Irure Handikua baserria (eu)
Irure Handikua | |
---|---|
Izen formala | Irure Handikoa |
Bailara | Irure |
Altuera | 315 m |
Hedadura | 30 Ha |
Kaletik | 3,4 km |
Bertako familia
Ez da inor bizi.
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Kokapena
(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)
Baserriaren inguruko kontuak [1] [2] [3]
Laukizuzen formako oina eta bi isurialdeko estalkia ditu. Bi solairu eta ganbara. Hormetan harlangaitza eta harlanduxkoa ditu. Argi handiko portada dauka, arku errebajatukoa, eta agian jatorrian mainela izango zuen.
Baserriaren egitura finkatzen duen habiaren berezitasunak kanpotar asko erakarri du baserria ikustera, Argentinatik ere etorri izan dira adituak, propio baserria ikustera. Leiho gotikoak ere ezohikoak dira inguruko baserrietan.
Atzealdeko fatxadan paramentuaren zati batean harlanduxkoa ageri da; baliteke eraikinaren zati zaharrenaren hondarrak izatea.
Berriztuta dago, barrutik eta kanpotik. 2000. urtean estalkia zaharberritu zuten, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin. Ikusgarria da baserri ondoan daukaten tenis zelaia ere.
Irure izango da, segururena, Soraluzeko toponimo zaharrenetakoa. Agian izena Maltzaga (Maldazaga garai batean) gainean egotetik datorkio, bertan hiru bailara biltzen dira eta.
Papeles de derecho liburuan jasotzen denez, aurreko jabea don Celinos izan zen. Don Celinos hau Antso Jakituna Nafarroako erregearen lehengusua omen zen eta, erregearekin haserretuta, honek mendebaldeko mugara (markara) bidali zuen. Soraluzeraino etorri eta Irureko plazan ezarri zen bere jende, ganadu eta txakurrekin. Urte batzuk geroago, 1.165an hain zuzen, zezenketa egin zituzten Iruren bertan, erregearen bisita ospatzeko.
Don Celinos zahartu zenean, Irure otza eta altua zenez seme zaharrarekin batera Azitaingo Unzuetara jeitsi zen. Irure Sancho beste semeari laga zion.
Mende batzuk geroago, bertan jaio zen Andrés Ibáñez de Irure doktorea, Carlos V enperadorearen medikua izan zena eta Alemaniako gerran hil zen.
Baserri bera XIV mendekoa omen da. Erdiko arkuaren gainean armarria dauka, hareharrian tailatua. Irure armarria hau da: urdina (azur), erdian zuhaitza, Nafarroako armak dituen eskututxoaz, eta gainean gurutze gorri (gules) lili loreduna, eta lehoia enborraren kontra; buelta osoa orlegia (sinople) eta bertan zakur dogoak eta zezenak. Armarriak aipatutako gertaera (Nafarroako erregeari eskeinitako zezenketa) islatzen du.
Armarria hiru aldiz agertzen da herrian: Irure Handikuan, Irure Hamenguan eta ederrena kaleko Arregia etxean. Arregia etxe hau goian aipatutako Andrés Ibáñes de Irure jaunarena izan zen.
Baserri honek benetako izena Irure Handikua edo Irure Allende da, bietatik urrutiena delako. Irure Haundi gaizki esanda dago: Irure Handikoa-tik Irure Haundi-ra pasa zen, eta bide honetik Irure Hamengua Irure Txiki bihurtuz.
XVIII mendean Irure Handikua Teresa de Beiztegui-k sortutako kapilautzari zegokion, Félix de Salogüen kapelauak kudeatuta; eta casilla del santuario de San Esteban izenekoa udalarena zen.
Oraingo jabeak, Ariznabarretatarrak, XVIII. mendetik bizi izan dira bertan, gutxienez. Lehenago sagardoa egiten zen bertan, eta agerian dago berau lortzeko erabiltzen zuten sistema zaharra.
1997ko urriak 30n, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian balizko arkeologia gune moduan izendatu zuten.
Erreferentziak
- ↑ Soraluzeko baserriak. (121. orrialdea)
- ↑ Caseríos de Guipuzcoa. (301. orrialdea)
- ↑ Soraluze. Monografía histórica. (250-251 orrialdeak)