Luis Ariznabarreta (eu)

    Sorapediatik
    Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
    Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!


    Luis Ariznabarreta Espilla
    Luis Ariznabarreta. Erretratua 01 (1944).jpg
    Jaio Soraluze (1915)
    Hil Gasteiz (2013)
    Profila Musikagilea, sindikalista


    Familia

    Luis Ariznabarreta Zubiaurre Soraluzen jaio zen 1915eko urriaren 29an. Herrian Luis Espilla izenez ezaguna zen, aitaita eta amamaren baserriaren izenagatik.

    Aita Jose Mari Ariznabarreta Agirrebeña Espilla (1890-1936) zen, eta ama Anastasia Zubiaurre Odriozola (1893-1942); biak Soraluzekoak. Aita torneroa zuen, eta ama hoteleko zerbitzaria ezkondu baino lehen, eta ondoren etxekoandrea. Jose Mari eta Anastasia 1915.ean ezkondu ziren, Atxuri 2 kaleko etxera. Lau seme-alaba izan zituzten: Luis (1915-2003), Lucas (1917-1942), Jacinto (1921-1945) eta Maritxu (1923-1988).

    Anastasia amarekin (1916)

    Aitaren aldetik, Luisen aitaita Jose Ariznabarreta Agirrebeña zen, Espilla baserrikoa, bertsolaria, baserritarra eta ingude-langilea izan zen; amama, Maria Aguirrebeña Bidegain, Soraluzeko Arzabalaga baserrikoa, pandero jolea eta Espilla baserriko etxekoandrea. Luisek esanetan, aitaita eta amama egun osoa ematen zuten errezotan: goiz-goizetik, errosariua, angelusaren orduan, otorduetan…

    Amaren aldeko aitaita, Pedro Zubiaurre, Elgoibarko Metal baserrikoa zen eta bertan sagardotegi bat zuen. Amama, Josepa Odriozola, Urrestilakoa zen. Bikotea Soraluzera etorri zirenean Errotatxo taberna ireki zuten. Josepa sasimediku famatua izan zen erredurak eta begiko gaixotasun larriak osatzen. Medikuek etsipena emanda bidaltzen zituzten gaixoak beregana, eta askotan begiak osatzen zizkien.


    Lehen urteak

    Luisek haurtzaro zoriontsua izan zuen herrian eta Espilla baserrian, Ezozia auzoan. Bere adineko neska-mutil guztiak elkarrekin ibiltzen ziren jolasean: ziburu-zabaratan, errekan jolasten, igerixan, arrantzan, perretxikoetan, mendiko ibilaldietan…

    Sei urterekin Maristen eskolan sartu zuten, eta han entzun zituen gaztelerazko lehenengo hitzak, ez zekien erdaraz hitzik ere ez.

    Lehenengo egunean, bapatean: ¡Póngase usted de rodillas![1]. Berak: Zer esaten du fraile honek?. Aldamenekoak ukalondokoa joz esan zion: Belauniko jartzeko!.

    Eskolan ezer ulertu ez, eta ia dena buruz ikasten zuen zigorrik ez jasotzeko. Luisek audioan jasotzen duenez, eskolatik kanpo, hanka jarri orduko, ume guztiak, bertakoak zein kanpotik etorritakoak, euskaraz bakarrik berba egiten zutela.

    Hamaika-hamabi urte zituenean (1926-1927) Luisek itotzetik hiru gazte atera zituen Debako uretan. Bere hitzetan: igerixan bastante itxuran eitten nuan eta nik atera nittuan ibaittik iru pertsona, iru gazte. Bat, nire anaia zan, beste bat, Luis Prieto eta beste bat Agustin Arizaga. Agustinen aitak, “Tapurrio”k, eskolara joan zen eta Luisi pezeta bat eman zion semea salbatzeagatik. Eskolan diskurtsoa eta medailatxo eskeini zizkioten eskolako mutil guztien aurrean. Luisen hitzak: Eta berarekin egoten naizen guztietan esaten zoztan: Ni, bada, iregatik bizi nauk!. Ez ziren bada, salbatu zituen pertsona bakarrak: gerra garaian “lan behartuetan” preso izan zutenean (1937-1941), hirulau urteko umea salbatu zuen kotxe batek harrapatzetik[2].

    Musikarako zaletasun handia zuen Luisek. Solfeoa eta kantua eskolan ikasi zituen. Zazpi urterekin kanturako frogak egin, eta umeen koruan sartu zuten. Aurrerago elizan kantatzeko solista modura, Migel Olaizola eta bera aukeratuak izan ziren, bost edo sei meza diferente kantatzeko. Hamaika urterekin flauta jotzen Ikasten hasi eta aurrerago Paz y Labor liberalen musika bandan flauta jotzen aritu zen, 1936.ko gerra hasi arte.


    Langile eta langileen aldekoa

    Zortzi urte Maristetan ikasten eman ondoren, 14 urterekin lantegi txiki batean sartu zuten lanean hasteko.

    Garaiko beste askoren moduan, Luisek ikasteko griña handia zeukan eta Academia de Dibujo Lineal gau-eskolara joaten zen. Gerora garrantzi handia eman zion Luisek han ikasitakoari, oso baliagarria izan zitzaiolako formazio hura hurrengo urteetako makineria lanetarako.

    Gerra aurreko urteetan tornero-ajustadore moduan lan egin zuen Amutxastegin. Garai hartan Luis JSU[3] eta UGTkoa[4] zen eta langileen eskubideen defendatzailea. Espilla familiako guztiak errepublikarrak ziren.


    Gerra garaikoak

    Herriko boluntarioa eta lehen borrokak

    1936.eko uztailean Luis Espillak hogei urte zituen boluntario aurkeztu zenean, Soraluzeko milizietan parte hartzeko; Errepublika defendatzera, altxatutako militarren kontra. Inoiz biolentziarik erabili ez zuten gazteak, behartuta egon ziren gerrara joaten inolako prestakuntza militarrik eta armarik gabe.

    Batailoiak sortu zirenean Amuategin[5] sartu zen bere anaia Lucasekin batera. Amuategi, Herritar Fronte Errepublikanoko Euskal Armadako 35 batailoia izan zen. Luisek, beste plaentziatar ezagun eta lagun askok bezalaxe, 4. konpanian (Compañía Placentina) parte hartu zuen; bera 2. sekzioan.

    Hasiera batean Gipuzkoa eta Nafarroa arteko lerroko borroketan ibili zen: Beasain, Gabiria, Zumarraga, San Adrian eta abarretan.

    Soraluzeko ebakuazioa

    Baina "nazionalak" aurrera egiten ari ziren, eta irailean Gipuzkoa ia osoaz jabetu ziren.

    Soraluze erortzeko arriskuan zegoenez, irailak 20an, herria uzteko bandoa eman zuten Soraluzen. Luisek bete zuen lan hau, danbor baten soinuaz lagunduta eta herriko punta batetik bestera pasatzen. Bandoan aldarrikatzen zuen Francoren tropak herrian sartzear zirela, eta geltokian dohaineko trena zutela, gaueko zortzietan herritik alde egiteko, eta bakarrik hamabost egunekoa gauza izango zela etxera bueltatzeko.

    Tren horretan mila soraluzetar baino gehiagok alde egin zuen, tartean bere ama, anai-arreba gazteak eta bere emaztea izango zena. Soraluzeko Udal frankistak hurrengo hilabetetan jaso zuenez[6], 3.061 biztanletik (1935) 1.120 pertsonek ihes egin zuten guztira.

    Eibar eta Bizkaia

    Soraluze irailak 22an erori eta frontea Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean egonkortu zen hilabetetan. Hasieran Luis Ariznabarretak Eibar eta Soraluzeko bitartekari lana bete zuen denboraldi batean; egunero Eibartik gerra-partearekin jeisten zenean, elizako hilerritik pasatzean, Arrateko frontetik ekarritako hildakoak ikusten zituen, egunero kamioiak beteta iristen zirela. Inguruko borroketan ere parte hartu zuen: Arrate, Basalgo, Malzaga, Irure... eta baita Soraluzeko deskubiertan ere.

    Martxo-apirilean frankistek gogor egin zuten aurrera, eta Luisek beste fronteen erretiradan ere parte hartu zuen: Legutio, Gorbeia eta abar. Amuategikoak Gernikako bonbardaketa eta erreketaren lekukoak izan ziren, 10-15 kilometrotara zeuden eta. Ondoren, Etxano eta Esturo guduetan…

    Lemoako Harriak hartzean, 1937.eko ekainak 3an, Luisi Lemoako gurutzera igotzea egokitu zitzaion. Berak audioan jaso zuenez, egun horretan hiru batailoietako komandanteek bizia galdu zuten askatasunaren alde, tartean eurena, Martin Etxeberria izenekoa. Ondoren, Artxandako gudan ere parte hartu zuen.

    Bilbon “Ordena Publikoa” egokitu zitzaien bere sekziokoei, eraikuntza publiko batzuen zaintza, alegia.

    1937.eko ekainak 19an Francoren tropak hirian sartuta, batailoiko enlazea ez zitzaien garaiz iritsi eta oso berandu atera ziren Bilbotik. Horregatik Zorrotzaruntz ateratzean batailoikide asko hil zituzten indar frankistek. Bilbo galduta, euren batailoia guztiz murriztua geratu zenez, Rosa Luxenburg eta Amuategi batailoak batu zituzten.

    Kantabria eta Santander

    Santanderrerako bidean San Roke, Castro Allen eta beste hainbat borrokatan parte hartu zuten. Santoñarako bidean eibartarren kamioi bat igaro zen eta miliziano talde bat kamioira igotzen utzi zuten Santanderreraino eramateko.

    1937.eko abuztuaren 24an Amuategi batailoa Sardinero hondartzan zegoen. Santanderreko portuan kaos ikaragarria zen: itsatsotik ebakuatuak izateko milaka gudari, miliziano eta erbesteratu zeuden zain. Asturiasera pasatzeko belaontzia hartu zuen Luisek beste batzuekin batera. Santander bi egun geroago erori zen, abuztuak 26an.

    Baina belaontzia itsasoan ondoratu zen, eta Luisek itsasora salto egin zuen. Desagertutzat eman zuten[7] eta herrira “Luis ito zela iritsi zen. Baina ez, igerilari ona zenez, hiru ordu pasa zituen olatuen gainean, San Vicente de la Barquerako Santa Maria arrantza-ontziak uretatik atera arte.

    Aurrerago preso egon zenean Deustoko unibertsitateko ikasgeletan (1937.eko bukaeran-1938.eko hasieran). Benito Arrutiagaren emazteak Luis ikustean esan zion: ¡Espiritu santo! ¿Pero vives?. Luisen erantzuna: ¡Cómo no voy a vivir!. Herrikoak atzera: ¡Pero si te ahogaste!. Eta Luisen azalpenak gero: ¡Qué me voy a ahogar! ¡Pero no me ve como estoy! Y, claro, los que me vieron a mí saltar al agua, y ya no había aparecido, abrieron en el pueblo que me había ahogado[8].

    Asturias eta Txang burkidea

    Asturiasera eraman zuten eta Cecedan, bertako herri txiki batean, Euskal Brigada osatu zuten. Garai hartan bere eskuadran sartu zuten Euskal Armadan egon zen txinatar bakarra: Aking Chan.

    Brigadista hau (Chen Agen beste izenez) Espainiako Gerra Zibilean parte hartu zuten 12 boluntario txinatarretako bat izan zen. Txinatik zuzenean etorria zen.

    Asturiaseko kanpaina elkarren ondoan egin zuten, El Mazuco, Peña Blanca, El Fito batailetan parte hartuz, 1937ko urriaren 20an, Trubian atxilotu zuten arte.

    Bitxikeria: armagintzan aritutako bi herrien artean egin zuen Luis Ariznabarrerak Ipar Fronteko bidea: Soraluzetik Trubiara.

    Lan behartuak

    Atxilotu zutenean, Luis Langileen Batailoietan sartu zuten, lan behartuak egiteko.

    Hurrengo lau urtetan (1937-1941) ibilbide luzea egin zuen Luisek: Leon, Santander, Bilbo, Bizkaia, Burgos, Soria, Cuenca, Guadalajara, Castellon, Burgos, Gipuzkoa… Bertan ari zela, hiru edo lau urteko umea salbatu zuen kotxe batek harrapatzetik.

    Miranda de Ebroko (Burgos) kontzentrazio-esparruan egon zirenean, frankistek Prisioneros de guerra dokumentala grabatu zuten bertan, gerrako presoei eskaintzen zieten tratu ona erakusteko asmoz. Aking Chan bihurtu zen protagonistetako bat[9].

    Azkenean, 1941.urtean askatu zuten eta Soraluzera itzuli ahal izan zuen.

    Etxera iristean, oso minduta sufritutako eta ikusitako guztiagatik, Gure ildakoeri! Bertso-kanta hunkigarria (lotura) sortu zuen gerraren ondorioz hildako guztien oroimenez. Erderazko itzulpena ere berak prestatu zuen: ¡A nuestros muertos!.

    Gerran eta gerraostean bizitako gertaera lazgarrien ondorioz, Luisi bihotzean bizi guztirako iltzatuta geratu zitzaizkion ikusitako guztiak: hildakoak, zaurituak, afusilatuak, presoak, zigorrak…

    Soraluzen atzera

    Gerra aurrean (1936) Jose Mari aita zendu bazen ere, gerraren ondorioz hiru senide galdu zituen Luisek, hirurak gaixotasunez: Anastasia ama (1942), Jacinto anaia (1942) eta Lucas beste anaia (1945). Gurasoak hilda, 1942. urtean Luis Maritxu arrebaren tutore izendatu zuten.

    Aske geratu zen urte berean (1941) SACIA enpresan hasi zen lanean.

    1944.ean Soraluzen bizi zen Rosita Orbea Gallastegi osintxuarrarekin (Osintxu 1921-Gasteiz 2008) ezkondu zen. Zortzi seme-alaba izan zituzten, Soraluzen lehen lauak eta Gasteizen beste lau.

    Urte haietan langileen eskubideak defendatzen oso konprometitua ibili zen. 1947.ean greba orokorra antolatu zenean, Soraluzen Luis antolatzailetako bat izan zen, eta SACIAko langileen aurrean lehenengoa atera zen. Ondorioz, Guardia Zibilen jazarpena jasan zuen.

    Rosita eta Luis senar-emazteak txandaka egiten zuten goardia gauean etxeko lehiotik, goardia zibilak agertzekotan Luis atzeko atetik Txara mendi aldera ihes egiteko. Goardia Zibilak Usin abizeneko alkateari abisua pasa zioten Luis atxilotu behar zutela. Alkateak Luis babestu zuen goardia zibilen aurrean esanez gizon ona, arduratsua eta langilea zela, eta herriaren alde lan handia egiten zuela herriko elikagaien kooperatiba antolatzen, bertako sortzaile eta antolatzailetako bat izan baitzen. Eta Usin alkate karlistari esker, Luisek atxiloketa horretaz libratu zen.

    Grebalariek abisuak pasatzeko trikimalu batzuk erabili zituzten; adibidez, Rosita Luis emaztearen bidez greba bertan behera gelditzen zela abisatzeko. Beste behin anbulantzia lortu zuten herriz herri abisua ematen joateko. Eta guardia zibilek anbulantzia geldiarazi zutenean esan zieten Santa Agedako Hospital Psikiatrikora gaixo bat zeramatela; horrela aurrera jarraitu ahal izan zuten beste herrietako langileei abisua pasatzeko.


    Gasteizera

    1956. urtean Gasteizko HERZA torlojugintzako lantegian hasi zen lanean, arduradun edo enkargatu moduan. Familia guztia (Rosita eta lau seme-alaba) Luisekin bateea Gasteiza pasa ziren. Han beste lau seme-alaba izan zituzten.

    Lantegian oso arduratsu eta zorrotza izaten zen langileekin, baina zuzena. Bapateko jenioa zuen, baina berehala pasatzen zitzaiona. Guzti horrengatik langileen artean oso gizon baloratua eta maitatua izan zen. Jubilatu ere bertan jubilatu zen (1980), HERZAn.

    Frankismoaren kontrakoa beti, Frankoren erreferendun eta hausteskunde antidemokratikoen aurrean erresistentzia mantendu zuen, eta ez zen inoiz boto ematera aurkeztu. 70. hamarkada bukaeran EAJn sartu zen, eta EAJ/EA zatiketa gertatu ondoren (1986), EAra pasatu zen. Bertako abesbatzan kantatu zuen ia hil arte.

    Azken urteak

    Gaixotasuna era heriotza

    80 urte zituela, Alfredo semea hil zen istripuz. Golpe oso latza izan zen Luisendako, poliki-poliki gain-behera fisikoa eta emozionala eragin zizkiona.

    Familiaren artean hil zen, Gasteizko bere etxean, 2003.eko abuztuaren 23an, 98 urtekin.

    Hileta mezatan Txema Arzallus apaizak honako bertso hauek abestu zituen:

    Gipuzkoa´ko Plaentxi´n jaio
    ta Gasteizen egin kabi,
    Rosario emaztearekin
    zortzi lora eder azi.
    Langilea ta bertsolaria,
    kantu-musika ta guzti;
    zugandik asko ikasi dugu
    eskerrak, benetan, zuri.

    Bataioz Koldo (Luis) zure izena
    Espila baserrikoa,
    izenez eta izatez ziñan
    euskaldun odolekoa,
    arrokeria aundirik gabe
    danak maitatutakoa;
    gaurtik aurrera izango zera
    Jaunaren besoetakoa.

    Ganbarako altxorra

    2020an, Covid-19 pandemian, konfinamendu garaian bete-betean, Luisen seme-alabek 1936.eko gerrari buruzko aitaren zenbait eskuizkribu eta agiri aurkitu zituzten gurasoen ganbaran.

    Aurkitutako altxor horrek aukera eman zuen, besteak beste, Chang Aking txinatarra eta Luis Ariznabarreta plaentziatarrari buruzko zenbait erreportai eta artikulu argitaratzeko Txinan, EEBBetan eta Euskadin bertan (2021):

    Profila

    Luis oso persona aktiboa zen; ez zen inoiz taberna-gizona izan, ez Soraluzen, ezta Gasteizen ere. Ahal zuenean bere zaletasunei denbora eskeitzen zien: arrantzara, perretxikoetara, familiarekin mendira eguna pasatzera… Sukaldari aparta, larunbat eta igandeetan bera arduratzen zen familiaren jatorduak prestatzeaz. Bere garairako Luis, «langile ilustratua» zela esan daiteke. Kulturan eta politikan interes handia jartzen zuen: hitzaldiak eta dokumentalak ikustera joan, liburuak eta aldizkariak irakurri, interesatzen zitzaiona idatzi, zenbait kurtso egin, gudakideren solasaldietan parte hartu, EAko koruan kantatu… Bere aitaita Jose Espillaren bertsozaletasuna Luisengan eragin handia izan zuen. Luisek esaten zuen “euskaldun guztion barruan bertsolari bat dugula, txikia edo handia”, eta bera ere askotan bertsoak sortzen aritzen zen. Gitarra eskuetan hartuta, bertso eta kantuekin aritzea modu ezin hobea izan zen, galdutako guztiengatik barnean zeukan min handia arintzeko. Preso zegoela, apaiz frankistek presoei esaten zietenagatik, fedea galdu zuen Luisek. Mezetara urte luzeetan ez zen itzuli, baina Gasteizen euskarazko mezak hasi zirenean, berriro bueltatu zen, emazte eta alaba gazteenarekin. Agian, arrazoi nagusia mezatara joateko, euskaraz kantatzea izan zen.


    Musika lanak

    Lana Urtea Mota
    Gure ildakoeri! 1941 Dolu kanta
    ¡A nuestros muertos! 1941 Elegia
    Placencia tiene su entrada Ereserki alaia


    Erreferentziak

    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Erreferentziak

    1. Belauniko jarri!
    2. Audio eta eskuizkribuetan zehaztasun gehiago.
    3. Gazteria Sozialista Bateratuak/ Juventudes Socialistas Unificadas. Wikipedia (euskaraz).
    4. Unión General de Trabajadores/ Langileen Batasun Orokorra. Wikipedia (euskaraz).
    5. Amuategi batailoia. Wikipedia (euskaraz).
    6. 1936/11/13ko Udal Batzarra.
    7. Luis Ariznabarreta Zubiaurreren fitxa. Centro Documental de la Memoria Histórica. PARES ataria.
    8. Solasaldia Irargik egin zion elkarrizketan agertzen da, gazteleraz, Euskadiko Artxibo Historikoan. Baina ez dakigu euskaraz egin zyten edo, egoerak behartuta, erderaz.
    9. Ostean Aking Changen arrastoa galdu zen, beste berririk ez da agertzen.
    10. Jatorrizkoa eta lau itzulpen: ingelesez, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez.