Francoren bisita SAPAn (eu)

    Sorapediatik
    Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.
    Erdiko hiru lagunak: Rafael Hernández Francés (lantegiko zuzendaria), Francisco Franco Bahamonde jenerala eta Alejandro de Calonje y Motta (SAPAren zuzendaria). Gainontzekoak, ezkerretik hasita: Pío Placencia Arluziaga (tailerreko maisu nagusia), Agustín Muñoz Grandes jenerala (zuriz), ezezaguna, Miguel Larrañaga (atzekaldean), José Sirvent Dargent (SAPAko injeniari nagusia, urte batzu geroxeago INIko idazkari orokorra eta presidentea izango zena), José Moscardo Ituarte generala (zuriz), eta atzekaldean, baina oso atzekaldean, Angel Elizburu Lizariturri (SAPAko behargina)

    Aurrekariak

    SAPA sortu zenetik, Soraluzeko lantegiak hainbat politikoen bisita izan zuen; esateko, José María Gil Robles, Defentsa ministroarena (1935ko abuztuan) eta Rafael Aizpun, Komertzio ministroarena (1935ko irailean).


    Francoren bisita

    1941ko irailak 15ean Francisco Franco jeneralak ere SAPAren Soraluzeko lantegia bisitatu zuen. SAPAri esleitutako lanen egoera bertatik bertara jakiteko interesa zegoen, eta lantegiaren premiak eta gabeziak zuzendarien ahotatik ezagutzeko.

    Argazietan ikusi daitekeenez, Francisco Francorekin hainbat militar etorri ziren: Juan Vigón teniente jenerala (Aire ministroa), José López Pinto jenerala (VI barruti militarraren kapitain jenerala eta Arabako gobernadore militarra gerra garaian), José Moscardó Ituarte jenerala (Francoren Etxe Militarraren buruzagia eta JONSen Miliziarena) eta Agustín Muñoz Grandes jenerala.

    SAPAko zuzendaritzaren aldetik hiru lagunek artatu zuten Franco: Alejandro de Calonje y Motta (SAPAko zuzendari-jerentea), José Sirvent Dargent (SAPAko injeniari-burua eta INIren lehendakaria 1963-1969 tartean) eta Rafael Hernández Francés (SAPAko zuzendaria). Horiekin batera herriko alkatea ere agertzen da, Miguel Larrañaga (Aispua).

    Langileen artean Pío Placencia Arluciaga (lantegiaren maisu nagusia), Luis Angel Elizburu eta Remigio Bolumburu Ojanguren agertzen dira.

    Bisita eguerdian hasi zen, Udaletxeko bilkura-aretoan izan zuten bazkari ofizialarekin. Ordukoek kontatzen dutenez, jatekoak kanpotik ekarri zituzten, baina kafea Udaletxean bertan prestatu zuten, bigarren solairuko telefonistaren etxean. Francok bere jaki dastatzailea ekarri omen zuen, pozoituko zuen arduratuta.


    Irudiak

    Bisita ilustratzeko Vicente Martín argazkilaria etorri zen, Donostiako Foto Car estudiokoa. Erreportaia Kutxaren fototekan dago ikusgai[1].

    (handitzeko, sakatu gainean)


    SAPArako beste bisita

    Ia hogei urte geroago, 1958ko abuztuak 18an, Francisco Franco jeneralak Aodoaingo SAPA bisitatu zuen.

    Aurreko bisitarekin alderatuta, oso desberdina izan zen. Armadaren eskaerak jaisten hasi zirenez, bisita honekin SAPAren zuzendaritzak Francoren babesa lortu nahi zuen. Bigarren bisita honetarako lantegia apaindu zuten, kanpotik eta barrutik, eta NODOrako grabazioak egin zituzten.


    Erreferentziak

    1. Kutxateka. Erreportaia: Franco jeneralaren bisita SAPAren Soraluzeko lantegiari 1941. urtean.