Teknologia: pistoi giltza (eu)
Pistoi giltzak suaren beharra desagertarazi zuen, polbora leherkaria erabiliz. Eta urte gutxira, atzekarga armei bidea zabaldu zien.
Aurrekariak
Teknologiaren beharra
Aurreko sistema guztiak (argi-mukizko giltzak, errobera giltzak, suharri giltzak) sua behar zuten polbora lehertzeko eta jaurtigaia botatzeko.
Honek bi traba zituen. Alde batetik tiroen erritmoa edo kadentzia[1] motela zen, prozesua luzatzen zelako. Honetaz gain lehertzeko arriskua zegoen, inoiz suak behar ez zen polbora karga erre eta gero.
Fulminante asmakizunak
XVII. mendearen amaieran, Pierre Bolduc frantziarrak lehen bolbora fulminanteak sortu zituen.
1720. urtean Gutierrez maisuak proba batzuk egin zituen Sevillan. Ondoren, potasio kloratoa zuen paperezko zebadoreekin saiatu zen.
1800ean Edward Charles Howard kimikari britainiarrak merkurio fulminatoa asmatu zuen[2]. Sua erabili beharrean polbora pizteko edota lehertzeko nahikoa zela jotzea. Oso leherkaria izan arren, beharrezko ezaugarriak zituen su-armetan erabiltzeko.
Pistoi giltza
1807. urtean Alexander John Forshit abade eskoziar presbiterianoak Forshit giltza asmatu zuen, lurrin-potearen giltza moduan ere ezagutua. Lehe n perkusio giltza izan zen.
1814. urtean,berriz, Joseph Manton armagile britainiar ospetsuak tube lock delakoa asmatu zuen. Kobrez bildutako "merkurio fulminatozko" pastilla zen, "tximinia edo bokila" ren ahoaren gainean jartzen zena, kanoiaren errekamararen kanpoaldean. Mailuak kapsula hau jotzerakoan bertako fulminantea lehertzen zen, eta bere sugarra segurtasun osoz pasatzen zen tximiniatik errekamarantz.
Azkenean, 1815. urtean Joseph Eggs armagile londondarrak pistoi-sistema garatu zuen, pistoi metalikoa (edo kapsula leherkaria) asmatu zuenean. Hiru urte geroago (1818) kobrezko pistoia asmatu zuen, ekoizpena errazten eta merketzen.
Pistoi sistema suharri sistema baino soilagoa da. Almetxan polbora jarri beharrean, gero suharriz pizteko, kapsula leherkaria jartzen da, merkurio fulminatoz[3] beteta. Katuak mailua askatzerakoan honek kapsula jotzen du, merkurio fulminatoa lehertuz. Sugarrak tximinietatik kainoira pasatzen dira, eta bertan polbora pizten dute.
Sistemaren hedapena
Denbora gutxian pistoi giltzak fusil, karabina eta pistolatan erabiltzen hasi ziren.
Teknologi berri honek ez zuen denbora asko behar izan Euskal Herrira heltzeko: 1826. urtean Ybarzabak eibartarrak pistoi giltzak erabiltzen hasi zen armak egiteko. Eta 1831an Eusebio Zuloagak, eibartarra hau ere, pistoiak egiteko makina patentatu zuen[4].
Eskaintzen zituen abantailak aprobetzatzeko, pistoi giltza arma zaharretan (txispa giltza zutenak) ere ezarri zuten. Modu merke, azkar eta erabilgarriena kainoiaren belarrian "bombeta" izeneko pieza soldatzea edo lotzea izan zen, eta bonbeta honi "tximinia"n hariz lotu. Dena dela, Espainiako armadak txispa giltza indarrean mantendu zuen 1849 arte.
Bilakaera
Pistoi sistema atzekargako armen aurrekaria izan zen.
Pistoia eta kartutxoa bakoitza bere aldetik armetan sartu beharrean, pistoia kartutxoari erantsi zioten, eta arma atzetik kargatu.
Eragina
Suharri txisparekin alderatuta, pistoi giltza oso sinplea zen, bere ekoizpena ez zuen eskatzen inolako trebetasun berezirik. Ondorioz, edozein langile koalifikatuen eskura zegoen, eta ez bakarrik giltzagileen gremioaren menpe.
Ordurarte, Soraluzeko armagile gehienak gremio "zailenetan" (hots, kainoigile eta giltzagileak) lan egiten zuten, hobeto ordainduta zeuden eta. Baina pistoi giltza sortu zenean inguruko herrietan zabaldu zen giltzen ekoizpena, eta Soraluzeko lantegien gainbehera hasi zen.
Erreferentziak
- Castra in Lusitania. Y los mosquetes aún más letales. Amo del Castillo.