Saturnina de Otero (eu)
Saturnina de Otero y Cavadas | |
---|---|
Jaio | Villabona, 1750 |
Hil | ? |
Profila | Lapurra |
Familia
Saturnina Otero Cavadas[1] Villabonan jaio zen (1750/11/29). Gurasoak Silvestre Otero Asanda eta Manuela Cavalas Yturbe izan ziren.
Hemeretzi urtekin Juan Ygnacio Muxica Sagastizabal soraluzetarrarekin ezkondu zen, Antzuolan (1770/05/13). Segururena Soraluzen jarriko ziren bizitzen: Juan Ygnacio bertakoa izateaz gain, Saturninaren bizitza Soraluzekin eta inguruekin ondo lotuta dago. M.ª Rosario Roquero Ussia ikerlariak Soraluzekoa zela jasotzen du.
Seme bat izan zuten, Juan Francisco Muxica Otero, Urretxun jaioa (1771/03/11). Baliteke amarengana joatea erditzera, urte haietan gurasoak Urretxun bizi ziren eta (1770an Juan de Guerrak auzia jarri zion Silvestre de Otero aitari, lur salmenta bat zela eta).
Lehen lapurretak eta atxiloketa
Aretxabaletako etxe batean, leihotik sartuta, lapurreta egin izana leporatu zioten eta erbesteratu egin zuten lehen aldiz.
Handik gutxira Aretxabaletara itzuli zen, eta berriro harrapatu zuten, lapurtutako hainbat gauzarekin. Kartzelara kondenatu zuten berriz ere, eta aguazilek Korregimienduko espetxera eraman zuten baina, "ondo merezitako 200 zigorkada emango zizkiotela gaineratu arren", oraindik adingabea zelako errukituta[2] askatu egin zuten.
Lapurreta gehiago
Saturnina arropa lapurtzen jarraitu zen, baina oraingo honetan leku bakartietan. Behin, Urkiolako bentan ostatu eskatu eta, bertan ordu batzuk eman ondoren, gauez ihes egin zuen armario batean aurkitutako arropekin: oihalezko bi burko-azal, maindireak, sukaldeko trapuak, oin-puntetako toka bat eta oihal batzuk. Gero, Bergarako azokan saldu zituen guztiak.
Azpeitia inguruko urrutiko baserrietan ere aritu zen, ohe-oihalak, maindireak, burko-azalak, mahai-zapiak, emakume-gorgerak, musuzapiak, hari-matazak, lihozko oihalak, amantal finak… ebatsiz.
Baita Elgeta, Ermua eta Soraluzeko inguruetan, beti alkandorak, liho ohialak, azpiko gonak, zintak, artilezko ligak… eta antzekoak lapurtuz.
1777.ko epaiketa
1777. urtean atxilotu zuten berriro, eta ebasketengatik epaitu[3]. Ebasketak asko izan omen ziren, agiriak 102 orri ditu eta.
Erbesteratze zigorra jarri zioten, Gipuzkoatik lau urteko deserriratzea hain zuzen. Eta zigorra haustekotan, Zaragozako Errege espetxean sartuko zutela[4].
Hala ere, Saturnina Soraluzera etorri zen bizi izatera (bertakoa zuen senarra) eta, itxura denez, Elorregi[5] inguruan Antzuola eta Soraluzeko mandazainei lapurtzen ari zen sei laguneko talde batekin harremanetan hasi zen. Bergara inguruan zabaldu zenez, lapur taldearekin emakume bat ari zen.
Soraluzeko atxiloketa
Erbesterako zigorra hautsita[6]., agindua etorri zen Soraluzera: "...hartu eta Korregimenduaren kartzelara eraman dezatela. Eta hiru bizilagun izendatu ditzatela, behin atxilotu ondoren armak hartuta Soraluzetik gauerdian irten eta berarekin eramateko".
Aginduan Saturnina atxilotzeko modua ere zehazten zen. Alguazilak, auzoko baten, bere bi zerbitzarien eta Errege Fabriketako langile batzuen laguntzaz, Saturnina gordetzen zen etxea inguratu behar zuen, leiho edo ate batetik ihes ez egiteko; eta, hori egin ondoren, ate nagusira deitzeko.
Hala egin zuten, eta sartu zirenean, etxea miatu ondoren: "Biluzik aurkitu genuen komunaren eserlekuan, bertako atea zabalik zegoela; eta lasaitasunez bere arropa eskatu zuen, eta janztera behartu genuen hain lotsagarri ez egoteko...".
Jarraian, hiru zaintzaileen eskutan jarri zuten, Korregimentuko espetxera eramateko.
Ihesaldia… eta berratxiloketa
Ihesa (bertsio ofiziala)
Bidean ari zirela, Soraluzetik legoa baterara toki meditsu eta bakarti batean, bost lagun irten zitzaien txaratik eta "gogor jotzen, indarrez kendu zieten". Bost lagunetatik bik eskopeta zuten, eta beste hirurak makilak era labanak
Zaintzaile batek eskopeta eskuan zuela (giltza zapi batez estalita, ez bustitzeko), erasotzaile batek indarrez kendu zion, emakumeak ezin zirela atxilo hartu esanaz.
Beste zaintzale batek Saturnina gonatik ondo oratuta zuen, baina erasotzaileek gogor jo ziuzten lurrera botaz. Azkenean, neska askatuta, sasi artean desagertu ziren Elgoibarreruntz.
Zaintzaileen arabera, erasotzaileek kapela zabalak, zapatak eta polainak zeramatzaten eta, aurpegia begibistan izan arren, ez zituzten ezagutu, urdiritasunez. Eskopetak kendu zieten eta txaran utziko zituztela oihukatu zieten; hala egin zutenez, gero berreskuratu ahal izan zituzten.
Atzera atxilotu
Saturninak ihes egin ostean zaintzaileak atxilotu zituzten, egindako lan traketsa eta baldarrarengatik.
Saturnina Azkoitiako baserri batean zegoela zabaldu zenean, hiru zaintzaileek aske uzteko eskatu zuten, haren bila joan eta espetxera eraman ahal izateko.
Eskaera onartu zien, eta gainera beste zaindarien laguntza eman. Azkenean, Saturnina harrapatu eta Korregimenduko espetxera eraman zuten[7]..
Saturninaren bertsioa
Neskaren adierazpena honako hau izan zen:
- Bidean barrena zihoala, legoa bat egin ondoren, bera haietako biren atzetik zihoala, eta atseden labur bat egin zuen premia bat asetzeko; eta, biek aurrera jarraitzen zutela ikusita, bidetik bereizi eta sastrakan sartzea erabaki zuen, han oso trinkoa baita, eta sastrakan ezkutatu zen; berehala beste biak inguru guztiak miatzen hasi ziren, berak mehatxuak entzuten zituela, "merezi zuela eskopetaren karga osoa botatzea"; eta, ordu t'erdi jardun arren, ez zutela aurkitu, segururena euria hasi zelako; ostean urrundu ziren.
- Beste orduete eman zuen zain eta, sasitik blai blai irtenda, baserri batera joan zen. Han aterpea eman zioten eta maizterrekin igaro zuen gaua, beren izenak ezagutzen ez dituela. Gero, oinez Azkoitira jaitsi, eta handik Elgoibarrerantz jarraitu zuen; eta hara iritsi baino lehen atxilotu egin zuten. Zaintzaileen aitorpena erabat zalantzazkoa eta egiatik kanpokoa dela, batez ere bost gizonen agerpenari dagokiona, ez baitzen halakorik izan, ezta inolako indarrik ere ihes egiteko. Bere ihesa zuritzeko asmatu zutela.
Baina zaintzaikeek bost gizonen agerpena berretsi zuten, bestela egoera barregarri samarra geratuko ziren eta.
Azken lapurretak?
Hurrengo lau urteak, segururena, Saturninak Zaratozako espetxean emango zituen, jarritako zigorra betetzen.
Hala ere, Soraluzera bueltatu zenean lehengo lepotik burua zeukan. 1778. urtean berriro epaitu zuten Bergaran, lapurretaz[8].
Agirietan Mazmelako (Eskoriatza) Maria Andres de Campos Vengoa (1773) eta Maria Ygnacia Campos Vengoa (1741) ahizpekin agertzen da.
Erreferentziak
Los peligros en los caminos de Guipúzcoa. Siglos XVIII-XIX. M.ª Rosario Roquero Ussia (Boletín de estudios históricos sobre San Sebastián 2021, 54 zbk., 197-322 orrialdeak).
- ↑ Bataio agirian Cavalas agertzen da.
- ↑ Garai hartan adin-nagusitasuna 25 urtetan zegoen.
- ↑ Autos de oficio contra Saturnina de Otero por hurtos (Gipuzkoako Korregimenduaren Audientzia, 1777). Gipuzkoako Artxibo Orokorra.
- ↑ Real Galera de Zaragoza. Galera esaten zitzaien emakume-espetxeei.
- ↑ Elorregi/ San Prudentzio. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Autos de oficio contra Saturnina de Otero por quebrantamiento de destierro (Gipuzkoako Korregimenduaren Audientzia, 1777-1778). Gipuzkoako Artxibo Orokorra.
- ↑ Expediente sobre fuga violenta en camino hacia la carcel de Saturnina de Otero (Gipuzkoako Korregimenduaren Audientzia, 1777). Gipuzkoako Artxibo Orokorra.
- ↑ 1778/08/22 - 1781/06/23. Autos de oficio contra Saturnina de Otero, Maria Ygnacia y Maria Andres de Campos por robos y asaltos (Bergarako Udal Artxiboa).