpresa honek harreman-kapital garrantzitsua zuen Madrilen, ezinbestekoa Espainiako itsas-armadarekin kontratuak sinatzeko.
1867/03/09an José de Ybarrak asmakizun-abantaila erregistratu zuen, bost urtetarakoa, errekamaratik kargatzen diren suzko armen sistema, gerra eta ehiza armentzat erabilgarri.
1.869 urtean, berriz, enpresatik alde egin zuen, eta Ibarra, Gurruchaga, Vea-Murguía y Cia enpresa zabaldu zuen Azpeitian, La Azpeitiana fusil lantegia sortuz.
Hirugarren karlistada sortu zenean (1872-1876) karlisten alde egin zuen. Bizirik zituen hiru semeak ere dezente nabarmendu ziren: Juan Víctor, José Francisco Leopoldo Doroteo eta Luis Raimundo.
Juan Víctor Ybarra Cortazar
Anaia zaharrena, Soraluzen jaio zen (1845/03/06).
Bergaran seminarista ikasi zuen, dominikoekin (1856-1860), baina gero Bartzelonara joan zen injeniaritza industriala ikastera, titulua 1.870 urtean eskuratu zuela.
Azpeitiako La Azpeitiana fusil lantegian lan egin zuen. Hobekuntza batzuk patentatu zituen (tabako kutxen moduko itxiturak[3]), eta José Francisco anaiarekin Ibarra orratz-fusila[4] asmatu zuen.
Gerra bukatu berritan hil zen, Soraluzen (1880/07/29).
José Francisco Leopoldo Doroteo Ybarra Cortazar
Soraluzen jaio zen (1848/12/03).
Militarra zen, teniente. Gerra sortu zenean Segoviatik desertatu eta Ziburura (Lapurdi) pasa zen; han Pedro de Zuazubizcar-en gutuna jaso zuen, karlistek La Euscalduna fabrika hartu bezain pronto zuzendaritza hartzeko.
Dena dela, karlistek La Azpeitiana hartu zutenean, José Francisco Ybarra jarri zuten bertako buru.
Juan anaiarekin Ibarra orratz-fusila asmatu zuen.
Gerra bukatu eta gero, degradatu egin zuten eta inguruetatik desagertu zen.
Luis Raimundo Ybarra Cortazar
Soraluzen jaioa (1851/03/15), hau ere militarra zen.
Karrera militarra
Bigarren karlistada sortu zenean, Beran (Nafarroa) antolatu zen jaurtigailuen lantegian parte hartu zuen. Gerra bukatuta, anaiaren (eta beste askoren) moduan degradatu zuten.
1.880 urtean berrizendatu zuten teniente, eta handik gutxira Puerto Ricora bidali zuten kapitain moduan.
1.884ko maiatzean gaixotu zen, eta Soraluzera ekarri zuten atzera lau hilabeterako. Bere asmakizuna zela eta, komandante maila eman zioten.
Soraluzen uste baino bi hilabete gehiago emanda, Puerto Ricora ez itzultzeko eskatu zuen. Onartu zioten eta destino berria eman, baina Soraluzen gaixorik jarraitzen zuelako karrera militarra bukatu zuen.
Asmakizuna
Anaia zaharren moduan, armagintza arloan asmatzaile izan zen. 1.871 urtean errebolberrentzako gasez bidezko zorroen erauzketa sistema[5] garatu zuen[6].
Pruebak egiteko, prototipoa Lefacheux errebolber bati ezarri zion (Lefacheux 1863 eredua, Oviedo 1874). Privilegio de invención ere eskatu zuen.
Lau urte geroago sistema hau Estatu Batuetan patentatu zuen (1878/04/23), Smith & Wesson errebolberrentzat. Piñal errebolberra esan zitzaion, prototipoak egiterakoan Clotaldo Piñal izenekoak lagundu ziolako.
Azkenik, 1.881 urtean patente hau Espainian erregistratu zuen. Dena dela, ez zuen lortu Espainiako armadak bere sistema derrigorrezkoa ezartzea, gomendatua baizik.