Arkabuzak (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 22:05, 22 urtarrila 2018
    Tanegashima arkabuza (Japonia)

    Arkabuza suzko arma izan zen, infanteriako gudariek erabilia XV mendetik XVII mendera.

    Ahotik kargatzen zen, eta tiroa egiteko sistema argi-mukizko giltza erabiltzen bazuten ere, teknologia hobetuz joan zen: S formadun giltza, serpentina giltza eta katua duen giltza.

    Arkabuzen oinarrituta mosketeak sortu ziren gero, baina askoz handiago eta astunagoak. Mosketeak asko arindu ziren arte arkabuzak ez ziren desagertu.


    Aurrekariak: eskuzko trumoiak

    Eskuzko trumoia (Suedia 1390)

    Artilleria hasi zenean, aurki asmatu zuten eskuz erabiltzeko kainoi txikiak. Eskuzko trumoiak esaten zitzaien

    20 bat zentimetrotako tutua zuten, eta egurrezko ohe edo kutxa bati lotuta zeuden. Eta heldulekua zeukan azpitik, ondo oratzeko eta atzerako indarra eusteko.

    Oso erabilera traketsa zuten, argi-mukia piztu behar zen eta kainoiaren belarrian[1] ezarri behar zen, polbora pizteko. Orokorrean bi soldadu behar ziren, bata arma eusteko eta destatzeko, eta bigarrena argi-mukia eramateko eta ezartzeko. Soldadu bakar batek ezin zuen aldiberean polbora piztu eta arma ondo destatu; beraz, tiro egin behar zuen etsaiarengandik oso gertu, horrek dakarren arriskuarekin.


    S giltza

    Arkabuzen sorrera eta eragina

    Hiltzeko gaitasuna zein erabilgarritasuna hobetzeko, eskuzko trumoiei argi-mukizko giltza erantsi zitzaien, arkabuza[2] sortuz.

    Giltzak piztutako argi-mukia eusten du punta batean, eta beste puntatik eragiterakoan argi-mukia belarrira eramaten zu, modu zehatzean. Modu honetan soldadu bakar batek arkabuza ondo erabil zezakeen: zalditeria eta zaldunak modu errezean akabatzeko modua ematen zuten eta.

    Horregatik orduko zaldunek protesta asko egin zuten, gudako ohorea zela eta ez zela. Esateko, Frantziako Pierre de Terrail, Bayardeko jauna eta Bayardo zalduna ezizenez, ahal zituen arkabuzari guztiak urkatzen zituen… 1524ko apirilak 30an, Sesiako guduan, arkabuzari batek hil zuen arte.

    Konparazio baterako, XIV mendean arku luzeek eragin itzela izan bazuten, XV mendean arkabuzek zelai guduko panorama goitik behera aldatu zuten.


    Arkabuzen teknologia

    Arkabuz guztiek erabilera ia berbera dute; hau da, piztutako argi-mukia belarrira edo almetxara giltza baten bidez eraman, bertako polbora mehea pizteko eta tiroa egiteko.

    Aldatzen dena giltza da. Beti argi-mukizko giltza izanda, gutxienez hiru sistema erabili ziren: S giltza, serpentina eta katua.

    S giltza

    Lehengo giltza oso mekanismo erreza zen: S formadun palanka bat, kutxan ondo lotuta, eta goiko aldean argi-mukia lotzen zen. Nahikoa zen argi-muki hau piztu (beste argi-muki batekin), armaren kutxa aurpegian jarri, ondo destatu eta palankari gora eragin: argi-mukia behera etorriko zen, belarrira, polbora piztuz. Hori bai, atzerako indarrez aurpegiak ondo minduta geratzen ziren.

    Serpentina giltza erabiltzen duen arkabuza

    Serpentina

    Behin arma disparatuta, S giltza eskuz eraman behar zen atzera, hurrengo tiroa prestatzeko.

    Horregatik serpentina[3] asmatu zen. Katua sakatuta, palankak argi-mukia behera ekartzen zuen, polbora piztuz; eta malguki laua zuenez, katua askatzerakoan malgukiak palanka atzera ekartzen zuen, argi-mukia gora eramaten.

    Gainera, mekanismo osoa kutxa barruan gordetzen zen, modu honetan ez zela zikintzen ezta bustitzen.

    Belarriaren ondoan almetxa[4] agertu zen, bertan polbora mehea jartzen zela. Modu honetan sua belarritik kainoi barrura sartzen zen, bertako polbora piztuz.

    Katua giltza bere argi-mukiaz

    Katua

    Serpentina ostean katua asmatu zen. Palanka osoa kutxa barruan izkutatu zen, eta aurreko aldean katua izeneko pieza erantsi zitzaion, palankari eragiteko.

    Arautegiak

    XVI mende erdialdean arkabuzen ekoizpena teknikoki ondo araututa zegoen. Alde batetik, metalezko zein egurrezko piezen bukaerak, uhalak eta torlojuak barne. Kalitatezko frogak ere arautuak ziren: bi tiro bota behar ziren, polboraren pisuak jaurtigaiaren bikoitza behar zuela.

    Orokorrean, arkabuzek 80-100 zentimetrotakoak ziren, eta 6-7 kilokoak.


    Osagarriak

    Argi-mukia

    Arkabuzak zuen argi-muki zatia pizteko, arkabuzariek beste argi-muki luzeagoa erabiltzen zuten.

    Tiro egin aurretik, argi-mukia pizten zuten, bada ezpada bi aldeetatik. Horretarako, beraiekin zeramatzaten suharria eta katebegia elkarrekin jotzen zuten, sortutako txinpartaz argi-mukia pizteko. Oso sistema sinplea da, eta inoiz ez zuen ‘’kalerik’’ egiten.

    Turkesa

    Jaurtigaiak: balak edo pilotak

    Berunezkoak ziren, eta arkabuzari bakoitzak bereak egiten zituen, turkesa izeneko eskuzko moldeak erabiliz. Beruna 300 gradotan urtzen denez, ez da behar su handirk: beruna urtu, turkesa bete eta, gogortzen denean askatu.

    Arkabuzentzako pilotak 15 mm-tatik 20 mm-tarakoak izaten ziren, norberaren kainoiaren arabera. Dena dela, arkabuzaren tutua baino estuagoak egiten ziren, tiro gutxirekin tutuak asko zikintzen zirelako.

    Polbora

    Polboraren proportzioak tutuen araberakoak dira. Arkabuzenak, gehienetan, zituen: %71a potasio nitratoa[5], %12a sufrea eta %17a egur-ikatza, ahal bazen sahats-ikatza.

    Tiroen arteko denbora murrizteko, polbora egurrezko tutuetan eramaten zuten, bakoitza polbora gordinaren karga zehatz batekin. Tutuak uhal batean lotzen ziren, soinean gurutzatuta. Orokorrean hamabi tutu erabiltzen zutenez, hamabi apostoluak esaten zitzaien.

    Soinean gurutzatuta ere, polbora meheaz betetako hauts-kaxa zeramaten, gero almetxan jartzeko. Alboko beste poltsatxo batean berunezko balak edo pilotak. Eta, azkenik, txinpartak sortzeko suharria eta katebegia.


    Almetxa zabalik eta argi-mukia polbora mehea pizten

    Erabilera

    Arma kargatzeko eskuzko trumoien antzera egiten zen: uhaletik polbora tutua atera eta kainoian sartu, atzetik bala sartu eta dena ondo estutu.

    Behin karga ondo estututa, almetxa zabaltzen zen, bertan polbora mehea jarri eta atzera itxi.

    Prestaketa bukatzeko, sepentinan lotutako argi-mukiaren luzeera egiaztatzen zen, ea nahikoa zen almetxara heltzeko.

    Armaren argi-mukia aurretik piztuta ez ba zen, piztu eta arkabuzariak tiroa egiteko aginduaren zain geratzen ziren.


    Erreferentziak

    1. Belarria (oído). Kainoi azpiko tutu txikia.
    2. Arkabuzaren izena doixtera zaharretik omen dator, hake (kakoa) eta buchse (kutxa). Eta ale zaharrenak kutxa ez zuten zuzena, okerra baizik, kako baten antzera.
    3. Serpentin izena argi-mukia eusten zuen piezatik dator, suge forma ematen zitzaion eta.
    4. Almetxa edo kazoleta. Polbora mehea jartzen zen tokia.
    5. Nitroa edo salitrea.