Goi mailako bisitariak (eu)

    Sorapediatik
    Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.

    Ez askotan, baina inoiz Soraluzeraino etorri dira estatu-buruak: Santxo VI.a, Jose I.a, Fernando VII.a, Isabel II.a, Alcalá Zamora presidentea, Francisco Franco...


    Santxo VI.a

    1150-1160: Santxo VI.a

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Nafarroako Santxo VI.a “Jakintsuaren” garaietan (1150-1194), beronen lehengusu bat, Don Celinoz de Unzueta, Irurera aldatu omen zen bizi izatera bere ganadu–sail ugari eta bere morroi taldeekin. Bertan bizi zela, garai hartan Gipuzkoa osoko eta Bizkaiko lur zati handieneko nagusi zen Santxo VI.a Erregeak, Gipuzkoako lurrak eta lehengusuaren bizi-lekua bere begiz ezagutzeko asmoz, Don Celinoz lehengusua bisitatu omen zuen.

    Honek haragi-jan eta otordu oparo batez hartu omen zuen errege nafarra, eta otorduaren ostean, zezenketa bat eskaini omen zion bere omenez. Zezenketan bi zezen toreatu omen zituzten, eta ondoren hil, erregearen txakurrek jan zitzaten.


    Jose Ia.

    1808/07/11: Jose I.a

    Maiatzak 5eko Baionako abdikazioen (Fernando VII >> Carlos IV >> Napoleon I) ostean, Napoleon Bonaparte zen Espainiako koroaren jabe "legala". Ekainak 6an Jose anaia izendatu zuen Espainiako eta Indietako errege eta, Napolitik Baionara ziztu bizian etorrita, uztailak 7an Josek Baionako estatutua zin egin zuen.

    Biharamunean Madrilgo bidean hasi zen, Bidasoa zeharkatuz; segizioa 100 bat gurdik osatzen zuten, eta 1.500 soldaduk gordetzen zuten. Gipuzkoa zeharkatzeko Kotxeen Erret Bide berria erabili zuen, herri eta hiri garrantzitsuenetan geldialdiak eginez, bertakoen agur beroak jasotzeko: Donostia, Tolosa, Bergara...

    Behin bakarrik desbideratu zen bide zuzenetik, Soraluzera etortzeko. Bergarara heldu zenean, hegoaldera hartu beharrean iparraldera jo zuen, Soraluzeko Erret Lantegiak bisitatzeko eta bertakoen harrera eta agurra jasotzeko.

    Soraluzekoa bukatuta, zuzenean Madrila hartu zuen: Bergara, Gasteiz, Miranda, Briviesca, Burgos, Lerma, Aranda, Buitrago eta Chamartin. Azkenean, uztailak 20an Madrilen sartu zen.


    Fernando VII.a

    1829/06/13: Fernando VII.a

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1829 urtean Fernando VII erregeak eta Maria Josefa Amalia erreginak Soraluze bisitatu zuten.

    Kataluniako matxinada zela-eta, errege-familiak penintsulako iparraldean zehar eginiko biran Euskal Herrira etorri ziren.

    Gurean denetik izan zen: harrera beroa, biba eta txaloak, gremioak formazioan, Erregetxeko bisita… eta azkenean, armagile guztion artean, pare bat pistola oparitu zioten erregeari, “beren miserian” presente izateko.

    Bisita zela eta, José Joaquín Agirre eibartarrak bertsoak jarri zituen, 48 guztira, zortziko txikian eta nahikoa bitxiak, euskara eta gaztelania tartekatu zituen eta.


    Isabel II.a eta ama

    1845/08/27: Isabel II.a

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1845ko abuztuan Isabel II.a eta Maria Cristina bere ama Arrasaten egon ziren, Gesalibarreko bainuetxeko urak hartzeko. Eta egun haietan inguruko hainbat herritan egon ziren.

    Abuztuak 27an Soraluzera etorri ziren eguerdian, handik Debara pasatzeko. Bueltan, Mendaron bizkotxoak oparitu zioten eta, Soraluzera heltzerakoan, bertako parrokia eta Erregetxea ikusi zuten.

    Egun horretan jendetza izugarria bildu zen, baserritar guztiak kalera jaitsi zirela. Sokamuturra, dantzaldiak... denetik egon zen.


    Carlos VII.a

    1873: Carlos VII.a

    Bigarren karlistadan (1872-1876), Soraluze liberalen esku geratu zen hasiera batean. Baina karlista gudarosteen presioarengatik, 1873.eko abuztuak 10ean Udalak Donostia aldera alde egin zuen, liberal askorekin batera.

    Zortzi egun geroago (abuztuak 18an) Lizarraga jeneral karlistak herria hartu zuen, eta ondoren Udal berria izendatu zuten.

    Handik hilabetera, irailak 13an haiz zuzen, Carlos VII.a errege karlistak Soraluze eta bertako Erret Lantegiak bisitatu zituen, bertako zaleen biba eta txaloen artean.


    Niceto Alcalá Zamora

    1932/09/13: Alcalá Zamora presidentea

    1932. urtean Niceto Alcalá Zamorak, Errepublikako presidenteak, Eibarrera egin zuen bisita (1932/09/13).

    Soraluzetik pasatzerakoan, Casimo de la Unión Liberalen frentean geratu zen, jendea agurtzeko.


    Francisco Franco

    1941/09/15: Francisco Franco

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1941.eko irailak 15ean Francisco Franco jeneralak ere SAPAren Soraluzeko lantegia bisitatu zuen. SAPAri esleitutako lanen egoera bertatik bertara jakiteko interesa zegoen, eta lantegiaren premiak eta gabeziak zuzendarien ahotatik ezagutzeko.

    Francisco Francorekin hainbat militar etorri ziren: Juan Vigón teniente jenerala (Aire ministroa), José López Pinto jenerala (VI barruti militarraren kapitain jenerala eta Arabako gobernadore militarra gerra garaian), José Moscardó Ituarte jenerala (Francoren Etxe Militarraren burua eta JONSen Miliziarena) eta Agustín Muñoz Grandes jenerala.

    SAPAko zuzendaritzaren aldetik hiru lagunek artatu zuten Franco: Alejandro de Calonje y Motta (SAPAko zuzendari-jerentea), José Sirvent Dargent (SAPAko injeniari-burua eta INIren lehendakaria 1963-1969 tartean) eta Rafael Hernández Francés (SAPAko zuzendaria). Horiekin batera Miguel Larrañaga Aispua (herriko alkatea) eta Pío Placencia Arluciaga (lantegiaren maisu nagusia) ere aritu ziren.


    Erreferentziak