Maltzagako geltokia (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak) (Orria sortu da. Edukia: right | thumb | 400px | Ikuspegi orokorra (1970) Fitxategi: Maltzaga._Ikuspegi_orokorra_(Murgoi...)(r)en berrikusketa, ordua: 22:27, 19 abendua 2017
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
    Ikuspegi orokorra (1970)
    Ikuspegi orokorra (1975)


    Geltokiaren planoa 1935. urtean (Pedro Pintado Quintana)

    Durangotik Zumarragarako trenbidea eraiki zenean, Malzagan bertan geralekua jarri zuten. Bertatik abiatu zuten Elgoibarrerako trenbidea, gero Donostiaraino helduko zena.

    Geltokia 1885. urtean hasi zuten eta bi urte geroago zabaldu zuten. Lau trenbide eta bi nasa zituen. 1914 urtean trenen mantentze lanak egiteko tailerra jaso zuten. 1921 urtean, berriz, merkantzia geltokia eraiki zuten, Deba errekaren beste aldean, Soraluzeko lurretan (Vicente Gabilondo, aka Gerdau, enpresaren ostean gutxi gora behera). Merkantzia geltoki honek beste lau trenbide eta bide moztua zuen, eta 120 bagoi har zezakeen.

    Errekaren bestekaldean langileentzako etxeak eraiki zituzten 1925. urtean, eta 1942.an gehiago egin behar izan zuten.

    Donostiarako trenbidea zabaldu zutenean, Bilbao, Donostia eta Zumarraga lotzen zituzten trenak Maltzagan gurutzatzen ziren; eta Gasteizeko trenbidea zabaldu eta gero, denak Maltzagan elkartzen ziren.

    Maltzagako tren lotunea. Ezkerrean merkantzia geltokia, Soraluzeko lurretan (Lorenzo Oregi Oregi)

    Maltzagara heltzen aurreko trena Zumarraga eta Gasteizkoa zen: aurretik bi tren hauek Mekolalden elkartzen ziren, eta Maltzagarako bidea lotuta egiten zuten. Maltzagara heldu eta erdiko trenbidean geratzen zen. Handik gutxira Donostiako eta Bilboko trenak heltzen ziren, eta alboetan geratzen ziren. Halaxe markatzen zuten iragarkiak: Tren a Durango y Bilbao (Durango eta Bilborako trena), Tren a Deva y a San Sebastián (Deba eta Donostiarako trena) eta Tren a Zumárraga y Vitoria (Zumarraga eta Gasteizerako trena).

    Behin bidaiariak trenez aldatu eta gero, Donostirakoa eta Bilborakoa abiatzen ziren, eta ostean Zumarraga eta Gasteizerakoak, azken biak Mekolalderaino elkartuta.

    Gasteizko trena 1967. urtean itxi zuten, eta Zumarragakoa 1973 urtean. Urte batzutan trena oraindik geratzen zen Maltzagan, baina 1990. urtean azpiestazio elektrikoa egin zuten Bergarakoa ordezteko, eta ordutik geltokia itxita dago eta trenak ez dira geratzen.

    Gaur egun sasoi bateko eraikin gehienak desagertu dira: geltokiko eraikin nagusia, kantina, markesinak, langileen etxeak, merkantzia geltokia... Y formadun zubia ere kendu zuten, eta zubi arrunta jarri zuten Donostiarako trenbidean.


    Geltokiaren irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Zubia

    Maltzagako tren zubia oso berezia zen. Leku faltagatik, Zumarragarako eta Donostiarako trenbideak zubian bertan banatzen ziren; horregatik zubiak Y forma zuen.

    Langileen etxeen atzekaldean bazegoen beste trenbidea Soraluzetik Elgoibarrera zuzenean zihoana, Maltzagako geltokitik pasatu gabe.

    Zubia 1936eko gerran bota zuten, frontea bertan egon zelako. 1937. urtean, berriz, 61 Dibisioko Injeniariek zubia berraiki zuten, behin behineko aurretik eta behin betiko gero.


    Zubiaren irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)