Historia. Soraluze Gipuzkoan (eu)

    Sorapediatik
    Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.

    1025. urteko dokumentu batek aipatzen du lehenengoz Gipuzkoa deitura (Ipuscua, Huescako San Juan de la Peñako monasterioan aurkituriko dokumentu batean). Garai hartan Gipuzkoa toponimoa besterik ez zen, eskualde bati zegokiona eta, beraz, muga zehatzik ez zituena.

    XIII. mendearen hasieratik hasi ziren Gipuzkoako hiribilduak biltzen, Batzarretan, beraien arazoak konpontzeko asmoz. Hiribilduak erregeek sortuak zirenez (jauntxoen boterea murrizteko asmoz), Gaztelako erregeen ordezkariek ere, korrejidoreek, hartzen zuten parte.

    1375. urtean hiribilduek Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea sortu zuten, behin behinekoa, jauntxoen boterea murrizteko. Helburua lortzeko ia ehun urte eman zituzten, eta bitartean hiribilduen arteko lankidetza sendotu zen: ondorioz, behin behineko elkartea zena Gipuzkoako probintzia bilakatu zen.


    Aurretik, Hiribilduaren lehen urteak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen


    Tolosako Batzar Orokorrak (1375)

    Soraluze Gipuzkoako Batzarretan

    XIV. mendearen erdialdean Markinako lurraldean lau hiribildu antolatu ziren: Soraluze (1343), Elgoibar (1346), Eibar (1346) eta Markina (1355).

    Ez da ezagutzen noiz batu ziren aurreko hirurak (Soraluze, Elgoibar eta Eibar) Gipuzkoako Batzarretara, baina 1375. urteko Batzar Orokorrean parte hartu zuten.

    Tolosan egin zen Batzar hau oso garrantzitsutzat jotzen da, bertan antolatu zen Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea[1], Gipuzkoaren sorrera ofiziala omen dena. Soraluze lehen momentutik egon zen bertan.

    Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea

    XIII. mende bukaerako krisiaren eraginez, jauntxoen diru sarrerak dezente murriztu ziren. Ondorioz, jauntxoek jopuak lapurtzen hasi ziren (beste kapareen jopuak, ez beraienak), hiribilduak erasotzen eta, azkenean, bi talde eginda elkarren aurka aritu ziren (oinaztarrak eta ganboatarrak).

    1362. urtean lehengo aldiz agertzen da Gipuzkoa izena erakunde bati lotua: ‘’Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea’’[2]. Hurrengo urtetan (1362-1370) behin baino gehiagotan aipatzen da agirietan ‘’Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea’’.

    1375.eko Tolosako Batzar Orokorretan jorratutako gai larri bat jauntxoen bortizkeriarena izan zen. Eta orduan antolatu zuten Ermandadea behin betiko. Helburu nagusia herri bakea mantentzea zen; argiago esateko, hiribilduak babestea jauntxoen gehiegikerien aurrean.

    Besteak beste, Ermandadeko alkateek eskumen bereziak zituzten Gipuzkoako edozein tokitan jardun ahal izateko, salatutako edozein kasu ikertzeko eta behin betiko epaiak emateko (hau da, helegiterik ez zutenak).


    1397. urteko Gipuzkoako Ordenantzak

    Getariako Batzar Orokorrak (1397)

    1397. urtean Getarian egin ziren Batzar Orokorrak oso garrantzitsuak izan ziren, Gipuzkoaren eratze politikoan mugarria izan zirelako: orduan aitortu zieten jatorri gipuzkoarreko guztiei kaparetasuna eta, bestetik, Batzar hartan hartutako ebazpenak Probintziako lehen Ordenantza Liburuan idatzi zirelako.

    Erregeak erakunde politiko berria sustatzeko interes handia zuen, batez ere jauntxoen boterea apalduko zuelakoan. Horregatik, Gonzalo Moro korrejidorea izan zen Batzarraren burua.

    Kapituluetako batean, "Ermandadeko alkatearen" figura sortzea ezarri zen, lurraldean maiz gertatzen ziren gaiztakeriei aurre egiteko.

    Kaparerasun orokorra

    Soraluze hiribildua sortu eta bost urterara (1348) Alfonso XI.ak Ordenamiento de Alcalá izenekoa agindu zuen, udal foruak eguneratzen zituena. Aldaketa garrantzitsu bat hiribilduetako agintarien izendapena izan zen. Ordura arte erregeak (edo korrejidoreak) izendatzen bazituen, etorkizunean herriko biztanleek aukeratuko zituzten… eta, beharbada, kargutik kendu.

    Gaztelako (eta gainontzeko erresumetako) legediaren arabera, bakarrik kapareek[3] zuten udaletan parte hartzeko eskubidea. Beraz, erabaki honekin Soraluze (eta beste herriak) jauntxoen eskuetan jartzen zen, aurretik ez bezelaxe. 1343. urtea baino lehenagoko udaletan gizon denak ziren partaideak, ez kapareak bakarrik.

    Arazoa konpontzeko, indarra hartu zuen kaparetasun orokorra[4] teoriak, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan. Kaparea izateko aiton-amonak kapareak izan behar zirenez, nahikoa zen sasoi bateko euskalduneei kaparerasuna aitortzea, haien ondorengo guztiak kapareak bihurtzeko. Halaxe, Getariako Batzar Orokorretan kaparetasuna aitortu zieten jatorri gipuzkoarra zuten guztiei, eta modu honetan Soraluzeko gizon guztiek Udal partaide izateko eskubidea berreskuratu zuten.

    Honek Soraluzeren (eta Gipuzkoako hiribilduen) arazoak konpondu zituen, baina ez kanpokoak. Berrehun urte eta gehiago behar izan ziren Gaztelak ere gipuzkoarren kaparerasuna onartzeko[5]. Gaztelaren aitortza honek onura ikaragarria ekarri zien gizonezkoei, kapareentzat gorderako hainbat lanpostu eskuratu ahal izan zuten eta (eskribau, funtzionario...). Euskal Herria atlantikoa oso lurralde txiroa izanik, kanpoan lanpostu hobeak topatzeko aukera gehiago eman zien.

    Soraluze Arrasateko Ermandadean

    ‘’Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea’’ren lana eraginkorragoa egiteko, beste ermandade txikiagotan antolatu zuten, orduko hiri nagusien inguruan: Arrasate, Azkoitia, Donostia, Getaria, Tolosa eta Segura.

    Soraluze Arrasateko barrutian geratu zen, Bergara, Eibar, Elgeta eta Gatzagarekin batera.

    Arrasateko Ermandadearen alkatea izendatzeko prozedura ere ordenantzetan dator: "Arrasatek bi urte bere alkatea, hirugarren urtean Bergarak, eta horrela urte guztietan"; hau da, bakarrik adineko gizon arrasatearrak eta bergararrak izan zitezkeela hautatuak eta, gainera, ezarritako txandari jarraituz.

    Soraluze, Eibar, Elgeta eta Gatzaga txandatik kanpo geratzerakoan, batzarren bilera-egoitzak finkatzeko orduan ere kanpoan geratu ziren.

    Nahiz eta Soraluzeri ez zegokion alkatetza hori edukitzea, soraluzetarrek botoa emateko eskubidea zuten, urteroko San Joan egunean egiten baitzen aukeraketan.

    Ordenantza zaharrean jasotzen zen nahitaez joan behar zirela hautaketa horretara[6]: Deialdia Iraegi onibarretik[7] egiten denean, etxe bakoitzetik gizon bat bertaratu dadila, bestela hogei marabediko isuna ezarriko da. Iraegi hau Eibarko Otaola bailarako baserria da.

    Gainera, garrantzitsutzat jo zuten hautapen hori; izan ere, bileretara ez agertzeagatik jarritako isuna kontzejuko bileretara ez agertzeagatik baino ia hiru aldiz handiagoa zen eta.


    XIV. mendeko beste Batzar Nagusi

    1390. urteko Batzarrean Soraluzek ez zuen ordezkaririk bidali, eta Azpeitiako ordezkaria haren izenean aritu zen.

    1399. urteko Batzarrak erregeari mezua helarazi zion, zerga biltzaileen eskaerak bideratzeko eskatuz. Sinatzaileen artean Soraluze agertzen da.


    Eta ostean, XV. mende oparoa

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen


    Erreferentziak

    • La formación de las villas en Guipúzcoa. Mariano Ciriquiain-Gaiztarro (Revista de Administración Local 1947).
    1. Gazteleraz, Hermandad de la Tierra de Guipúzcoa.
    2. Ermandadeak hiribilduen arteko elkarteak izaten ziren, helburu jakin batekin sortuak eta, gehienetan, behin behinekoak.
    3. Kaparea. Noblea; gazteleraz hidalgo = hijo de algo.
    4. Gazteleraz, hidalguía universal.
    5. Bizkaitarrek 1526. urtean lortu zuten.
    6. "Quando el apellido se fiziere de la Herdad de Yraegui, que acuda de cada casa un omme so pena de veynte maravedís".
    7. Onibar. Landa, sail, soro.