Abade iheslariak (eu)

    Sorapediatik
    XVIII. mendeko abade frantziarra

    Abade frantses iheslariak

    1789. urtean sortutako Frantziako Iraultza aurki hasi zen Elizaren kontra. Ondorioz, apaiz eta fraile asko atzerriratu ziren, Gobernuak bidalita lehen eta heriotzaren beldur gero. Espainiara etorritako gehienak muga ondoko elizbarrutietan geratu ziren, batez ere Kalagorri eta Iruñeakoan.

    Hasiera batean beso zabalik hartu bazituzten ere, aurki bertako apaizekin arazoak hasi ziren: etorritakoak ia esku hutsik etorri zirenez, ekarritako diru apurrak bukatu eta gero "lanean" hasi ziren, bertako abadeei konkurrentzia egiten. Eta bBeste aldetik, nahiz eta iraultza kontrakoak izan, batzuk ideia liberalak zituzten.

    Arrazoi guzti hauengatik, eta egoera kontrolatu nahian, 1791. urtean Espainiako Gobernuak atzerritarren errolda egiteko agindu zuen, eta urtebete geroago apaizei lan egitea debekatu zien: mezak ematea, aitorpenak entzutea...


    Soraluzeko abade frantsesak

    Itxura denez, ordurako baziren hiru abade frantses Soraluzen, eta "lanean" gainera.

    Horregatik, Espainiako Gobernuak meza ematen debekatu zienean, Soraluzeko apaizek eta Udalak salbuespen bat egiteko eskatu zuten. Arrazoia, abade gehiago izanda meza gehiago ere zirela, eta modu honetan baserritarrek aukera gehiago zuten mezetara joateko, kontutan hartuta baserriak ezin zirela hutsik geratu[1].


    Inguruko abadeak

    Kalagorriko elizbarrutian egindako erroldaren arabera, 1792. urtean Soraluze inguruko herrietan hamabi abade iheslari zeuden, hamar Bergaran eta bana Eibarren eta Arrasaten:

    • (Bergara) Jean Baptiste Cazenave
    • (Bergara) Jean Elissalde, Azkaineko bikarioa
    • (Bergara) Pierre Etchart, Ortaitzeko bikarioa
    • (Bergara) Saveur Franchisteguy, Isturitzeko apaiza
    • (Bergara) Martin Galbanet, Hendaiako apaiza
    • (Bergara) Leonard Grangent, Donibane Lohitzuneko bikarioa
    • (Bergara) Jean Letechipi, Azkaineko bikarioa
    • (Bergara) Etienne Mendibourou, Urruñako bikarioa
    • (Bergara) Joaquim Rivière, Azkaineko apaiza
    • (Bergara) Martin Teillary, Urruñako apaiza
    • (Eibar) Jean Baptiste Ainciboure, Bastidako bikarioa
    • (Arrasate) Dominique Haraneder-Boutran, Baionako kalongea

    Soraluzen izandako hiru abadeak inguruko herri batetik etorriko ziren, Bergaratik segururena.


    Erreferentziak

    1. Los cabildos eclesiástico y secular de la villa de Placencia, solicitan permiso al Consejo para que permanezcan en dicha villa tres sacerdotes franceses, por ser su ayuda muy importante al poder celebrarse tres misas, ya que antes al ser menor el número de misas los habitantes de los caseríos no podían acudir por tener que esperar a los que habían ido primero (Archivo Histórico Nacional (Madrid). Agrupación de Fondos Consejos Suprimidos 1792, 1793).