La Real Fábrica de Placencia de las Armas (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak) (Orria sortu da. Edukia: {{Liburua (eu) | izena = La Real Fábrica de Placencia | irudia = La_Real_Fábrica_de_Placencia._Azala.jpg | egilea = Juan Tous Meliá | hizkuntza...)(r)en berrikusketa, ordua: 20:11, 3 azaroa 2021
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
    La Real Fábrica de Placencia
    Egilea Juan Tous Meliá
    Hizkuntza Gaztelaniaz
    Urtea 2021
    Argitaletxea Autoedizioa
    Hiria San Cristóbal de La Laguna


    Izenburu osoa

    La Real Fábrica de Placencia de las Armas (c.1538 - 1865) según idea de Florencio Joseph de Lamot, dibujo de Joseph Zameza (1756) y grabado de Juan Fernando Palomino (1757)

    Soraluzeko Erret Lantegia (c.1538 - 1865), Florencio Joseph de Lamotek asmatua, Joseph Zameza marraztua (1756) eta Juan Fernando Palominok grabatua (1757)


    Liburua zertan den

    Izenburuaren arabera Florencio Joseph de Lamoten grabatuaren azalpen zehatza bada ere, liburua askoz gehiago da. Soraluzeko Erret Lantegiari buruzko inoiz egin den liburu osatuenetakoa, osatuena ez bada.

    Lehen atala Erret Lantegiaren historia da, hainbat datuz osatua: Espainiako artilleria buruak, izendapenak, biografiak, agirien bidezko kronologia (kontratuak, ekoizpena, teknologia...)

    Bigarren atalean liburuaren mamia dator: Lamoten grabatuaren azalpena. Transkripzioaz gain, azalpenak eta irudi asko dakartza, grabatuarenak zein sasoiko antzeko aleena, alderaketa ahalbidetzen dutena. Azpimarratzekoak dira grabatuak dakartzan bi mapen azterketa (Soraluzeko inguruak eta herri kaskoa), aurreko eta osteko beste mapekin alderatzen. Azken hauek Soraluzeri buruzko sasoiko azalpenekin osatzen dira.

    Lehen eranskina ere, suzko armen bilakaera, oso aberatsa da. Argazki, marrazki eta agiriekin ederki osatuta dago, azalpenak argitzeko. Eta azpieranskin batean Soraluzeko armek, eta batez ere 1757 urteko ereduak, Estatu Batuetako independentzia gerran izandako eragina aztertzen da.

    Gainontzeko eranskinek ere oso informazio osagarria dakartza: fusilero eta granaderoen ariketak, sasoiko irudi ugariekin; gastadoreen lanabesak[1], Soraluzeko hiru erregetxeak eta eraikin laguntzaileak, barrenak (kainoigileen ezinbesteko tresna) eta, azken bi eranskinetan, 1847-1849 tartean inguru militarretan Soraluzeri buruz izandako eztabaida, batzuk oso aldekoak eta zeharo kontrakoak besteak.

    Liburua, erreferentziaz josita izateaz gain, hainbat argazki, marrazki eta bestelako irudiak dauka, testuarekin ondo lotuta.


    Egileari buruz

    Juan Tous Meliá Palman jaio zen (Mallorca). Militarra profesioz (artilleroa) eta Zientzietan lizentziatua. Zaragozako Akademia Militar Orokorrako irakaslea izan zen, jubilatu baino lehen azken destinoak Kanarietan izan zituen: bertako Museo Militarraren zuzendaria lehen (1992-2000) eta Artxibo Militarrarena gero (2012-2006).

    Ikerketa historikoan lan ugari argitaratu ditu, batik bat kartografia eta artilleria esparruetan. Lehenean aipa daitezke Palma a través de la Cartografía egitasmoa eta Las Islas Canarias a través de la Cartografía bilduma. Artilleriari buruzkoetan, berriz, hiru kainoi ospetsuen monografiak: El Tigre, El Hércules eta El Escorpión.

    Tenerife zein Kanarietako hainbat elkarte kulturalen bazkide eta laguntzailea da.

    Datu gehiagorako, sakatu hemen.


    Erreferentziak

    1. Suzko armez gain Soraluzen ere lanabesak egiten ziren eta.