Maltzaga (eu)

    Sorapediatik
    Ikuspegi orokorra (1970)
    Ikuspegi orokorra (1975)

    Geografia

    Modu orokorrean Soraluzek Eibarrekin egiten badu muga iparraldetik, benetako muga Maltzagan dago.

    Eibarko auzo hau lotune geografiko batean dago, bertan Ego ibarrak Deba ibarrarekin bat egiten du eta. Uren ikuspuntutik erreka garrantzitsuena Deba bada, Soraluzetik Elgoibarrera doana, errepide nagusia Elgoibarretik Eibarrakoa da (N-634), eta Soraluzetik datorrena (GI-627) Maltzagan elkartzen da aurrekoarekin.

    Aspaldiko agirietan Madalçaga moduan agertzen da. Soraluze aldetik, Irure Iparraldetik muga egiten du Deba eta Ego. Bideak elkartzen dira,

    Deba errekaren ezkerreko ertzean, Irure auzoak Maltzagako bidegurutzea zelatatzen du gainetik. Erreka ondoan, berriz, Maltzaga taberna dago. Eskumako ertzean, berriz, Vicente Gabilondo enpresa dago (gaur eguneko Gerdau) eta, gorago, Agiña baserria, Agiña Maltza izenez ere ezagutua.

    Geltokiaren planoa 1935. urtean (Pedro Pintado Quintana)

    Geltokia

    Durangotik Zumarragarako trenbidea eraiki zenean, Malzagan bertan geralekua jarri zuten. Bertatik abiatu zuten Elgoibarrerako trenbidea, gero Donostiaraino helduko zena.

    Geltokia 1885. urtean hasi zuten eta bi urte geroago zabaldu zuten. Lau trenbide eta bi nasa zituen. 1914 urtean trenen mantentze lanak egiteko tailerra jaso zuten. 1921 urtean, berriz, merkantzia geltokia eraiki zuten, Deba errekaren beste aldean, Soraluzeko lurretan (Vicente Gabilondo, aka Gerdau, enpresaren ostean gutxi gora behera). Merkantzia geltoki honek beste lau trenbide eta bide moztua zuen, eta 120 bagoi har zezakeen.

    Errekaren bestekaldean langileentzako etxeak eraiki zituzten 1925. urtean, eta 1942.an gehiago egin behar izan zuten.

    Donostiarako trenbidea zabaldu zutenean, Bilbao, Donostia eta Zumarraga lotzen zituzten trenak Maltzagan gurutzatzen ziren; eta Gasteizeko trenbidea zabaldu eta gero, denak Maltzagan elkartzen ziren.

    Maltzagara heltzen aurreko trena Zumarraga eta Gasteizkoa zen: aurretik bi tren hauek Mekolalden elkartzen ziren, eta Maltzagarako bidea lotuta egiten zuten. Maltzagara heldu eta erdiko trenbidean geratzen zen. Handik gutxira Donostiako eta Bilboko trenak heltzen ziren, eta alboetan geratzen ziren. Halaxe markatzen zuten iragarkiak: Tren a Durango y Bilbao (Durango eta Bilborako trena), Tren a Deva y a San Sebastián (Deba eta Donostiarako trena) eta Tren a Zumárraga y Vitoria (Zumarraga eta Gasteizerako trena).

    Behin bidaiariak trenez aldatu eta gero, Donostirakoa eta Bilborakoa abiatzen ziren, eta ostean Zumarraga eta Gasteizerakoak, azken biak Mekolalderaino elkartuta.

    Gasteizko trena 1967. urtean itxi zuten, eta Zumarragakoa 1973 urtean. Urte batzutan trena oraindik geratzen zen Maltzagan, baina 1990. urtean azpiestazio elektrikoa egin zuten Bergarakoa ordezteko, eta ordutik geltokia itxita dago eta trenak ez dira geratzen.

    Gaur egun sasoi bateko eraikin gehienak desagertu dira: geltokiko eraikin nagusia, kantina, markesinak, langileen etxeak, merkantzia geltokia... Y formadun zubia ere kendu zuten, eta zubi arrunta jarri zuten Donostiarako trenbidean.


    Geltokiaren irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Zubia

    Maltzagako tren zubia oso berezia zen. Leku faltagatik, Zumarragarako eta Donostiarako trenbideak zubian bertan banatzen ziren; horregatik zubiak Y forma zuen.

    Langileen etxeen atzekaldean bazegoen beste trenbidea Soraluzetik Elgoibarrera zuzenean zihoana, Maltzagako geltokitik pasatu gabe.

    Zubia 1936eko gerran bota zuten, frontea bertan egon zelako. 1937. urtean, berriz, 61 Dibisioko Injeniariek zubia berraiki zuten, behin behineko aurretik eta behin betiko gero.


    Zubiaren irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    San Rafael ermita

    Ermita

    Maltzaga auzoak bere ermita izan zuen, San Rafael izenekoa. Bideguritzetik oso gertu zegoen, bide ertzean, eta geltokirako aldapa ondoan.

    Ermita hau Ferrocarriles Vascongados enpresak 1927 urtean egin zuen. Gerra sasoian nahiko hondatuta geratu zenez, berreraiki zuten eta 1994ko urriak 24an berrinauguratu zuten. 1974 urteko abuztuan erre zen, nahita, garaiko egunkarien esanetan.

    Ermitan parean erromeriak egiten ziren, inguruko jendetsuenak; Soraluze, Eibar eta Elgoibarretik etortzen zen jendea, kaletik zein baserrietatik.


    Malzaga lokomotora

    Soraluzek bere lokomotora izan bazuen ere (ikus Placencia lokomotora), Maltzaga ez zen atzean geratu.

    1904 urtean, Durango Zumarraga trenbiderako hainbat lokomotora erosi zuten Alemanian, baporezkoak; horietako bat Malzaga bataiatu zuten. Krauss etxekoa zen, 0-4-0-T motakoa, eta fabrika-zenbakia 5179 zuen. Ekarri zutenean matrikula zenbakia 183 eman zioten.

    Bilbao eta Donostia artek zerbitzu zuzenak ezarri zirenean (1906. urtean), Malzaga lokomotora Malzaga-Zumarraga trenbidean erabili zuten. Azkenik, Ferrocarriles Vascongados-ek trenbide guztiak elektrifikatu zituenean (1929 inguruan), lokomotora hau eta beste batzuk Ponferrada-Villablino trenbideari saldu zizkion. Urte askotan Maltzaga lokomotora bertan egin zituen hanbat kilometro, ikatz garraioan.

    Soraluze eta Maltzagaz gain, Osintxuk ere bere lokomotora izan zuen, Los Mártires izenekoa. 1902 urtean erosi zuten, Krauss etxeari ere, eta 1-3-1-T motakoa zen, 4761 fabrika-zenbakiarekin. Matrikula zenbakia 11 eman zioten, baina Ferrocarriles Vascongados sortzerakoan matrikula aldatu zioten: 81. Trenbideen elektrifikazioa zela eta, 1942 urtean Minas y Ferrocarril de Utrillas enpresari saldu zioten, eta bertan Banco de Aragón izena jarri zioten.

    Malzaga lokomotora ikatz garraioan (John Carter)


    Erreferentziak