Maria Barbara de Aguirre (eu)

    Sorapediatik
    Sorapedia (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 13:49, 8 uztaila 2020
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
    María Bárbara de Aguirre
    Argazkirik ez.jpg
    Jaio Soraluze, 1760
    Hil Bergara, 1833
    Profila "Abade" onuraduna


    Jaio, ezkondu eta semea

    Maria Barbara Aguirre Yraolabeitia Azcarate Soraluzen jaio zen, 1760ko martxoak 3an. Gurasoak Andres Ygnacio Aguirre Yraolabeitia eta Ana Maria Azcarate izan zituen.

    24 urte zituela, Bergarako Miguel Antonio de Jauregui Ondarza jaunarekin ezkondu zen, Soraluzen bertan, 1784ko abenduko 27an. Miguel Antonio arkitektoa zen eta, besteak beste, Soraluzeko errebote-frontoiaren proiektua egin zuen 1788an, bigarren Erregetxearena gero, eta 1804an Erregetxe berriarena.

    Seme bakarra izan zuten, Jose Antonio Bruno (1785).


    Maria Barbara kapelaua

    XVIII mendean Juan Antonio de Azcarate soraluzetarra Ameriketara joan zen morroi, 18 urte zituela, eta azkenean dirua egin zuen Mexikoko Guadalajaran, saltzaile.

    Seme-alabarik izan ez zuenez, hiltzerakoan dirua laga zuen sorterrian kapelautza sortzeko, bere animaren alde mezak emateko. Kapelautza 1788-1789 urteetan sortu zuten eta aurreko kapelaua José María de Aguirre apaiza izan zen, Juan Antonioren iloba eta Maria Barbararen neba.

    1812 urtean José María hil zen, eta Maria Barbara arrebak kapelautza eskatu zuen. Kapelautzaren patroiak, Soraluzeko Udalak, eskaera onartu zuen.

    Modu honetan ezohizko egoera sortu zen: kapelau moduan, Maria Barbarak kapelautzaren errentak kobratzen zituen eta eginbeharrak (mezak, errezuak...), berriz, abade bati azpikontratatzen zizkion. Ezohizko egoera, baina ez aurrekaririk gabekoa: inoiz apazgaien bat kapelau izendatzerakoan, gauza bera egiten zen ikasketak bukatu artean; hau da, errentak kobratu eta lanak azpikontraratu.


    Auziak

    Zazpi urte pasa eta gero Kalagorriko orduko apezpikuak, Atanasio Puyal y Poveda jaunak, Deba bailara bisitatu zuen (gogoratu garai hartan Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Deba bailara Kalagorriko elizbarrutian zeudela). Egoeraren jabe egin zenean, kapelautza hutsik zegoela erabaki zuen, María Bárbara apaiza ez zelako, ¡eta gainera andra!. Eta zegokion prozesua martxan jarri zuen, eliz-epaitegietan.

    Baina María Bárbararen senarrak, Miguel Antonio de Jauregui arkitektoak, pisu handia zuen. Beraz, bigarren auzia abiatu zuen, epaitegi zibiletan baina, emaztearen errentak berreskuratzeko.

    Kapelautza (eta errentak) hutsik zeudela, Miguel de Mendiguchia izenekoak beretzat eskatu zuen kapelautza, Juan Antonio de Azcaraten ahaidea zelako. Horretarako hirugarren auzia abiatu zuen.

    Gauzak horrela, 1820 urtean Espainiako hiru urteko liberala izan zen. Hiru urte hauetan Elizarekin zerikusia zuten lege guztiak aldatu zituzten, eta epaitegi zibilak goitik behera antolatu. Dena dela, Miguel Antonio de Jaureguiren demanda aurrera egiten ari zen. Baina 1823 urtean absolutismoa itzuli zenean, epaitegietan egindako bidea desegin zuten.

    Urte hartan Miguel de Mendiguchia hil zen, baina José María bere anaiak ordeztu zuen, kapelautza berezat eskatuz. Pobrea zenez, doako justizia eskatu zuen.

    1824 urtean Burgoseko Eliz Epaitegi Metropolitanora eraman zuten eliz-prozesua, eta honek 1825 urtean apezpikuaren alde erabaki zuen. Orduan Juan Bautista de Beiztegui agertu zen, berak ere kapelaua izateko eskubideak zituelakoan. Atanasio Puyal apezpikua 1827 urtean hil zen.


    Behin betiko epaiak

    1828 urtean Kalagorriko eliz-epaitegiak Juan Bautista de Beizteguiri eman zion kapelautza, eta Maria Barbara de Aguirre-ri agindu zion 1812tik kobratutako errenta guztiak Juan Bautistari itzultzeko.

    Epaitegi zibilak 1833 urtean eman zuen epaia, hau ere Maria Barbara de Aguirreren kontra.

    Urte honetan bukatu ziren auziak eta epaiak María Barbararentzat. Kapelautza inguruko auziak, berriz, ez ziren bukatu 1866 urtera arte.


    Andra-gizonen heriotza

    Maria Barbara Bergaran hil zen, 1833 urteko azaroak 27an, azken auzia bukatu zen urte berean.

    Miguel Antonio senarra urte berean hil zen, baina aurretik, maiatzak 29an hain zuzen.


    Erreferentziak