Irukurutzeta trikuharria (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Irukurutzeta
Irukurutzeta 01 (Eusko Jaurlaritza).jpg
Estiloa Historiaurrekoa
Mendea Neolito-Brontzea
Kokapena Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa
Mota Trikuharria


Azalpena

Bergarako udalerrian dagoen trikuharria. Irukurutzetako gailurretik mendebaldera dagoen lepoan, han dagoen bertize geodesikotik 70 metrotara ipar-mendebalderantz. Itxas mailatik 889 metrotara dago. Keixeta tumulua 650 metrotara hego-hegomendebalderantz dago, eta Kutzebakaar tumulua 425 metrotara mendebalde-hegomendebalderantz.

Tumuluak 19 metrotako diametroa eta 180 zentimetrotako altuera ditu. Luzeran 7 metro eta zabaleran 2 metro dituen lubaki bat dauka iparraldeko arkuaren erditik hegoaldeko muturreraino. Eraikuntzan erabilitako materialak bertako basaltoak dira.

Erdialdean 5,5 x 4 metrotako diametroa eta 65 zentimetro arteko sakonera duen kraterra dauka, eta bertan 1,5 x 1,1 x 0,3 metrotako harlauza zutik, ekialde-mendebalde norabidean. Monumentuaren eraikuntzan erabilitako materialak bertako basaltoak dira.

Indusketan ondorengo materialak berreskuratu ziren:

  • trapezio bat (harrizko industria).
  • printza bat (harrizko industria), galdua.

Gainera, hainbat objektu moderno agertu ziren: txanpona, fusil harri bat eta berunezko balak.


Elurretan. 360 gradotako ikuspegia (Jose)

Irudiak

(handitzeko, sakatu gainean)


Irukurutzeta 3Dtan (Stoa & Degebesa)


Kokapena

(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

Loading map...


Historia

Aranzadi, Barandiaran eta Egurenen indusketak (1.921)

Telesforo Aranzadik, José Miguel Barandiaranek eta Enrique Egurenek aurkitu zuten 1921. urteko udan[1], bertako mendilerroko trikuarrien miaketa egiteko etorri zirenean.

Ikerlarien arabera, trikuharriaren izena Irûkutzeta da.

Exploración de dieciseis dólmenes de la sierra Elosua-Plazentzia liburuan jasotakoa:

Uztailak 2an Irukûtzeta trikuharrira igo ginen; nahiz eta Elosutik gertuena ez izan, lehenbailehen arakatzea merezi zuen, mendian ageri ageriko tokian kokaturik eta baserritarrek ezagutuena izanik oso litekeena zen altxor bilatzaileren batek aurrea hartu eta monumentua lehen baino nahasiagoa lagatzea.
Kokapena
Trikuharriak estazio dolmenikoaren tontor altuenena dago. Urrats batzutara eta pixkat altuago burnizko gurutze hirukoitza dago, mendiari izena eman diona, eta Bergara, Azkoitia eta Elgoibarren mugarria dena. Tontor honetatik Elgoibat, Azpeitia, Loiola eta Azkoitia dauden bailarak ikusten dira eta, Elgea mendilerroa eta Urko tontorrak baino harutzago, Durangoko bailara agertzen da.
Trikuharriaren ondoan lautada dago, eta bertan sakonune txiki bat; bertan ur-putzua egiten da, eta urak urte ia urte osoan irauten du.
(hemen Irukurutzetako erromeriaren historia tartekatzen dute)
Tamaina eta egitura
Kanpotik monumentua ofita harri-koxkorrez egindako harri-piloa da (1. argazkia), 20 metrotako diametroa duena, eta altuera bi metro pasatzokoa. Tumulu honen erdian zuloa dago, aurreko miaketen lekuko, eta bertatik erdi apurtutako harlosa agertzen da, ofitazkoa hau ere (2. argazkia), 25 zentimetroko lodiera du, eta gainontzeko neurriak lehen irudian agertzen dira. Itxura denez harlosa hau trikuharriaren aldameneko bat izan da. Barnealdean pintura beltzez egindako idazkun baten hondakinak daude; Orueta doktoreak jakin ahal zuenez, Sepultura hallada en 1878 jartzen omen zuen (1878 urtean topatutako hilobia), eta gordetzen diren letrekin bat dator.
Indusketa
Hego-hegomendebaldetik argazkia hartu eta gero, indusketari ekin genion ekialdetik hasita, bi metrotako zabaleran lubakia zabalduz. Lurra eta gainazaleko harriekin batera berunezko bost bala borobil eta brontzezko txanpon frantsesa agertu ziren. Gainera, suharria, suharrizko aizto pusketa, beste suharri zati bat eta hezur pusketa txikia.
1878 urtean trikuharria arakatu zutenek gu baino suerte hobea izan zuten, idazkunean hilobia jartzeko zer edo zer topatuko zuten izen hori justifikatzeko; segururena ez ziren konturatu trikuharria zela, Gipuzkoan ez zaigu geratu monumentu mota honetako garai hartako berririk.
Indusketa eta lur galbahetzea bukatuta, tumuluaren erdian gordetzen den harlosa bakarrari argazkia egin genion (2. argazkia) eta joan ginen.

Garbiketa eta identifikazioa

2.001 eta 2.002 urteetan Aranzadi Elkarteak, Jesus Altunaren gidaritzapean, orduan ezagutzen ziren Gipuzkoako megalito guztiak identifikatu zituzten plaka baten bidez, tartean Elosua-Plazentzia estazio megalitikoarenak.

Izendapena

Eusko Jaurlaritzak 2003.eko ekainak 24an kalifikatu zuen.

Arbasoak egitasmoaren indusketak (2.018)

Sarrera nagusia: Irukurutzeta trikuharria. Indusketak (eu)

2.012 urtetik aurrera, Dolmenen ibilbidearen inguruan Arbasoak egitasmoa martxan jarri zen. Herri arteko egitasmoa da, Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalek sustatua, Debegesa Garapen Agentziaren koordinaziopean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Gipuzkoako trikuharrien artean handienetakoa izanik, 2018ko urria eta azaroa bitartean hamabi laguneko talde batek (10 boluntariok, topografo batek eta arkeologo batek) trikuharriaren erdialdeko kraterra induskatu zuen, hilobiko kamara aurkitzen zen tokia, eta tumulua estaltzen duen landare-geruza erretiratu zuen.

Halaber, arrastoen laginak hartu ziren hilobi-monumentua erabili zen garaiko (Neolitoa-Brontze Aroa) paisaia berregiteko eta GPS zentimetriko eta aire argazki serien bidez dokumentatu zen egitura osotasunean, gero ortoargazkiak eta 3D eredu bat egiteko.


Gordailu izkutuak: Irukurutzetako urrezko kanpaia

(F. de Aritzagak kontatuta 1917n, eta Jose Migel Barandiaranek jasoa)

Irukurutzeta trikuharri honetan urrezko kanpaia gordetzen omen da.

Behin batean bila joandako gizonek ezin zuten handik atera: barrutik irten zitzaien gizafigurako monstruo batek, buruan adarrak eta ahuntzaren ankak zituela, eragotzi zien eta.


Erreferentziak

  • Exploración de dieciseis dólmenes de la sierra Elosua-Plazentzia