1934.eko Iraultza (eu)

    Sorapediatik

    Urriko Iraultza (1934)

    1934ko Iraultza edo Urriko Iraultza sasoi horretan Espainiako hainbat eskualdetan izandako altxamendua izan zen, Espainiako Bigarren Errepublikako zentro eta eskuineko agintarien aurka, sozialistak, komunistak eta anarkistak elkarturik. Asturiasen izan zuen eragin handiena, baina Katalunian eta Euskadin[1] ere eragin nabarmena izan zuen.

    Gobernuak marokoar tropak eta Legioa bidali zituen Francisco Francoren zuzendaritzapean. Hildako asko egon ziren, errepresio oso gogorra izan baitzen: fusilatuak, torturatuak, kartzelaratuak... langile buru askori heriotza zigorra ezarri zitzaien, baina Alcalá-Zamorak konmutatu zituen.


    Iraultza Gipuzkoan

    Gipuzkoan urriaren 5ean, ostirala, greba orokor iraultzailea aldarrikatu eta herri garrantzitsuenetan lanuztea erabatekoa izan zen. Indarkeriazko istilu (indar publikoaren aurkako tiroketak, piketeak, poliziaren kargak, bonben eztandak) gutxi izan ziren, Eibarren eta Arrasaten izan ezik.

    Greba orkorra iraultzaileak 7 egunetako deitu zuten Gipuzkoan (urriak 5etik 12ra), eta hamabi herritan izan zuen jarraipena, hiru motakoa.

    Greba orokorrak zazpi herritan izan zuen jarraipen baketsua, baina hiru hildakoekin: Soraluze, Bergara, Zumarraga, Beasain, Tolosa (hildako bat), Donostia (bi hildako) eta Irunen.

    Beste hiru herritan grebalariak oldartu (matxinatu) ziren: Hernani, Pasaia (6 hildako[2]) eta Errenterian.

    Azkenik, iraultza armatua bi herritan izan zen: Eibarren (7 hildako) eta Arrasaten (4 hildako).

    Eibarren hildako batek Soraluzerekin harreman estua zuen. Urriak 5eko goizean izandako tiroketan bost hildako izan ziren, lau matxinatu eta guardia de asalto bat; goiz horretan ere mezatik bueltan zetorren Carlos Larrañaga buruzagi karlista hil zuten. Garai hartan Carlos Larrañaga zen Soraluzeko San Ignacio musika bandaren zuzendaria.


    Iraultza Soraluzen

    Casiuo Liberalen inguruan bildutako gehienak (errepublikazaleak, sozialistak...) iraultzaren aldekoak ziren, baina ez zuten gehiengoa herrian. Gainontzekoak aurka zeuden: jeltzaleak, karlistak, eskumakoak...

    Hala ere, Soraluzen greba orokorra antolatu zuten, eta jarraipena izan zen. Bertako guardia zibilek giroa "baretu" zutenean, Elgoibar eta Ermuakoaren batera, Eibarko iraultzaileen kontra bidali zituzten.

    1940.ean, gerra ostean, Auzi Orokorra izenekoa zabaldu zenean, zazpi laguni egotzi zieten grebaren antolaketa edota parte hartzea:

    Felix Barrenechea Arando-Arreche (udal idazkaria), Aniceto Larrañaga Maiztegui (langilea), Lisardo Legaristi Vila (mekanikaria), José María Astiazarán Ugalde (langilea), Félix Echaniz Beitia (langilea), Hipólito Maiztegui Aguirrebeña (doitzailea) eta Ignacio Uriarte Artolazábal.


    Erreferentziak

    1934: Un año decisivo en el País Vasco. Nacionalismo, socialismo y revolución. José Luis de la Granja Sainz (Sancho el Sabio 2004).

    1. 1934ko Iraultza Euskal Herrian. Wikipedia (euskaraz).
    2. Urriaren 8 eta 9 arteko gauean, greba ia amaituta, iraultzaile, soldadu eta guardia zibilen arteko tiroketa handia izan zen, eta sei matxinatu hil zituzten