Josefa Micaela Maiztegi (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Josefa Micaela Lucasa Maiztegi Aldasoro
Merzedariak 100 urte. Josefa Micaela Maiztegiren erretratua.jpg
Jaio 1820
Hil 1901
Profila Aberatsa, ongilea


Josefa Micaela Maiztegi, Dama Mikaela, ezaguna izan zen Soraluzeko Babesetxeari lagatako ondasunengatik.

Honetaz gain, izaeraz ere nabarmendu zen bere garaian: berak bakarrik bere ideiak gizon guztien kontra ezarri zituen... diruaz lagunduta, noski.


Jaiotza

Pintorekua etxea (Juan Francisco Astiazarán 1994)

Josefa Micaela Maiztegi Aldasoro 1820ko urriaren 17an jaio zen, gaueko hamarretan, Pintorekua etxean[1].

Amak herriko zirujaua zen Juan Pedro Yarzaren laguntza izan zuen erditzean. Jaio berria hurrengo egunean bataiatu zuten herriko parrokian; osaba Ramon Francisco Aldasorok Josefa Micaela Lucasa izenak jarri zizkion, eta aita eta ama besoetakoak Jose Ramon Maiztegi Aldasoro neba eta Maria Hipolita Maiztegi Galarraga izekoa izan zituen.


Familia

Gurasoak Jose Alejo Maiztegi Galarraga eta Maria Josefa Tiburcia Aldasoro Lasalde izan ziren.

Jose Alejo aita armagilea zen, maisu ikuskatzailea. Baltegieta kalean zeukan lantegia eta herriko alkate ere izan zen.

Maria Josefak, berriz, familia aberatsa zuen, lur jabeak eta indianoak tartean. Bera ere diruduna zen, osaba Domingo Aldasorok Ameriketan utzitako herentzia jaso zuelako.

Beraz, 1812an Jose Alejorekin ezkondu zenean 300 dukat eta tona bat gari jaso zituen dote gisa.

Maiztegi-Aldasoro senar-emazteek zortzi seme-alaba izan zituzten, Josef Ramon Matias (1813-1867), Ambrosio Gregorio Antonio (1857- ), Jose Domingo (1818-1866), Josefa Mikaela (1820-1901), Juan Angel (1823- ), Maria de la Concepcion Petra (1825-1891), Maria Dominica (1828-1830) eta Maria Dominica (1831-1832). Ume zirela hiru hil ziren: Juan Angel eta Maria Dominica biak.


Aberastasuna

Neba-arreba batzuk umetan hil ba ziren ere, gainontzekoak ez ziren ezkondu[2]. Azkenean, gurasoak hil zirenean (aita 1851.an eta ama 1858.an) Josefa Micaelak eskuratu zituen familiako ondasun gehienak.

Amaren aldetik jaraunspen ederra jaso bazuen ere, ez zen bakarra izan. Urte berean (1858) beste bat jaso zuen, amaren aizta batena: Bernarda Tomasa Aldasoro Lasalde, hau ere ezkongabea. Besteak beste, 1822.ko abenduan Udalari Errekaldeko ospitale izandakoa erosi zion, eta 1853.ko apirilean Mendizabalen oinordekoei erosi zien izen bereko etxea (gerora Babesetxea hartuko zuena), atzekaldeko ortua eta Erlaegiko gaztainadi bi.

Josefa Micaela Maiztegik aberatsei zegokien bizimodua zeraman, lasaia eta oparoa; besteak beste, udak Mutriku aldean ematen zituen. Eta herrian Dama Mikaela izenez ezagutzen zuten.


Ospital zaharra edo babesetxea (I. Ojanguren)

Udalarekiko tirabirak

XIX. mende bukaeran, Soraluzen, zaintza eta bizi egoera larriei erantzuteko lekurik ez zegoela, Udalak babesetxe baten sorrera bultzatu zuen. 1896.ko abuztuan, Isidoro Iturriaga indianoak emandako diruei esker, Mendizabal etxea alokatu zion Dama Mikaelari Babesetxea zabaltzeko. Irailean Mesedeetako mojekin Erruki-Etxe berria zuzentzeko akordioa sinatu zuten, eta hurrengo hilabetean Erruki-etxea zabaldu zuten.

Bi urte geroago, ordea, Babesetxean gaixoak artatzen hasi zirenean, Dama Mikaelak bere desadostasuna agertu zuen, eta argi ohartarazi zuen Udala: Babesetxeak ospital zerbitzuak emateko ere erabiliz gero, ez zuen etxea alokairuan emango.

Zergatik desadostasuna? Tartean gaixorik zeuden hainbat soldadu artatu zuten Babesetxean, Erregetxean kantonatuta zegoen Itsas Infantería destakamenduko soldaduak hain zuzen; urtebetean guztira hogetamar soldadutik gora pasa ziren bertatik. Eta badaiteke arrazoi politikoak egotea desadostasun honen azpian: Maiztegi Aldasorotarra karlistak ez zuen gustoko Gobernu liberaleko soldaduak "bere etxean" egotea.

Udalbatzarra Josefa Micaela Maiztegirengana joan zen, Mutrikura, bertan ari zen uda ematen eta. Hasiera batean honek Udalaren eskaera onartu bazuen, sei hilabete barru berriro mehatxua berritu zuen, eta Udalak amore eman zuen: ez zen gaixorik artatuko Babesetxean, are gutxiago soldadurik.


Heriotza

1901.eko martxoaren 3an, igandea, arratsaldeko hiruretan, Etxaburueta kaleko 6. zenbakiko bere etxean hil zen Josefa Micaela Maiztegi Aldasoro, 82 urte zituela. Jaiotako etxean hil zen.

Medikuak esan zuenez, garun-kongestioak eragin zion heriotza.


Hil eta gero, borrokatu eta irabazi

Baina inork ez zekien hilabete batzuk lehenago, 1900.eko abuztuan, Josefa Micaela Maiztegik testamentua egin zuela Elgoibarko Ramon Lekuona notarioaren aurrean.

Eta testamentu hau isilpean gorde zuten hil aurretik, baita hil ostean ere.

Udala, Babesetxearen etorkizunarekin arduratuta, 1902.ko urtarrilan Bergarako Jose Joaquin Egaña testamentu-betearazlearengana bidali zuen batzorde bat, baina itxura denez honek Dama Mikaelaren agindu zehatzak zituen eta ez zien gauza handirik argitu. Tirabira askoren ostean, 1904ko otsailean batzorde misto "ofiziala" eratu zuten gauzak argitzeko: Bruno Maiztegi Mendikute (alkatea), Pedro Oregi Larreategi (zinegotzi diruzaina) eta Jose Joaquín Egaña bera (testamentu betearazlea).

Testamentuan, Dama Mikaleak Mendizabal etxea eta hainbat lursail utzi zizkion Babesetxeari, baina xedapenen oso estuak bete eta gero: Erruki-etxe berria sortu behar zen, Udalarekin edo gabe (gogoratu Babesetxea 1896tik martxan zegoela), San Vicente de Paul-eko Alabak (Karitateko Alabak) ekarri behar ziren (1896.tik Mertzedariak bertan ari ziren)...

Dena dela, hilabete berean akordioa sinatu zuten, Udalak Dama Mikaelaren baldintza ia guztiak onartuz, mojena ezik (Mertzedariak Soraluzen geratu ziren 2005. urtera arte).

Gainera, esker onez, Dama Mikaleraren erretratua Mendizabal etxeko leku nabarmenean ipini zuten. Egungo Mesedeetako egoitzan, sarreran, han ikus dezakegu Dama Mikaelaren erretratu ederra egoiliar eta bisitariei harrera emanez.


Erreferentziak

  • Etxaburueta kaleko 6.ean, gaur egunean Arrano Elkartea dagoen etxea hain zuzen.
  • Behintzat, Donostiako Elizbarrutiko artxiboetan ez dator berririk.