Garbancito (eu)

    Sorapediatik
    Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.
    (Ignacia Mugicak kontatuta, 1960. urte inguruan)

    Soraluzeko euskeraz

    Bein bazan Garbancito izeneko mutiko bat. Oso mutiko txikixa zan, verduritas jaten ez ebalako. Ama oso triste eta asarre euan.

    Egun batian, amari erosketak eitxia aztu eiñ jakon. Eta eziñ eban bazkarixa prestau.

    Zein juango da koperatibara? galdetu eban amak.

    Neu, ama, neu! esaotsan Garbancitok.

    Garbancito koperatibara juan zan, bere abestixa kantatzen. Txoritxuak be, berarekin kantatze eben.

    Jatorrizkoa Euskaraz
    Tachin, tachin, tachin
    ¡Cuidado con lo que hacéis!
    Tachin, tachin, tachin
    ¡A Garbancito no piséis!
    Tatxin, tatxin, tatxin
    Ibil zaitezte kontuz!
    Tatxin, tatxin, tatxin
    Garbancito ez zapaldu!

    Koperatibara sartu eta Karmenek ez eban ikusi, oso txikixa zalako. Hala ere, erosketak oso ondo eiñ otsazan amari.

    Etxera zijuala, eurixak arrapatu eiñ eban. Txikixa izango zan, baina argixa be! Eta Garbancito aza orri baten azpian izkutatu eiñ zan.

    Baina bertatik pasatzen zan bei goseti batek KLAUSK! eiñ eta irentsi eiñ eban aza orria, Garbancito eta guzti. Beiaren tripan oso iluna zan. Eta bakarrikan zala ta, Garbancito asko ikaratu eiñ zan.

    Bazkaltzeko orduan Garbancito ez zan etxera ailegatu. Ama eta aitxa kezkatu eiñ ziran. Oso oso triste jarri ziran, bila eta bila.

    Arratsaldian, digestiñua einda gero, beiak askatu ein eban barrukua, kaka eiñ eban. Eta Garbancito an agertu zan!

    Aitxa, Garbancito bila zebilala, oiuak entzun ebazan. Kaka pilotik etozen! Bertara juan eta an euan Garbancito, kakamokordo erdi erdian! Aitatxoa oso pozik jarri zan. Etxera eruan eban Garbancito eta an garbitu ein eben.

    Ordutik aurrera, Garbancitok verduritas eta beste gauza asko jaten zittuan. Gero eta aundiago euan eta ama oso pozik euan. Ez zan barriro Garbancitorekin asarretu, motibo orregatikan beintzat.


    Euskara batuaz

    Behin bazen Garbancito izeneko mutiko bat. Oso mutiko txikia zan, barazkirik jaten ez zuelako. Ama oso triste eta haserre zegoan.

    Egun batean, amari erosketak egitea ahaztu zitzaion. Eta ezin zuen bazkaria prestatu.

    Zein joango da koperatibara? galdetu zuen amak.

    Neu, ama, neu! esan zion Garbancitok.

    Garbancito koperatibara joan zen, bere abestia kantatzen. Txoritxoak ere, berarekin kantatzen zuten.

    Jatorrizkoa Euskaraz
    Tachin, tachin, tachin
    ¡Cuidado con lo que hacéis!
    Tachin, tachin, tachin
    ¡A Garbancito no piséis!
    Tatxin, tatxin, tatxin
    Ibil zaitezte kontuz!
    Tatxin, tatxin, tatxin
    Garbancito ez zapaldu!

    Koperatibara sartu eta Karmenek ez zuen ikusi, oso txikia zelako. Hala ere, erosketak oso ondo egin zizkion amari.

    Etxera zihoala, euriak harrapatu zuen. Txikia izango zen, baina argia ere! Eta Garbancito aza orri baten azpian izkutatu zen.

    Baina bertatik pasatzen zen behi goseti batek KLAUSK! egin eta irentsi zuen aza orria, Garbancito eta guzti. Behiaren sabelean oso iluna zen. Eta bakarrik zegoela eta, Garbancito asko ikaratu zen.

    Bazkaltzeko orduan Garbancito ez zen etxera heldu. Ama eta aita kezkatu ziren. Oso oso triste jarri ziren, bila eta bila.

    Arratsaldean, digestioa egin eta gero, behiak askatu zuen barrukoa, kaka egin zuen. Eta Garbancito han agertu zen!

    Aita, Garbancito bila zebilela, oihuak entzun zituen. Kaka pilotik zetozten! Bertara joan eta han zegoen Garbancito, kakamokordo erdi erdian! Aitatxoa oso pozik jarri zen. Etxera eroan zuen Garbancito eta han garbitu zuten.

    Ordutik aurrera, Garbancitok barazkiak eta beste gauza asko jaten zituen. Gero eta handiago zegoen eta ama oso pozik zegoen. Ez zen berriro Garbancitorekin haserretu, motibo horregatik behintzat.