Ezoziako jaiak (eu)

    Sorapediatik
    Ezoziko goiko plazan, paretan kontran: harmaila gainean Uztapide bertsolaria, herriko idazkaria, Basarri bertsolaria, Bolumburu Biribiltxonekua, Alejandro Oregui, Simón Artolazábal, Pedro Elizburu Kirueta udalzaina, Jesús Mari Berrueta eta Mateo Peñalba.
    Aurretik Don José Antonio Loinaz Jaungoikua, Don Eugenio Arrillaga, Domingo Ucín herriko alkatea, Don Miguel Goicoechea, Don Antonio Oyarzábal (sermolaria), Txarandela eta Guardia Civileko herriko sargentua.
    Makurtuta Ángel Bolumburu eta Eugenio Galarraga (1950).

    Aintzinako jaiak

    Sasoi batean, Ezoziako jaiak Abuztuko Andramarien ostean izaten zen; zehatzago, San Roke Txikiren osteko domekan, hain zuzen. Amaiera ematen zioten herriko jai patronalei.

    Ezoziako kofrarixaren jaia izaten zen, bertako maiordomo berriak aukeratzen zen eguna.

    Jaien egitaraua ez zen asko aldatzen urte batetik bestera, eta lau zati izaten zituen. Jaia kalejira batekin (inoiz birekin) hasten zen, kalean bertan. Herriko txistulariek, herriko musika bandak edota Lizarrako dultzaineroek jotzen zuten.

    Ostean, eta Ezoziako santutegian, Meza Nagusia izaten zen, parrokiako abesbatzak abestua. Ostean, eta urtearen arabera, hainbat gauza: bertsolariak (1950 urtean Basarri eta Uztapide ekarri zituzten), aurreskua, dantzak, txistularien kontzertua, harrijasotzaileak, ahari-jokua, herri-lehiaketak, zozketak...

    Bazkalostean erromeria izaten zen, txistulariekin. Aurretik edo ostean, inoiz tiro al plato egon zen.

    Iluntzean erromeria jarraitzen zen, baina kalean, Plaza Zaharrean. Honekin bukatzen diren herriko jaiak.


    Jai luzeak

    1977 urtean Ezoziko jaiak luzatu ziren, domeka eta astelehena hartuz. Domeka herritarrentzat zen, eta astelehena bailarakoentzat. Eta hurrengo urtetik aurrera zapatu arratsaldetik hasten ziren.

    Programa, gutxi gora behera, nahikoa antzekoa zen urte guztietan: zapatuan kantaldia, euskal abeslariekin; domekan meza nagusia, ostean bertsolariak eta herri kirolak, eta arratsaldean erromeria (iluntzean Plaza Zaharrean bukatzen zena); astelehenean meza eta ostean erromeria, trikitilariek animatuta; inoiz bertsolariak ere.

    Diru faltagatik edo, 1983 urtean aurreko programara bueltatu ziren; domeka bakarrik, alegia: meza nagusia, ostean bertsolari eta aizkolariak, eta iluntzean erromeria Plaza Zaharrean. Inoiz bolo jokuan izaten zen Armendian.

    Baina 1987tik aurrera berriro jaiak bi egunetan luzatu zuten, zapatua eta domeka. Azkoitiako Zabale anaiak ekartzen bazituzten ere, 1989 agertu zen lehengo aldiz auzoko Larreategi taldea trikitia jotzen.

    Urte oparoenak, jai aldetik behintzat, 1992tik 1995 artekoak izan ziren: bariku iluntzean hasi, eta beste hiru egunetan jaiak!

    Baina 1997 urtean hiru egunetako programara bueltatu ziren: zapatu iluntzea, domeka eta astelehena.


    Gaur egunekoak

    Azken urteotan, indar asko galdu zuten jaiek; batez ere, auzoan jende gutxiago bizi delako eta kaleko jendea joaten ez zelako, inguruko herrietan ere jaiak izaten direlako.

    2000 urterako, auzotarrek jai eguna aldatu eta ekainaren hirugarren asteburura aldatzea erabaki zuten, jendea erakarri eta behar bezelako jaiak egiteko garai aproposagoa zelakoan.

    Programa hiru egunetan luzatzen da: ostiral iluntzeko musika kontzertuarekin hasi eta igandean mendizaleen finalista egunarekin amaitu. Tartean meza nagusia, herri afaria, bola txapelketa, bertsolari eta herri kirolak ere izaten dira.


    2018 erromerixako iragarkia

    Erromerixa Eguna

    Aipatzekoa da 2007tik hona Ezoziko jaien bezperan Erromerixa Eguna berreskuratu dela, usadio zaharrak berrituz.

    Ezoziako jaien aurreko asteburuan egiten dute, larunbatean.

    Jaia kalean hasten da, hamaiketako batekin, gero Ezozirako bidea kalejiran egiteko.

    Behin Ezozian, Urrats dantza taldeak erakusketa egiten du. Ostean bazkaria izaten da, santutegiko atari estalian.

    Arratsaldean, eta ilundu arte, erromeria izaten da. Erdialdean Larrain dantza egiten dute, gaiteroek lagunduta.


    Erreferentziak