Komunikabideak. Erromatar bidea (eu)

    Sorapediatik
    Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.
    Komunikabideak historian zehar ikusteko, Komunikabideak (eu)

    Erromatarrak Euskal Herrian

    XX mende arte erromatarrak Euskal Herrian ez ziren egon, bakarrik ager vasconum[1] delakoan eta ez saltus vascomun[2]) lurretan.

    Komunikabide ardatz nagusia ab Asturica Burdigalam edo Iter XXXIV zen, Astorgatik Bordeleraino zihoan galtzada. Euskal Herrian, gutxi gora behera, Ebroko Mirandatik sartzen zen Iruña-Veleia-raino[3], eta hemendik Pompaelo-ra (Iruña) jotzen zuen, Suessatio (Arkaia), Araceli (Huarte Arakil) eta Ziraukitik pasatzen; eta Pompaelo-tik iparraldera jotzen zuen, Lapurdum-era (Baiona). Gutxi gora behera, bide honek ager vasconum eta saltus vasconum arteko muga markatzen zuen.

    Dena dela, XX mendean gero eta erromatarren aztarna gehiago hasi ziren agertzen Bizkaia eta Gipuzkoan. Hasiera batean kostaldeakoak agertu ziren (Forua, Tritium Tiboricum, Menosca, Oiarso…), eta beren arteko bidaiak itsasoz egingo ziren, portuz portu.


    Erromatarrak Deba arroan

    Eta ab Asturica Burdigalam eta itsasertzeko herrien arteko lurretan bi ardatzen aztarnak agertzen hasi ziren, Gipuzkoako ekialdean bata, eta Deba arroan bestea: Aitzorrotzen[4] (Eskoriatza), Gesalibarren[5] (Arrasate), Meatzerrekan[6] (Arrasate), Kortazarreko Haitzan (Soraluze) eta Tritium Tiboricum[7] (Astigarribia, Mutriku).


    Iruña-Veleiatik Tritium Tiboricum-erako balizko galtzada

    Deba Arroko balizko erromatar bidea

    Tritium Tiboricum Deba ibaiaren estuarioan zegoen [8], eta gaur egun Astigarribiarekin lotzen da.

    Tartean agertu diren erromatar aztarnak kontutan hartuta, oso litekeena da, ab Asturica Burdigalam galtzada eta Tritium Tiboricum lotuko zituen bideren bat egotea. Hala balitz, bi aukera egongo litzateke:

    • Iruña-Veleiatik irten, eta Kruzeta mendilepoa zeharkatuz Aramaio bailaratik Arrasate ingurura heldu, eta handik Deba ibaia jarraitzen Tritium Tiboricum porturaino (gaur eguneko Astigarribia). Distantziei erreparatuz, Arrasateko Garagartza auzoan mansio edo etapa bat egon zitekeen.
    • Suessatio-tik[9] edo Mariturri-tik[10] irtenda, Arlabanetik barrena Arrasateraino, eta handik Tritium Tiboricum porturaino.

    Bide hau ez zuten erromatarrek asmatuko; aurretik izango zen, eta erromatarrek zabaldu eta egonkortu egingo zuten. Hala ere, ez du ematen benetako erromatar galtzada izango zenik.

    Bi kasuetan, erromatar bide hau Soraluzetik pasatuko zen, bai ala bai: ibaiaren ezkerraldetik iritsiko zen, gaur egunean zubi nagusia dagoen tokiraino. Bertan ibaia zabaltzen denez[11], ibia zegoen, beste aldera zeharkartzeko toki aproposa. Eta handik, Debaren eskumaldetik, poliki poliki gora igotzen zen Maltzagako labarrak saihesteko; azkenean, Elgoibar aldera jaitsiko zen.

    Soraluzeko ibia Garagartza eta Astigarribiaren erdibidean dagoenez, hau da, etapa baten erdian, oso litekena da bere inguruan herrixka bat sortzea, etorkizuneko Soraluze.


    Eztabaida

    Balizko erromatar bide honen aztarnarik ez da oraindik agertu…

    …baina kontutan hartzen badira Deba arroko erromatar aztarnak, eta Kortazarreko Haitzak oso leku aproposa dela inguruak zelatatzeko, aukera honek kontutan hartzekoa dela ematen du.


    Erreferentziak

    1. Ager vasconum = euskaldunen lur sailak; hau da, Ebro ibaiaren isurialdea: Araba eta Nafarroa).
    2. Saltus vasconum = euskaldunen basoa; hau da, Kantauri itsasoaren isurialdea: Bizkaia eta Gipuzkoa.
    3. Iruña-Veleia. Wikipedia (euskaraz)
    4. Lehen karlistada garaian, tontorra gotortzerakoan, Ertaroko hondakinen artean "zilarrezko dozena erdi bat txanpon erromatar agertu zen, pezeta erdikoaren tamainakoak" Pablo Gorosabel (Diccionario histórico-geográfico-descriptivo de los pueblos, valles, partidos, alcaldías y uniones de Guipúzcoa 1862).
    5. Erromatar Aroko eta Erdi Aroko aztarnak aurkitu dituzte Gesalibarren. Gontzal Landa (Noticias de Gipuzkoa 2018/11/09).
    6. Erromatar Garaiko San Valerioko inskripzioa. Arantza Otaduy (Mondraberri 2011/04/29).
    7. Tritium Tiboricum. Wikipedia (euskaraz)
    8. Pelicerrek esaten zuen Tritium Tiborucum portu hau Gipuzkoako Placencia zela, baina ez du ematen zuzen zegoenik
    9. Suessatio/ Arkaia. Wikipedia (euskaraz).
    10. https://eu.wikipedia.org/wiki/Mariturriko_aztarnategia Mariturriko aztarnategia]. Wikipedia (euskaraz).
    11. Ibaizabal esaten zitzaion inguruari.