1598.eko izurritea. Kasuak (eu)

    From Sorapedia
    Revision as of 18:31, 28 April 2022 by Jcao (talk | contribs) (Jcao wikilariak «1598ko izurritea. Kasuak (eu)» orria «1598.eko izurritea. Kasuak (eu)» izenera aldatu du)
    (diff) ← Older revision | Latest revision (diff) | Newer revision → (diff)
    esa enfermedad tan negra liburuaren azala
    Oharra: Sarrera hau José Antonio Azpiazuk idatzitako esa enfermedad tan negra. La peste que asoló Euskal Herria (1597-1600)[1] liburuaren zati baten itzulpen askea da.


    Izurriteak kaltetutako herriekin Bergarak izan zuen defentsa eta isolamendu jarreraz aritzerakoan, Soraluze behin eta berriz izendatu dugu. Era berean, kutsatzearen beldurrak Soraluzeko kontzejuari prebentzio-neurriak hartzea gomendatzen ziola aipatu dugu, 1526. urteko Ordenantzetan Jainkoaren laguntzarekin pestilentziaren zaintza aipatzen denean.

    Herri garrantzitsuak, euren zerbitzura zeuden mediku edo zirujauak kontratatuz, kalteari aurrea hartzen saiatzen ziren. 1580. urtean Soraluzek adierazi zuen zirujau barik geratu zela eta beste bat kontratatu nahi zuela[2]. Helburu horrekin elkartu ziren "parrokia-elizan, herriaren zatirik handiena eta osasuntsuena bilduta egonik... Juan de Churruca zirujaua hil zelako, bizilagunak zirujauik gabe zeuden gaixotasunei eta gaixoei kasu egongo ziena, eta gaixo larriak Bergarara joaten ziren". Lau diputatu izendatu zituzten irtenbide bat bilatzeko, kaleko bi eta baserrietako beste bi.


    Izaguirre baserriko izurridunak

    Soraluzen gertatu ziren kutsatze kasuen artean, oso deigarria da Izaguirre baserriko inguru txikian gertatutakoa, izurriteak eraginda. Jazotakoa 1598.eko urriaren 19an zirujauak jarritako ez-ordaintze eskariaren bidez iritsi zaigu[3]

    Gaixotasunaren garaian baserri horretako biztanleak artatu zituen zirujaua Sebastián de Jauregui izan zen, Juan Ibáñez Izaguirre eta Ana ahiztari zerbitzuak ematera joan zena. Sendatzeaz gain, zirujauak jaten eman zien, beste inork nahi izan ez zuelako; eta Jaureguik esandakoaren arabera, biak gaixotasunetik sendatu ziren, nahiz eta handik gutxira emakumea hil, eta ziurrenik baita gizona ere.

    Izarre baserria (J.C. Astiazarán 1979)

    Bisita bakoitzeko 15 erreal ordainduko zitzaizkiola hitzartu zuten. Eta baserrira 51 bidaia egin zituenez, eta horri hornitutako 56 medikamentuak gehitu behar zitzaizkionez, kontua 871 errealera igo zen. Zirujauak Martin Ruiz de Aguirre (Izagirreren koinatua) eta Juan de Loyola kutxagile ofizialarekin[4] egin zuen kontratua. Bertan ezarri zen gaixoek berek ordainduko zizkiotela ordainsariak, eta, halakorik ezean, koinatuak eta kutxazainak.

    Esanguratsua oso, eguneroko bi bisiten xede nagusia gaixoak gosez ez hiltzea zela. Kontratuaren baldintzak hauek ziren: bere eskutik jaten eman behar ziela, eta aldez aurretik 100 erreal aurreratu zitzaizkiola San Antonio egunean, 1597ko irailaren 2an. Zirujauak kobratu nahi zituen bisita guztiak egin ez zituelakoan auzitara jo zuten ordaintzeileek. Lekuko batek dioenez, Sebastianek hitzartutakoa bete zuen, eta jaten ematen zien pertsonalki, beste norbaitek ez zielako jaten eman nahi izan, daukaten gaixotasun arriskutsuagatik... izan ere, ia gehienetan, lekuko horrek zirujau horri Izagirreren etxera joaten laguntzen zuen... hil honen hamahirura arte, sendatzea bertan behera utzi zutela, hau da, sendatutzat jotzen zirelako. Emakume batek jakinarazi zuen berak egiten zuela Juan Ibañez eta bere ahizpa gaixoentzako janaria, eta adierazi zuen kirurgialariak 51 sendatzeak baino gehiago egin zituela.

    Martín Ruiz de Aguirrek, Izarreko alaba batekin ezkonduak, Juan Ibáñez eta Ana koinatuen errukiz, gaitza ikusterakoan... behin eta berriz eskatu zion Sebastian Jauregiri, eta azkenean ehun erreal emango zizkiola adostu zuten, Izaguirreko etxe horretara bi bisita egingo zituelako, egunero aipatutakoei janaria eramateko, beharrezko laguntzekin joanez.

    Auzian adierazten denez, Izagirreko etxe hori oso bakartuta eta Plasenciako hiribildutik aldenduta dago, legoa batetik gutxi gora behera, eta, beraz, uko egin behar izan zien hiribildu horretan zituen beste aprobetxamendu batzuei. Izagirreko gaixoei laguntza emateko zirujauak uko egin zion, zalantzarik gabe, beste kirurgialari batzuk zaintzeari, eta nolabaiteko arrakasta izan zuen; izan ere, Sebastian zirujau maisua, azken urrian, puntualki joan zen etxe horretara, egunero bi bisita eginez bazkari eta afariarekin, Joan Ibañez eta Ana de Izaguirre horiek osatu dituzten sorospen eta botikak aplikatuz.

    Sebastián de Jaureguik irabazitako merezimenduei dagokienez, Izaguirre baserrira iristeko zailtasuna azpimarratzen da, Legoa erdia aldapan gora (distantziaren hiru bertsio desberdin ematen dira), oso bide zakarrean, dena aldapan gora; eta Sebastian horrek Izaguirreko gaixoak artatzen zuenez, ez zutela onartzen beste etxe batzuetan eta herri barruan ez zioten komunikatzerik uzten, beraz hiribildu horretan izan zitzakeen beste bezeroengana joateari utzi zion, eta 30 erreal horien sari eta soldatara bakarrik egon zen.

    Domingo de Goenechea 78 urteko lekukoaren arabera, Izagirreko baserriko bederatzi biztanleetatik zazpi hil ziren, haien gorputzez arduratu ziren bi lurperatzailez gain; Ana de Izaguirre, berriz, Iribeko etxetxora eraman zuten, seguru aski bakartuta egoteko. Gaixoek eragindako gastuei aurre egiteko, idi bat saltzea erabaki zuten, eta salmenta horrekin gaixoen gastuak ordainduko zirela aipatu zuten, eta gaixotasunak iraun bitartean zirujauak egindako zainketak berretsi ziren: Martín Ruiz de Aguirre eta Juan Ibáñez de Izaguirre zirujauari eskatu zioten joan zitezela, idi hori saldu eta gero ordurarte zor zitzaionaren erdia kitatuz, eta kalkulatu zuten 22 egunetan bere zerbitzu eta botikak 60 dukat balioko zituztela, eta Joan Ibañez gaixorik eta oheratuta egon zen denbora guztian, bi bisita egin zizkiola.

    Baina baziren zirujauaren aurkako testigantzak ere, eta hainbatetan agindutakoa betetzeko falta izan zela leporatzen zioten. Arrazoi askorengatik mamitsua da zaintzaile baten testigantza, kontzejuak gaixoak etxetik atera ezin zitezen jarritakoa. Esan zuenez, Lekuko hau Izagirreko etxe horretako ateetan guardian zegoenez, azken egunetan zirujaua bisitan zebilela, ikusi zuen gaixo horiei afaldu gabe jaitsi zela, eta lekuko honek eta Magdalena de Goenecheak, alargunak, jaten eman zietela.

    Halaber, argigarria da Sebastian de Jáuregui zirujaua kontzejuaren soldatapean zegoela, bai izurriteak iraun zuen bitartean, bai aurretik ere, eta gaixotasun kutsakorraren ondorioz soldata igo ziotela, eta hitzartu egin zutela baserriei egindako bisitagatik erreal eta erdi kobratuko zuela. Eta Izaguirre baserria kontratu horren esparru barruan zegoen.

    1598.eko abuztuaren 23an Juan Ibañez de Izaguirrek egindako testamentua ere badaukagu[5]. Bertan zioenez, Izagirreko bere etxeko sotoan uzten zituen Maria de Saloguen zenaren bi oheak, Eta nahiz eta lehen beste bi ohe egon, haietako bat erre egin zen, gaixotasun kutsakorra zuen etxekoandrea bertan hil zelako, eta bigarrena, gaixotasun berengatik haurrak hil zirena, atarian dago erretzeko. Testamentua egitean, gaixotasunaren ondorioz hilko zen beldur dela adierazi zuen, eta, beraz, erabaki zuen Izagirreren etxeko eta bere abereen oinordekoa bizirik geratzen zitzaion alaba izango zela, Francisca de Izaguirre.

    Testamentua gaixoaren etxean bertan idatzi zen, baina, antza denez, badaezpadako distantziak gorde ziren, izapidea Izagirreren etxeko ateetan betetzen baita, eta agiria sinatzerakoan, ondoezagatik ezin dela egin argudiatu zuen, horrek adierazten duela bai eskribaua bai lekukoak egilearengandik urrun zeudela, kutsatzearen beldurragatik.


    Suntsitutako beste familia: Saloguendarrak

    Izurriteak ondorio katastrofikoak izan zituen osasunean eta bizitza sozialean. Baina ez ziren gutxiago ekonomia hauskor eta larri batentzat, batez ere ekoizpena eta merkataritza gelditzearengatik. Udalak zorpetu egin ziren, eta familia-ekonomiek nabarmen egin zuten atzera. Etsipenak eta ezintasunak geldiarazitako ekonomia batek eragindako ondorio tamalgarriak irudikatzea erraza bada ere, ez da erraza egoera lazgarri hau datu zehatzetan marrazten, kaltetutako herriak krisi sakonak markatutako etapa berria hastera behartu baitzituen.

    Izurritearen arriskua urruti, 1600. urteko irailaren 5a data egokia da kutsatzeak Soraluzeko familia bati, Saloguentarrei, eragin zion giza odoluste eta hustutze ekonomikoa laburbiltzeko. Egun horretan, hiribilduko alkatearen eta eskribauaren aurrean Aseguinolaza batxilerra aurkeztu zen, Pero de Saloguen adingabearen ondasun-administrazioaren kontuak hustutzeko. Honen gurasoak hiribildua kaltetu zuten egoera lazgarrietan hil ziren, gaixotasun kutsakorrak jota. Krisi-garaian hartutako neurriak adierazten dituzten kontu bitxiak aurkeztu zituen, gaixotasun kutsakorrak etxeko ekonomietan eta, hedaduraz, herrikoetan izan zituen ondorio kaltegarriak erakusten dituztenak.

    Salon baserria (J.C. Astiazarán 1979)

    Pero Saloguen eta emaztea 1598an hil ziren, uzta bildu baino lehentxeago. Baserriaren jabeak hil ondoko kontuak garai hartako nekazal ekonomiaren adibide argigarria dira. Aseguinolazak, ziur aski Pero Saloguenen koinatuak, berak ordaindu zituela landan bildutakoaren hamarrenak eta primiziak zioen, eta gari anega bakoitza hogeita hamar errealetan saldu zuela (prezio altua, ziur asko Gasteiztik zetorren gariaren eskasiagatik), eta horrekin 12.750 marabedi lortu zituela, eta emaitza 375 erreal izan zirela, 12 anega eta erdi ingururi zegozkienak; uzta eskasa, agian bilketaren baldintza txarren ondorioz, izurriteak baldintzatuta.

    Lau sagar saku eta hiru laurden ere bildu ziren, sakua 15 errealetan, 71 erreal guztira. Hiru txerri saldu zituen, hamar errealetan bakoitza, 30 erreal, eta zerri zaharrago batengatik 1.224 marabedi (34 erreal) kobratu zituela. Bi erlauntza eta bi txerri saldu zizkion Sebastian de Aseguinolazari (batxilerraren anaiari), bederatzi erreal txerri bakoitzeko eta hamar erreal erlauntzako. Lau ahuntz eta bi antxumengatik 159 erreal (14 dukat eta erdi) jaso zituen.

    Hildakoek, gaixo sentitu zirenean ziurrenik, behi bat saldu zioten herriko kofradiari, 70 errealen truke. Aipatutako batxilerraren anaiari, hildakoarena zen idi parea esleitu zioten 300 errealetan, ...aipatutako Pero de Saloguen gaixotasun kutsakorraren ondorioz hil zelako, eta bere etxean ez baitzegoen idi horiek gobernatzen zituenik. Juan de Arreguiak 56 erreal zor zizkion hildakoari, eta horietatik hamar erreal deskontatu zioten Pero Martínez de Aseguinolazak (batxiller kudeatzaileak) jaso zuen hamabi kana sargarengatik[6] ...haurra zaintzen zuen neskamea janzteko (geroago ikusiko da haurra bizirik ateratako familiako bakarra zela, eta neska hau zaintzeaz arduratzen zela).

    Administratzailea bi olo-anegaz kargu egin zen, hamar errealetan saldu zituenak, baita artatxiki lastozko 250 espal 12 errealetan. 93 erreal eta erdiren truke, berriz, ...aipatutako hildakoarena izan zen ventidoseno...’’[7] beltzezko mantelina, belusez apainduta. Pertsonen zein ekonomiaren aldetik hondatutako familia baten panorama tristea: oinordeko bakarra geratu zen, ondare guztia galdutako umea.

    Saloguenen kasuan bezala, ez da beharrezkoa azpimarratzea garai negargarri harek baserriko familia-ekonomiarentzat zer suposatu zuen. Uzta garaia zen zorigaitza familiara etorri zitzaionean. Bada, Oñatiko zelaietan gertatu zena Soraluzeko familia honetan ere gertatu zen, eta halaxe idazten digu bizirik atera zen haurraren interesak zaintzeko arduradunak: Yten bere gain hartzen ditu artatxikien hamabost anega, aipatutako zenduak hiltzerakoan jaso barik utzitakoak.

    Pedro de Saloguen zenduak izen bereko bere aitari alogeran hartu zion baserria; 1599 urterako hamabi labore-kargako errenta hitzartuta bazuten ere, errentero hasi baino lehen hil zen. Hamabi karga horiek honelakoak behar ziren: sei gari anega, hiru artatxiki anega, bi olo anega eta baba baltzaren anega bat; aitak erretiroa bermatu nahi zuen, baina ezin probetxurik atera.

    Muturreko premiek ezohiko konponbideak omen dakartzate, eta halaxe gertatu zen izurriteak zigortutako familia honetan. Bizirik atera zen haurra babesten zuten eskubideek argitzen dituzte sortutako gastu larriei aurre egiteko moduak. Gaixotasunak eragindako deskarguei buruzko atalean, datu eta gastu berriak agertzen dira: hileta elizkizunenak edota neskamearen zaintzapean geratu zen haurra kutsatzetik salbatzekoak. Bertan agertzen denez, 1598.eko irailean hil ziren Pero de Saloguen eta María Martínez de Aseguinolaza, eta, hauek hil ostean, Graciana de Churruca (Maria Martinezen ama) eta bere hiru biloben eta neskamearen kargu egin behar izan zuten. Bi aste baino lehenago bi neskatoak eta amama hil ziren.

    Baina neskamea eta haurra salbatu egin ziren, nahiz eta horretarako baldintza oso eskasetan biziraun behar izan zuten: Eta horrela, Kandelariako Andramariaren eguna arte, hau da, larogetahemeretzi urteko otsailaren bira arte, bizirik geratu ziren neskame eta umeari eman zien mantenuagatik, gaitz kutsakorra ez itsasteko etxetik baztertuta kaiola batean, 199 erreal.

    Gastu horiei Catalinari emandako 51 erreal eta erdiko soldata ere gehitu behar zitzaion. Neskamea haurraz arduratu zen, kutsatutako baserritik aldenduta eta berarekin giltzapetuta aipatutako kaiola horretan. Sebastian de Jauregiri ere ordaindu zioten, Izagirreko baserriko familia zaindu zuen zirujau berari, Hildakoen sendabidearen lanagatik. Dirudienez, hondamenditik salbatu behar zen haurra ere gaixotu zen, gastuetan 8 erreal agertzen baitira, 6 eman zizkioten botiketatik, eta bi zirujauari, umea artatzearengatik bere gaixotasunean.

    Bestalde, haurraren izen bereko aitonak, Pero de Salogüenek, 20 dukat aurreratu zituen umeari eta hura hazten zuen neskameari emandako janariengatik: ...iaz 99 urteko Kandelaria egunetik aurten seirehun urteko martxo hasiera arte, hamairu hilabete direla, 7.480 marabedi balio dutenak; izan ere, aurten ogi librak 17 eta 18 marabedi balio izan du eta. Urtebete baino gehiago egon ziren baztertuta eta kaiolatuta, baina bizirik azkenean, triste baina nahitaezko isolamenduan egon behar izan zuten, zaintzak eragindako gastuetan islatzen den moduan.

    Hiletek eragindako gastuak ere kontuan hartu behar dira, eta horrek datu berriak ematen dizkigu familiako kideen heriotzaren kronologiari buruz. Administratzaileak dioenez, Pedro de Saloguen eta María Martínez horien eta hamabostaldian hildako bi neskatilen hiletetan, eta bederatziurrenetan eta urte mezetan, eta urteurrenetan, gehi elizari eskaini ohi zitzaizkion ogia, okela eta argizaria, bi kofradiei limosnak eta ohiko mezak, 656 erreal. Horri guztiorri Pero de Saloguenen amaginarreba Graciana de Churrucaren hiletetan gastatutakoa gehitu behar zaio, zazpi dukat.

    Saloguen eta Izaguirre baserrietako bizilagunak ez ziren izan, egia esan, Euskal Herriak eta Soraluzek mende-amaiera negargarri hartako izurri lazgarriaren tokiko biktima bakarrak, baina haien kasuek erakusten digute zer suposatu zuen gaitz kutsakor horrek euskal herrientzat, bai gaixotasuna zuzenean pairatu zutenentzat, baita haren ondorioak zeharka jasan zituztenentzat.


    Zirujau bera, izurritearen biktima?

    Ikusi den bezala, Sebastián de Jauregui zirujau gisa aritu zen, bere bizitza arriskuan jarriz, Izagirreko eta Salogueneko baserrien kasuetan. Dokumentazioak aukera ematen digu sendagile horren azalpen biografiko labur bat izkiriatzeko, eta beraren jarreratik ezin da erabaki zerk pisatzen zuen gehiago balantzan: zerbitzu-grinak edo irabaziak, hain zorigaiztoko egoerak sendagile ausartei ahalbidetzen zietenak. Zirujau gisa jarduteak benetako arriskua zekarren une hartan eta, behin izurritearen arriskua urrundu eta gero, oportunismoa egoztea ez zen bidezkoa.

    Sebastián de Jauregui ez zen soilik kutsaduraren eraginpean jarri, baizik eta gizarte-bazterkeria ere onartu behar izan zuen. Osasun-zerbitzuak premiaz eskatzen ziren, eta norbera kutsatzeko arriskuaz gain, gainontzeko herritarrek kutsatze jatorri posibletzat hartzen zituzten; eta, horren ondorioz, haiekin egotearen beldur ziren eta tratutik kanpo uzten zituzten. Argi dago, halaber, gaitz kutsakorra pairatzen zutenengandik jende arrunta baino hurbilago egonda, askotan zirujauak lekuko gisa agertzen zirela, baita erredaktore gisa ere, hilzorian zeudenen testamentuetan.

    Hori da, adibidez, Catalina de Ernizquetaren kasua, bere gaixotasunean ezin izan baitzuen eskribau baten laguntza izan bere testamentua egiteko, 1598,eko urriak 23an idatzia. Ia ziurra da Sebastian de Jauregiren presentzia testamentu horretan, dokumentu beraren arabera, esplizituki agertzen baita Prudencio de Iraola Katalinaren senarrarenean[8].

    Egia esan, Oñatin eta kutsatutako beste herri batzuetan gertatu zen bezala, Soraluzek ere ez zuen eskribauen laguntza handirik izan izurriteen bizitzako azken uneetan. Armagintza negozioetan aritutako Juan Iturraoren testamentuan, ohean gaixorik baina buru jabea, honela irakur daiteke: ‘’Eta nire gaixotasunaren larritasunagatik, sinatzen badakidan arren eta ohitura dudan arren, ez dut sinatzen ahal ez dudalako, eta lekuko hauei eskatzen diet nire izenean sina dezatela’’[9] Herritar osasuntsuek joera sendoa zuten izurriteetatik aldenduta egoteko, inor ez baitzen ausartzen eman zituzten pleguak sinatzera, betiere zuhurtziazko distantzia gordetzen zuten eta.

    Ezin zaie zirujauei leporatu, ingurua kontuan hartuta, gehiegi kobratzen zutenik. 1599ko irailaren 30ean, zirujauaren eta kontzejuko ordezkari baten arteko kontratuan honekin topo egin genuen: ‘’Batetik, Sebastián Jáuregui zirujaua, bestetik Domingo de Echeverría, hiribildu honek zirujau horri ematen dion soldata eta sariari buruz, ehun erreal kobratuko dituela, berarentzat seinalatuak’’ [10].

    Kontzejuko soldata ez omen zuen denbora luzean jaso. 1599ko abenduaren 4an sinatu zuen testamentuaren arabera[11], Sebastianek, ‘’…gaixorik eta ohean nagoela…’’ eta ‘’heriotzaz arduratuta’’, bere azken borondatea agintzen du, Soraluzeko bizilagunen alde hain gogor borrokatutako gaixotasun bera zuela sinetsita. Pentsatzekoa da, parrokiako elizan lurperatua izateko nahia erakutsi zuenean, bertan bere emaztea eta aitaginarreba lurperatuta zeudela jakinarazten zuela, agian kutsatzearen biktimak ere.

    Ezin da esan lasai bizi ahal izateko baliabiderik ez zuenik; izan ere, 1.700 erreal zeuzkala adierazi zuen, ‘’Joanes de Churruca donostiarraren ontzian eta Bartolome Hernandezen Santa Barbara izeneko ontzian nire kontura kargatutako iltze salgaietan’’, eta horiei bere jabetzako beste merkantzia batzuk gehitzen zizkion: ‘’Gainera, Domenja Aristegui donostiarraren zabran[12] 30 kintal burni-uztai baditut zamatuta’’. Lau mila erreal ere utzi zizkion Juan de Irezuri, ‘’Indietan dagoenari’’, sei urtetan diru horiekin negoziatzeko eta irabaziak erdibana. Bestalde, Martin de Aguirrek 820 erreal zor zizkion.

    Pentsatzekoa da testamentugileak alargun geratu ondoren osatu zuen familia berria hazteko itxaropena zuela, honako hau gehitu zuen eta: ‘’Ana Loiolakoarekin ezkonduta nago, gaur egun haurdun eta erditzeko prest, eta nire ogasun guztia semeak edo alabak heredatzeko agintzen dut, eta horrelakorik ezean, Ana Loiolakoa, nire emaztea, oinordeko izendatzen dut’’. Emandako zerbitzuengatik kobratu behar zituen zenbait diruri buruzko erreferentziarik ez da falta: ‘’Pedro de Arteagari eta haren emazteari eta seme-alabei gaixoaldian egin nizkien sendaketa eta zerbitzuetatik kobratu ditzatela".


    Erreferentziak

    1. Aterpea bilduma (Ttarttalo 2011).
    2. AHPO, I-3699, 72 o. 1580.
    3. Exigir el pago de 871 reales por las 51 veces que el demandante fue a curar y dar de comer a Juan Ibañez de Izaguirre y su hermana Ana, enfermos de la peste, al caserío de Izaguirre, pago al que se comprometió el demandado. Sebastián de Jauregui, cirujano residente en Placencia contra Martín Ruiz de Aguirre, vecino de Placencia. Valladolideko Erret Kantzileriaren Artxibategia, Quevedo F., 4471-6, (1598/10/19).
    4. Kulata ekoizlea.
    5. AHPO, I-3770 20 o.
    6. Sarga. Ehun gordina.
    7. Oihal mota bat, hogetabi dozena harizko ehungailuan irazkia (hortik izena). Andra alargunek erabili ohi zuten.
    8. AHPO, I-3759 244 o.
    9. AHPO, I-3759 150 o. 1599ko martxoaren 19an.
    10. AHPO, I-3759 344 o.
    11. AHPO, I-3759 442 o.
    12. Zabra. 200 bat toneladako belaontzia, itsaso zabaletarako oso egokia, piraten kontra ondo armatua izaten zena. Europa eta Amerika arteko bidaian hilabetea baino gutxiago ematen zuen. Arina, zama handikoa eta ondo armatua, komertziorako oso aproposak ziren.