Herriko iturriak (eu)

    Sorapediatik
    Mendietako iturriak ikusteko, sakatu hemen.

    Soraluzeri buruz idatzi zutenek behin baino gehiagotan esan zuten baserrietako iturrien ura oso ona zela, baina kalekoena gutxi eta kalitate eskasekoa. 1826-1829 urteetan Madrilen argitaratutako Diccionario geográfico-estadístico de España y Portugal liburuak, Sebastian de Miñanok eginda, esaten du:

    Ur edangarri gozo oparoak ditu, ez herri kaskoan, baina bai baserrietan, bakoitzak bere iturria duela.


    Plaza Barriko iturria (Soraluzeko Udala 2018)

    Herriko iturri zaharrenak

    Hasiera baten, eta herria oso handia ez zenez, bertako iturriak gutxi ziren:

    • Plaza Zaharreko iturria. Aurretik nun zegoen ez badakigu ere, 1804-1809 urteetan Erregetxea egin zutenean hormaren erdi erdian jarri zuten.
    • Erregetxeko edo Errabaleko iturria. Erregetxe zaharraren aurrekaldean zegoen. Bertara zetozen mando eta zaldientzat egokia, aska ederra zuen baina iturririk ez, ura menditik zuzenean sartzen zen, eta harri handi bat zuen emari handiak frenatzeko.
    • Errekaldekoa. Herlaibiako iturria zen, Erlei errekaren ertzean, Atxuri eta Errekalde artean. Berez, Atxuri kaleak dago. 1690 urtean berriztu zuten, gaurko forma emanez. Geroztik, errepidea altxatu dutenez iturria ere altxatu izan dute.
    • Aranekoa. Iturburuari izena ematen diona.

    Sebastian de Miñanok esan zuen moduan, iturri hauek oso emari eskasekoak ziren, eta dira.


    Plaza Barriko iturri berria

    1809 urtean Erregetxe berria erabiltzen hasi ziren, baina Erregetxe zaharrak ez bezala, honek ez zuen inguruan ez ganorazko iturririk, ez eta askarik, eta mandozainentzat arazoa izaten zen.

    1820 hamarkada bukaeran iturri berria egiteko asmoa sortu zen. Bultzatzaile nagusienetako bat Ambrosio Maria de Aldasoro jauna izan zen. Aurretik alkatea izan zen, eta 1831 urtean, Udalak Plaza Barriko iturria eraikitzea erabaki zuenean, alkateordea. Eta halaxe esan zuen orduko Udal bileran:

    ...edateko ur faltak herritarren artean sortutako beharra hain handia izanik, eta kontuan hartuta Arane iturriak oso ur gutxi ematen duela eta Errekaldekoa kalitate oso txarrekoa dela eta, medikuaren esanetan, edanez gero gaixotzeko arriskua dagoela, ona litzateke herriarentzat Ipiñarrieta baserritik gertu dagoen iturburua aprobetxatzea.

    Urte hartan hasi eta bukatu egin zituzten bai Ipiñarrietatik zetorren ubidea, baita Plaza Barriko iturria ere.

    Bertako iturria hornitzeaz gain, ekarritako ura beste iturri eta labadero hornitzeko erabili zuten: Zubi Nagusiko alboan eraiki zuten labadero berrira, Gabolatseko iturri eta labadero berrietara, eta Andikokalera, Zubi Nagusiaren beste ertzean egin zuten iturrira. Gerora (1894 urtean) Elizburuko iturria ere Ipiñarrietako urez hornitu zuten.


    XIX-XX mende bueltako iturriak

    XX mendearen bueltan iturri berri bat egin zen, eta beste bat konpondu:

    • Elizburukoa. 1894 urtean iturria jarri zuten gurutzearen alboan[1], kaleko biztanleek ordainduta, etxetik gertu ura izateko. Ipiñarrietatik zetorren ura erabili zuten.
    • Gerra ostean, The Placencia de las Armas Company Limited enpresak Benta-zarra bota zuen, fabrika berriaren aurrean biltegiak egiteko. Inguruan zegoen Ernizketako iturria konpondu zuten eta zuhaitzak sartu ere. Gaur egun Kainoi fabrikako iturria ere esaren zaio,


    Azken urteetako iturriak

    Inguruko herri guztien antzera, 1950-60 hamarkadatan Soraluze asko hazi zen. Etxe berri asko eraiki ziren, eta hainbat iturri berri ere. Eta inoiz iturri zaharrak desagertu egin dira:

    • 1950. hamarkadan Gabolats 13ko etxea eraikitzerako, Altun erreka estali, bertako garbitegia bota zuten, eta iturria berreraiki etxe azpian. XXI mende hasieran, Altun erreka berriro agerian jarri zuten eta iturria pare bat metro mugitu.
    • 1967 urtean, Zubi Nagusia zabaltzearekin batera, Andikokaleko iturria Zubi Nagusira ekarri zuten.
    • Ezozibidean, bertako auzo berria urez hornitzeko.
    • XX mende bukaeran Gol enpresa zabaldu zutenean, Errotabarri bota eta leku hartan iturri berria jarri zuten.
    • Kanposantuko horma-hilobiak egin zirenean, iturria ere jarri zuten bertan.
    • Urte haietan ere Errabaleko iturria itxi eta desagertarazi zuten.
    • Azkenik, XXI mende hasieran egindako edo atondutako parke gehienetan bere iturria jarri dute: Atxuri, Arraikua, Sagar-erreka, Txurruken azpikoa, Arrizabaleta, Olea...


    Herritartutako iturriak

    Mendeen joan-etorrian, Soraluze gero eta handiago egin da. Ondorioz, kanpoan zeuden iturriak bereganatu ditu, herritartu egin ditu.

    Horierako bat Txurrukenekoa da, gaur egun Arantzazuko Amaren plazan dagoena. Garai batean bideko iturria zen, Aldundiak eraikia, eta Txurrukena baserri ondoan zegoen. Brontzezko txorrot ederra zuen, baina XX mende hasieran Bergarako laguntalde batek apurtu zuen, Soraluzen afaldu ostean ordu txikitan etxera bueltatzen ari zirela. Aldundiak isuna jarri zien, beraiek ezetz, ez zirela izan eta ez zutela ordainduko (familia aberatsetako kumeak omen) baina azkenean ordaindu zuten. Bitartean Aldundiak iturria konpondu zuen, baina brontzezko txorrota beharrean burnizkoa jarri zuen.

    Beste bat Sologoeneko edo Elektrikako iturria da, Sologoeneko zentralaren ondokoa, alegia. Garai batean herri kaskotik urruti zegoen, baina gerra ostean Errekalde kaleko hanbat lantegi berrietatik ur bila joaten ziren, txongilak[2] betetzera. Gaur egun sastrakaz betera dago.

    Igarateko iturria Sagar-errekan hasieran zegoen. Metal-ura zuen, oso gustu nabarmenekoa, eta inguruak gorriz tindatuta agertzen ziren. Aintzinean oso erabilia izaren zen, metal-ura maiz edateak hainbat gaixotasun ixatzen omen zituen eta. 1965 urtean Eibarko Udalak Zabala, Unzurrunzaga y Cía-ri Igarateko zentrala eta azpiegiturak erosi zizkion, urak Eibarra eramateko. Egindako lanen ondorioz iturria kaltetuta geratu zen, eta hogei urte geroago, saihesbidea egiterakoan (1985), desagertu.

    Laugarrena Ospital iturria da, Sagar-errekako mandobidean zegoena. Gerra ostean garatutako Sagar-erreka auzunetik oso gertu dago,eta bertako errepidea zabaldu zutenean herriko jubilatuen helburua izaten zen, beraien ibileratan. 1960. hamarkadan Soraluze Kirol Bazkunak berregin zuen.


    (Handiago ikusteko, sakatu gainean)


    Kokapena

    (Urdinez, desagertutako iturriak)

    Mapa kargatzen...


    Erreferentziak

    1. Iturriak eta urteurrenak. Mengela (Soraluzeko jaiak 1994)
    2. Txongila. Botijo