Errusiako umeak (eu)
Errusiako umeak edo gerrako umeak, Espainiako Gerra Zibila zela eta, Sobietar Batasunera eramandako 2.895 umeak izan ziren[1].
Gerrako umeak
Ebakuazioa
Errepublika gerra galtzen ari zela, Fronte Popularreko gobernuak Frantziara (20.000 inguru), Belgikara (5.000), Erresuma Batura (4.000), Sobietar Batasunera (2.895), Suitzara (800), Mexikora (455) eta Danimarkara (100) ebakuatu zituen umeak.
1937an eraman zituzten gehienak euskaldunak, kantabriarrak edota asturiarrak ziren. Euskaldunen artean, haur gehienak Bilbo eta inguruko gune meatzarietakoak ziren, ideologia sozialista eta komunista zuten familietakoak. Gipuzkoarren kasuan, Donostia-Irun ingurukoak ziren gehienak, Eibarkoak ere ugari (200 bat) eta Tolosako batzuk ere bai. Familia askotan bi eta hiru haur atera ziren atzerrira.
Ebakuazio gehienak Habana ontziaren bidez egin ziren, Santurtzitik. Sei bidaia izan ziren, guztietan haurrak lehentasuna izan zirelarik. Lehena maiatzaren 6an irten zen, eta azkena ekainaren 13an.
Errusiako umeak
Ekainaren 13an irten zen Habana itsasontzia seigarren era azken aldiz Pauillacera (Arroxela, Frantzia), 4.500 bat haurrekin.
Pauillacen haietatik 1.610 Sontay ontzi frantsesera pasatu ziren, Leningradora (Sobiet Batasuna) joateko, eta handik Odesa, Mosku eta Krimeara.
Hasieratik oso ondo hartu zituzten, udalekuetara (Jerson, Eupatoria, Kiev...) eta ikastetxetara bidaltzen zituztela. Baina, Bigarren Mundu Gerra sortu zenean egoera asko okertu zitzaien. Haietako asko Gudaroste Gorrian sartu ziren, Soraluzeko Ignacio Agirregoikoa kasu.
Itzulera
Europara joandako gehienak 1939tik aurrera bueltatu baziren, Sobietar Batasunean zeuden umeen itzulera Bigarren Mundu Gerrak eta erregimenen alde ideologikoek nahasi zuten. Stalin hil eta gero aukera eman zitzaien umeei etorri edo geratzeko. Bertakoekin ezkondutako askok bertan geratzea erabaki zuten, familia han hazita asko. Beste batzuek itzulera erabaki zuten, bereziki, gerrako umeen beraien artean bikotea aurkitu zutenek
Espainia frankistara itzulera ez zen erraza izan. Poliziak zaintzapean izan zituen, eta gainera CIAk ere galdekatu izan zituen Madrilen (ez zen atxiloketa bidez, baina bidaia ordaintzen zitzaien itzuliei Madrilera, gonbitearekin hori egin behar zutela). Juanita Unzueta dantzariari, Eibarko etxetik errusierazko liburu guztiak kendu zizkien poliziak, "Dostoievskiren eleberriak barne".
1960ko hamarkadan, berriz, Kubara joan ziren gutxi batzuk.
2004.an oraindik 239 "ume" zeuden Errusian. Ordurako jubilatuta, Sobietar Batasuna desagertu eta gero oso pentsio eskasekin geratu ziren. 2005. urtean estatu espainiarrak bizitzan izandako sufrimentuak aitortu zizkien, eta biziarteko pentsioa eman zien.
Soraluzeko umeak Errusian
Errusiara joandako soraluzetarrak zortzi ziren, gutxienez. Zaharrenetik hasita:
- Ignacio AGUIRREGOICOA BENITO (1923). Kíev-eko etxean egon zen. Gero, pilotoen eskolara pasa eta abiadorea izan zen bigarren mundu gerran[2], Izar Gorriaren domina irabazi zuela. Fronteanerori zen, Tallinen inguruan, 1944.ko martxoak 9an.
- Víctor NIETO MATAS (1923). Pravda, Pirogóvskaya eta Samarcanda-ko etxeetatik pasa zen. Hegazkin Injeniarien Goi-eskolan ikasi ondoren, Moskun hasi zen lanean, 1965. urtean Kubara joan baino lehen. 1943. urtetik Alderdi Komunistaren kide.
- Juana GOENAGA BENITO (1924). Kíev, Stalingrado, Ufá eta Moskuko etxeetatik pasa zen. Errepidetako teknikaria, Gorki-ko zentral hidraulikoaren eraikuntzan parte hartu zuen. Claudio Asensiorekin ezkonduta, atzera bueltatu zen.
- Pedro GUTIÉRREZ MORA (1925). Moscú, Kaluga eta Sarátov-eko etxeetan egon zen. Moskuko Auto eta Errepideen Institutuan ikasi zuen, zientzia teknikoetan doktoregaia, Moskuko Ibai Ekonomiaren Institutuan irakasle, Kuban egon zen (1961-1964). Alderdi Komunistaren kidea 1960. hamarkadarik.
- José María GOENAGA BENITO (1926). Kíev, Stalingrado, Ufá eta Moskuko etxeetatik pasa zen. Gerora, 45 lantegian sartu zen, era 2007. urtean bertan jarratzen zen.
- Agustin GOENAGA BENITO (1929). Eupatoria-ko etxean egon zen. Gerora eraikuntza lanetan ibili zen, Gorki-n (Georgia) eta Járkov-en.
- Angelita ARAGÓN GÓMEZ (1928). Jerson-eko etxean zela hil zen, Dnieper ibaian itota (1939).
- Josefina ARAGÓN GÓMEZ (1931). Jersón eta Eupatoria-ko etxeetan egon zen. 2007. urtean Ivánovoko lantegi batean ari zen.
Erreferentziak
- Fuentes históricas parael estudio de la emigración española a la U.R.S.S. (1936-2007). Angel Luis Encinas Moral. Editorial Exterior XXI (Madrid 2008).