Kalebarren (eu)

    Sorapediatik
    Adi! Artikulu hau oraindik osatu barik dago.
    
    Osatzeko informazioa edo materiala baldin badaukazu, animatu eta aurrera!
    

    Kokapena

    Kalebarren Labaderogainetik Plaza Zaharrera doan kalea da. 72 metro luze ditu, eta 4 metro zabal. (Mapan ikusteko sakatu hemen)

    Zenbakiak emateko orduan munduko kale gehienen kontra egin zuten: normalean, 1-etik hasita zenbaki bakoitiak ezkerreko etxeei ematen zaizkie, eta bikoitiak eskumako etxeei; halaxe egiten da mundu guztian, eta Soraluzen ere... Kalebarrenen ezik! Ezagutzen ez diren arrazoiengatik, eskumako etxeek zenbaki bakoitiak dituzte, eta ezkerrekoek bikoitiak.


    Argazkiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Historia

    Kalebarren herriko kale zaharrenetakoa da. Soraluze 1343 urtean sortu zuten eta urte gutxira hesitu. Kalebarren harresi barruan geratu zen.

    Garai hartan Soraluzeko herri-kaskoa gaurkoa baino txikiagoa zen, eta Kalebarren laburragoa, ¿Zabaleta? errekaraino heltzen zen. Gaur egun erreka hau estalita dago: Erregetxe aurretik pasatzen da, eta Kalebarren 7aren azpitik pasa da. Parean geratzen diren etxeak, Kalebarren 14 eta 16 zenbakidunak, estuagoak eta txikiagoak dira, kaleko azkenak zirelako.

    Ostera, erreka estali zenean etxe berriak egin ziren, eta beste muturrean Plaza Zaharra sortu zuten, Irure jaunaren jauregiraino.


    Zenbaki bakoitiak

    Etxe gehienek ezaugarri berberak dituzte: zabalera berekoak, Kalebarrenetik Etxaburueta (edota Goikokaletara) heltzen dira. Gainera, lehengo solairua kalearen gainera dator, txapela moduan: alboko hormak aurera egiten dute, eta bere artean arku moduko batzuen bidez lehengo pisua eraikitzen da. Azken zenbakietan ez da halaxe pasatzen, baina alboko hormak aurreratuta daude: itxura denez, etxeak berregiterakoan ez ziren ausartu lehengo moduan egiten.

    Plaza Barria

    Plaza berria 1831 urtean egin zuten, eta horretarako Kalebarreneko eskumako hiru etxeak bota zituzten. Oraindik ikus daiteke arkuen hasiera, plaza ertzeko horman.

    1. zenbakia

    Plaza Barria egin eta gero, alboko etxeak bota zirenez, etxe honek hegoaldeko etxaurrea irabazi zuen. Ataria Kalebarreneko etxaurrean dauka, puntu erdiko arku ederra. Atea ere garaikoa du.

    Behe solairuan Lete tailerra egon zen urteetan. Gero, Kalebarren, aldera Jose Luis Alberdi harakinak bere harategia zabaldu zuen. Aurreko urteetan ataritik sartzen zen harategira, baina gerora Kalebarrenerako lehioa apurtu eta bertatik pasua zabaldu zuten. Harategia Gabolatsera aldatu zutenetik lokala ez da erabili.

    Plaza Barriko aldean, aldiz, Donostiako Aurrezki Kutxa egon zen urteetan. Gipuzkoako Aurrezki Kutxarekin bat egin ondoren, sukurtsal hau itxi egin zuten. Gaur egun XYZ denda dago.

    Etxaburuetako etxaurrea, berriz, lehenengo pisura ematen du. Bertan Bolia ezizeneko taberna zabaldu zuten (Bolia andra tabernariari esaten zioten, oso lodia zelako, borobila; 15 zentimo ere esaten zioten, potoloa eta txikia zelako). Gerra aurreko urteetan Karlisten Zirkulua ere bertan egon zen, baina gerra ostean Batzokia izandakora pasa ziren. Urteetara Elduaien altzari-denda egon zen, eta Eusko Alkartasunekoek pisu osoa erosterakoan Bolia izeneko taberna zabaldu zuten.

    3. zenbakia

    Etxe hau ez da Etxaburuetaraino heltzen, erdibidean geratzen da.

    Behean, XX mendearen hasieran, Bizenta Urizarrek (Mantxo) eta Ignacia Galarraga bere errainak denda zabaldu zuten. 195x urtean laga zuten, eta orduan Margola tindategiak sukurtsala zabaldu zuen. Honek ixterakoan Yoque izeneko arropa denda zabaldu zuten, baina urte gutxitara itxi zuten. Azkenik, 200x urtean Instalaciones Kalebarren-ek publikorako bulegoa zabaldu zuen.

    Etxaburueta 1. zenbakia

    Hurrengo etxea ez da Kalebarrenekoa, Etxaburuetakoa baizik, ataria bertan duelako.

    Azpian Iñarra harategia dago, 19xx urtetik. Aurretik...

    5. zenbakia

    Etxe hau Etxaburuetaraino heltzen da edo, hobeto esanda, Goikokaletaraino.

    Etxe azpian, gerra ostean Auxilio Social zelakoaren egoitza zegoen, behartsuei janariak eta bestelako premiazkoak banatzeko. Gero, Nieves Mantxikik denda zabaldu zuten, eta azkenean Mendatako Gregorio Uribe eta Asun andreak Mendata taberna zabaldu zuten, gaur arte zabalik dagoena.

    Lehen pisuan Arrate autoeskola dago, eta Goikokaletan dauka sarrera nagusia, etxearen beste aldean.

    7. zenbakia

    Etxe hau Kalebarrenekoa den arren, 1990 urtean goitik behera berregin zutenetik ataria Goikokaletan dauka.

    Azpian Goiara lurrindenda dauka, esparru osoa hartzen duela. Etxea berritu baino lehen, ataria bertan zegoen. Sartu eta eskumara Sebastian Arzuagaren denda zegoen: janariak, pentsuak... denetik egoten zen.

    9. zenbakia

    Zenbaki honetan Zabaleta botika egon da urteetan. 2015 urtean traspasatu zuten, eta ordutik aurrera Oruesagasti botika da.

    Garai batean atariak beheko planta osoa hartzen zuen: erdiko arkutik sartzen zen, eta alboetan bi leiho zeuden. Gerora, Zabaleta botika zabaltzerakoan, leiho biak beheraino zabaldu zuten, ezkerrekoa ataria egiteko eta eskumakoa botikara sartzeko.

    Etxe hau Zabaleta erreka gainean eraikita dago; Goikokaletatik oso ondo ikusten da. Inoiz erreka gainezka egin izan duenean, euri handitako sasoian edo, etxea alderik alde zeharkatu izan du.

    11. zenbakia

    196x urtean Saioa kafetegia zabaldu zuten. 19xx urtean itxi zuten, eta gerora Banco Hispano Americano-k bulegoa zabaldu zuen: bezero askorik ez zuen herrian, baina SAPArekin lanean hasi zenez, bete beharreko baldintza bat bulegoarena izan zen. SAPAk beste banku batekin hasi zenean, bulegoa bertan behera itxi zuten.

    13. zenbakia

    Hau da azken zenbaki bakoitia. Bertan harategia egon zen, Kalebarren aldera; barrurago hiltegia zegoen, Plaza Zaharretik sartzen zela. Kalebarren aldeko paretan, urteetan, Gayarre zinearen kartelerak egoten ziren.

    19xx urtean bota zuten, eta hainbat urteetan orubea hutsik egon zen. Bakarrik herriko karameleruak egoten ziren bertan.

    Gerora Anbulategia eraiki zuten bertan.


    Zenbaki bikoitiak