Jose Mari Lete (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak) (Orria sortu da. Edukia: {{Pertsona (eu) | izena = Jose Mari Lete Larrañaga | irudia = Argazkirik_ez.jpg | jaio = Soraluze, 1908 | hil = Trubia, 1938 | profila = Politikaria eta ku...)(r)en berrikusketa, ordua: 18:01, 9 urria 2016
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
    Jose Mari Lete Larrañaga
    Argazkirik ez.jpg
    Jaio Soraluze, 1908
    Hil Trubia, 1938
    Profila Politikaria eta kudeatzailea


    Familia

    Aita Juan Jose Lete Oregi osintxuarra eta ama Elena Larrañaga soraluzetarra zituen. Jose Mari bost senideetan zaharrena zen. Santa Ana kalean eskopeta kainoien barrenaturako tailerra zeukaten gerra aurrean.

    Aitak idazteko zaletasuna zuen eta egunkarietan artikuluak idazteaz gain, hainbat antzerki obra idatzi zituen, herrian bertan taularatu zirenak.


    Ibilbide politikoa

    Abertzalea, ELA-STVra afiliatutakoa, gazte-gaztetatik Soraluzeko Uri Buru Batzarrean hainbat kargu bete zituen.

    1936ko uztailean altxamendu militarra jo zutenean, EAJk herriko Defentsa Batzordeko lehendakari izendatu zuen 28 urteko gaztea.

    Kainoi-fabrikako makineriaren arduraduna ere bazen eta geroago Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Industria Mobilizatuen administrari izendatu zuen. Bilbo jausi zenean, berak koordinatu zuen gerrako industriaren leku aldatzea Bizkaiko hiriburutik Caldas de Besaya eta Gijonera.

    Irailaren 21ean, Francoren tropak herrian sartu baino egun bat lehenago, eztabaida askoren erdian, herrian preso zeuzkaten tradizionalista edo eskuindarrak libre lagatzeko erabakia hartu eta betearazi zuen. Frankoren aldekoek herria hartutakoan izango zuten mendeku gosea apalduko zuelakoan hartu zuen erabakia. Anaia eta biak frentera joan ziren.


    Preso hartu eta afusilatu

    Jose Mari Reinosan preso hartu eta Gijonera eraman zuten.

    Soraluzeko udaletxean salaketak jarri zituzten bere kontra, eta Jose Mariren amak denak atzera botatzea lortu zuen, bat izan ezik. Salaketa horrek eraman zuen Jose Mari heriotzara, fusilatuta hil baitzuten 1938ko uztailaren 2an Trubia herrian.

    Hil aurretik gutuna bidali zuen etxera eta honela idatzi omen zuen: ...lasai nago. Egon zaitezte denok lasai. Egin ditudan ekintza guztiak zuzenak izan dira eta zuzentasun hori da oraingo nere lasaitasunaren iturria...


    Jose Mariren familia

    Gerra hasi zenean, herritik alde egin zuen familiak, Bilbotik pasatuta Baionara iritsi arte. Han urte asko eman zituzten.

    Bere anaia Iñaki, berriz, Itxarkundia batailoian ibili zen eta zauritu zutenean, muga pasatu zuen. Sendatutakoan Kataluniara joan eta ikasketak eginda Teniente de la República Española titulua lortu zuen. Frantzian errefuxiatu zen eta Telesforo Monzonekin harremana izan zuen. Baiona aldean derrigortutako lanetan aritu zen gerrarako produkzioan.

    Urte batzuren ostean familia hegoaldera etorri zen eta Deba hartu zuen bizileku. Harrezkero ez omen ziren herrira behin ere etorri.


    Erreferentziak

    Orduko kronikariek aipatzen dute (Pedro Cieza de León, Antonio de Herrera y Tordesillas eta Juan Anello Oliva) baina gehienetan ez zioten abizena errespetatu: Sora Lucián, Soralate, Saraluce, Seraluce, Soraluz...