Matxinadak (eu)

    Sorapediatik
    Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.

    Matxinada[1] agintarien edota agintaritzaren aurkako herri-altxamendu edo jazarraldia da.

    Matxinada mota askotako ekintzek osa dezakete, desobedientzia zibiletik hasi eta gobernua botatzeko eraso bortitzak antolaturaino.

    Errebolta haietan olagizon eta eskulangileak protagonista izan zirenez, eta Bizkaia aldean matxino olagizonei esaten zirenez, hortik matxinada eta matxinatu hitzak sortu eta erabiltzea.


    XVIII mendeko matxinadak

    Lehen matxinada entzutesua XVII mendean izan zen, ‘’gatzaren matxinada ‘’ izenekoa (1631-1634); eragina batez ere Bizkaian izan zuen.

    Baina matxinaden sasoia XVIII mendea izan zen. Alde batetik hiru matxinada handiak izan ziren: 1718koa (aduanak), 1755koa (okelarena) eta 1766koa (gariarena). Horretaz gain beste txikiago batzuk ere izan ziren, eragin murritzagoa izan zutena: Irungoa (1731, Soraluzekoa (1733), Azpeitiakoa (1739) edota Hernanikoa (1743).

    1718koak, 1733koak eta 1766koak eragina izan zuten Soraluzen.


    1718ko matxinada

    Sorrera

    1714 urtean Felipe V Borboikoak Espainiako Ondorengotza Gerra irabazi zuen, Espainako koroa eskuratuz.

    Gerra luzea izan zen (1700-1714), eta erregeak dirua behar zuen. Horregatik, besteak beste, 1717 urtean aduanak Gaztelako mugetara (hau da, itsas ertzera eta Frantziako mugetara) eraman zituen, euskal probintzien zerga sistema (eta ekonomia) irauliz: batzuentzat komenigarria zenak (Gaztelan saltzeko zergak desagertu ziren) besteentzako kaltea zekarren (atzerriko garia zergapetu zuten, adibidez).

    Lehen matxinada (edo aduanetako matxinada) Bizkaian lehertu zen, 1718ko abuztuan nekazariek zerga-bitzaile bat Bilbon hil zutenean. Matxinoek ziotenez, lege berria foruen kontrakoa zen, eta Bizkaiko agintariak ez ziren legeari aurka egiten ari. Alkateak, diputatuak… preso hartu zituzten eta, inoiz, hil ere.

    Matxinada Soraluzen

    Matxinada Bizkaia osora zabaldu ostean, Gipuzkoara ere heldu zen.

    1718ko azaroak 6an, goiz goizetik, hirurehun bat gizon armatu abiatu ziren Bergara eta Elgetatik Soraluzeruntz, jende eta arma gehiagoren bila[2]

    Behin Soraluzen, alkateari “eskatu” zioten Probintzia eta foruen alde laguntzeko. Azkenean herriak hirurogei laguneko saldoa antolatu zuen eta, etorritakoekin batera, Eibar eta Elgoibarrera pasa ziren.

    Suzko Armen Erret Fabriketako gremioek bertan behera utzi zuten erregearentzako beren lanak (langile faltagatik? kobratzeko arazoak aurrikusiz?) eta matxinada bukatu artean ez ziren lanera itzuli.

    Bukaera

    1719 urte bukaeran Felipe Vak bertan behera utzi zuen 1717ko legea, aduanak itsas-ertzera ekarri zituena, eta zerga-muga Ebro aldean jarri zen atzera.

    Hiru izan ziren arrazoiak. Lehenik eta behin, lau euskal lurraldeek erakutsitako kontrako jarrera irmoa, foruen kontrakoa zelako; gainera, 1719ko udan Frantziako gudaroste bat, Berwick-eko duke frantsesak gidatuta, lau probintziaz jabetu izana[3]; eta, azkenik, aduana berritan jasotako zergak uste izandakoak baino askoz txikiagoak izatea.


    Soraluzeko matxinada (1733)

    Datu iturri nagusia: El guipuzcoano instruido (eu)

    Aurrekariak

    Orduko sistemaren arabera, arma eskaerak enkantean ematen ziren ("asientoak"). Irabazten zuen kontratistak, gero, gremio eta armagileen artean banatzen zituen (azpikontratazioa). Sistema honek bi kalte zekarren: banaketa egin arte lana ez zegoen bermatuta (hortik gremioen garrantzia eta eragina), eta kobratzeko izaten ziren luzapenak, Gaztelako Erret Ogasunak beti zebilen diru eskasian eta.

    Honetaz gain, 1720 urterako Soraluzeko Arma Zurien Erret Fabrikaren izaera kili-kolo zegoen, erregeak bertan behera utzi zituelako (monopolioa apurtzeko). Horregatik, 1725 urtean herriak Miguel de Zuaznabar jaunari eskatu zion bere interesen alde egiteko eta Erret Fabrika (monopolioa) berrezartzeko. Ez zen lan samurra izan, hiru urte geroago Zuaznabar lanean ari zen oraindik, ordurako lanak alferrikakoak izan ziren eta.

    Erret Fabrikaren egoera tamalgarria zenez, hurrengo urtean (1731) Probintziak zilarrezko 2.000 dukat eman zizkion. 1732an Zuaznabar jaunak Probintziari azaldu zion berriro fabrikaren egoera eskasaz.

    Giroa ez zen baketsua. 1733 urtean Soraluzeko bi armaginek Gipuzkoako korregidoreari idatzi zioten, seguruenez demandan, oso estilo "arinegia" erabiliz[4]. Gipuzkoako Diputatu Orokorra jabetuta, erregeari idatzi zion honek korregidoreari egindako iraina kentzeko. Orduko lehen ministroak (Joseph Patiño jaunak) halaxe egin zuen, kopia bat Erret Fabrikako ofizial aztertzaileei bidaliz. Diputatu Orokorrak erregeari eskatu zion Gipuzkoako

    Matxinada

    1733 urtean Juan Antonio Olazábal y Recalde zen Soraluzeko Arma Zurien Erret Fabrikaren zuzendaria, eta Miguel de lrunberri y Belauza kapitain zuzendaria.

    Soraluzeko armagileen arteko giroa gero eta okerrago, azkenean ofizialen matxinada izan zen[5]. Komandante Orokorrak Komisionatua bidali zuen herrira eragileak preso hartzeko.

    Ostean, Soraluzeko ofizialek txostena aurkeztu zuten, eta abokatu baten ebazpena ere (aldekoa, noski).

    Arrazoiak

    Zaila bada jakitea zein ziren Soraluzeko matxinadaren arrazoiak, bi gorago aipatu dira: "asientoen" sistema eta Erret Fabrikaren etorkizuna (monopolioa) kinka larrian ikustea.

    Baina bada hirugarren bat, intxaurrondoekin zerikusia duena. Gogoratu behar da egur mota hau ezinbestekoa zela fusilen kutxak egiteko.

    1733 urteko aipatutako agirian, Gipuzkoako Diputatu Orokorrak bi gai aipatzen ditu: Soraluze eta inguruko herrietako intxaurrondoen egoera eta Gipuzkoako korregidoreari Soraluzeko bi armaginek egindako iraina.

    Gerokoak

    Matxinadaren urtean eta hurrengoan bi aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren.

    Intxaurrondo egurraren arazoa konpontzeko, 1733 urtean Erret Agindua heldu zen, Soraluzeko Erret Fabriketara intxaurrondo egurra ekartzeko. Hurrengo urtean beste Erret Agindu bat etorri zen, kasu honetan intxaurrondoen bahitura altzatzeko. Gaia ez zen ahuntzaren gauerdiko estula izango, 1738 urtean onartutako Gipuzkoako Mendi Arautegian[6] intxaurrondoak sartzeko agintzen zitzaien Soraluze eta inguruko udalei, eta bertako biztanleei ere. Aginte hau 1757 urtean berretsi zuten.

    Beste aldetik, 1734 urtean asentista (kontratista) sistema goitik behera aldatu zen. Ordurarte kontratuak banan banan ematen baziren ere, ordutik aurrera Estatuak asentista bakarrarekin lan egin zuen: Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia. Honek gremioak ekonomikoki gehiago estutu zituen, prezio apalagoak ordainduz; baina, aurreko sistemarekin ez bezale, garaiz ordaintzen zituen eskaerak.

    Hiru urte geroago Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiak Juan Francisco de Lardizabal izendatu zuen Suzko Armen Erret Fabriken zuzendari (1737-1767). Honen ondoren José Antonio bere semea izendatu zuten zuzendari (1767-1779) aurretik, eta José María biloba ostean (1779-1794).


    1766ko matxinada

    Sorrera

    XVIII mendean (eta aurrekoetan) jaki askore salerosketak ez ziren libre; udalen esku zeuden, batez ere janari eta edariena: garia, okela, ardoa... Hau da, udalaren ardura zen produktu hauek inoren eskura jartzeko modu onean.

    Baina udalabatza herritar aberatsen artean osatzen zen[7]. Eta hor zegoen kontraesana: aberatsek errentan hartutako gariak ahal den garestien saldu nahi zituzten, baina udalkide ziren aldetik prezio apalak mantendu behar zituzten.

    Europako hainbat ekonomistaren ideei jarraituz, 1765 urtean Carlos III erregeak gariaren liberalizazioa agindu zuen. Oinarrian liberalismo hasi berria zegoen: ekoizleek zegokien prezioa lortzeko, merkatu librean aritu behar ziren. Baina egoera ez zen egokiena: 1761 eta 1765 artean oso gari gutxi jaso zen Gaztela osoan, prezioa bikoiztuz; eta 1765 urteko uzta oso eskasa izan zen. Ondorioz, Espainia osoan 100 matxinada baino gehiago sortu ziren (Madrilen bertan Esquilacheren matxinada ospetsua).

    Gipuzkoako Aldundiak gari esportazioa debekatu zuen, baina portuetan aduanak ez zirenez, aberatsek itsasotik Gaztelara bidaltzen zuten. Gipuzkoa gari inportatzailea zenez, ondorioz Probintzian gosea zabaldu zen.

    Azkoitian apirilaren 13an hasi zen matxinada, eta Azpeitiara pasa ziren arratsaldean. Hemen, agintari eta aberatsak behartu zituzten "Azpeitiako kapitulazioak" sinatzera, gari hornikuntzabermatzeko eta prezioa apal mantentzeko asmoarekin.

    Elgoibarrera hiru egun geroago (apirilak 16) heldu ziran matxinoak, eta jende gehiago batu zitzaien. Hemendik Mutrikura pasa ziren, eta han Ondarru eta Berriatuko matxinoak bildu zitzien, 2.000 laguneko saldoa osatuz. Atzera Elgoibarrera zetozela, herriko agintariek lurtu zuten matxino gehienek atzera egitea, agintariek lortuko zutela bergarako eta Gasteizko merkatuetan moduko prezioa mantentzea gariarentzat. Azkenean 300 besterik ez ziren bueltatu Elgoibarrera. Eibarren ere matxinatu ziren, eta apirilak 20an bertako agintari eta handikiek "Eibarko kapitulazioak" sinatu zituzten, Azpeitikoen oso antzekoak.

    Eta apirilak 21ean, goizeko 11etan, Bergararuntz irten ziren Elgoibarko matxinoak, Soraluzetik pasatuz.

    Matxinada Soraluzen: bertsioak

    Soraluzen gertatukoari buruzko bertsio oso desberdinak daude. Saiatuko gara denak aipatzen eta kontrajartzen.

    Bertsio baten arabera[8], apirilaren 21ean Elgoibarren hainbat herritar bildu eta Bergarara oinez joatea erabaki zuten, matxinada han pizteko. Martxa horretan Altzola eta Mendaroko baserritarrei eskatu zitzaien agertzea, edo bestela isuna izango zutela. Guztira 300 bat gizoneko saldoa osatu zuten.

    Bergarara bidean, Soraluzen gelditu ziren, matxinada pizteko asmoz. Baina bertan bazekiten helduko zirela, bergararrek esanda, eta beraz bolborarekin hartu zituzten[9]Batzuk, soraluzetarrak bildu ez zitzaiela ikusita, atzera egin zuten Elgoibarrera. Bergarara iritsi zirenak, berriz, bertan atxilotu zituzten.

    Beste bertsio baten arabera[10], apirilaren 18an 600 gizon armatu baino gehiago joan ziren Bergararen aurka, Elgóibar, Alzola eta Mendarokoak. Soraluzetik igarotzean "hiribilduko eta Errege Fabrikako fusilak indarrez hartu eta gero 150 soraluzetar bildu zitzaien".

    Bergaratarren irteera batek matxinatuak ihesean jarri zituen. 150 soraluzetarrak, aurretik alde eginda, bergaratarrei bildu zitzaien eta Antzuolako konpainia batekin iheslarien atzetik ibili ziren gaueko hamarrak eta hamaika artean. Espedizioa hurrengo goizeko ordu batean iritsi zen Placentziara, eta Gipuzkoako herri asko eta baita Araba eta Bizkaia ere libratu zituen[11].

    Bada hirugarren bertsioa ere[12]. Apirilaren 22ko notario-akta baten arabera, hilaren 18ko arratsaldeko hiru eta erdiak aldera, Bergarara iritsi ziren Placenciako bi errejidore, "...parte ematera... Elgoibarko matxinoak Soraluzen zeudela, eta bertako zenbait bizilagun indarrez ekartzen zituztela, baina ziurtatzen zutela Placenciako bizilagunak zirela eta, nahiz eta armatuta etorri, bakean sartuko zirela eta ez zutela gauzatuko ez estortsiorik ezta liskarrik hiribildu honetan". Izan ere, soraluzetarrak modu baketsuan sartu ziren Bergaran, eta bertako plazan "lurrera bota zituzten beren armak eta bandera, hiribildu noble hau goraipatuz".

    Dena dela, hiru bertsio hauek ipuin interesatu besterik ez dira. Matxinada igaro ondoren, Gipuzkoako komandante nagusiak aurkitu zituen Bergarako jatorrizko kapitulazioak, "benetako moduan jarrita, Motrikukoen lekualdaketa hitzartu baten oinean, hari atxikitzearen bidez". Hau da, Bergaran ere "Bergarako kapitulazioak" izan zirela, Motriku edota Azpeitiaren moduan. Eta kapitulazio horiek, hain zuzen ere, erregidore batek, alkateordeak eta hiru elizgizon bergararrek sinatu zituzten. Gerora alkateak esan zuen "herri lasaitasuna lortzeko engainu trebea" izan zela[13].

    Bukaera

    Aurreko matxinadek ez bezala, errepresio latza izan zuen 1766koak, batez ere Urola eta Deba arroetan[14].

    Errepresio indarrak Donostiatik atera ziren, garaiko oligarkiak eta jauntxoek antolatuta. Apirilak 24an Azpeitiara heldu ziren, eta 174 preso hartu zituzten inguruan (75 Azpeitian, 25 Azkoitian eta 74 Loiolako santutegian, josulagunen oposizioaz).

    Astebete geroago, maiatzaren 1ean, Elgoibarrera iritsi zen armada. Hemendik bi dibisio atera zituen; bata Eibar eta Soraluzera, bestea Mutriku eta Debara. Eibarren maiatzak 10ean sartu ziren.

    Ageri denez errepresioa, gehien bat, Urola eta Deba arroetan zentratu zen. Carta del Diputado General de la Provincia manifestando su agradecimiento a la Villa por la cooperación que prestó en la persecución de los amotinados en las Villas de Azpeitia, Placencia, Vergara, Eibar y otras

    Herri guztietan atxilotuak izan ziren, eta matxino askok alde egin behar izan zuen. Ondorengo epaiketetan, nahiz eta heriotza zigorrik ez izan, sententzia gogorrak jarri zituzten: isunez gain, deserriratzeak, kartzelaratzeak eta, inoiz, zigor fisikoak ere.

    Ostekoak

    Gehiago jakiteko, sakatu Udala. Foru garaia (1766-1845) (eu)

    1766 urtean Carlos III erregeak auto acordado izenekoa atera zuen, udal batzarretan herritar arrunten ordezkariak sartzeko (1766/05/05).

    Bi kargu berri sortu ziren, etxe-jabe ez ziren herritarren beharrei aurre egiteko: herri-diputatu[15] eta herri-sindiko[16] izenekoak. Hauek aukeratzeko herritar pobreek ere zuten eskumena, lehenengo aldiz aberatsen kanpo utziz hauteskunde bat. Soraluzeren kasuan bi herri-diputatuk eta herri-sindikoak izan ziren udalbatzaren partaide berriak.

    Beste aldetik, 1767an Jesusen Lagundia Espainiatik eta bere lurralde guztietatik kaleratu zuten. Erabiliko aitzakien artean, aurreko urtean Loiolako matxinatuei emandako laguntza.

    Matxinada Soraluzen: berreraiketa

    Itxura guztien arabera, apirilak 18an Elgoibartk irten ziren 600 matxino (Elgoibarkoak, Altzolakoak eta Mendarokoak, azken hauetako asko/batzuk behartuta). Soraluzetik igarotzerakoan arma gehiago "hartu" zituzten eta beste 150 matxino soraluzetar batu zitzaien (asko/batzuk behartuta ere).

    Bergarara heldu zirenean 700 bat ziren, eta bertako agintari eta jauntxoek behartu zituzten "Bergarako kapitulazioak" sinatzeko.

    Matxinoak inguruaren jaun eta jabe izan ziren pare bat astetan. Espainiako gudarosteak eskualdeaz jabetu zenean, eta ondorio txarrak ekiditzeko, bakoitzak bere historia "egokitzen" hasi zen: Altzola, Mendaro eta Soraluzekoak behartuta eraman zituztela, Soraluzekoak matxinoen taldea utzi zutela Bergarakoekin bat egiteko, Soraluzeko Udala matxinoen berri eman ziela Bergarako Udalari, honek kapitulazioak "gezurretan" onartu zituela lasaitasun publikoa gordetzeko...


    Erreferentziak

    1. Matxinada. Wikipedia (euskaraz).
    2. “...asmoa dute Soraluzera jeisteko, bertako arma eta polboraz jabetzeko."
    3. Lauko Aliantzaren Gerra. Italiako lurrak berriro lortzeko, Felipe Vak Britainia Handia, Frantzia, Austria eta Herbeheretako ErrepubliKaren kontra hasi zuen gerra… eta galdu!
    4. ”Licencioso estilo” jatorrizko agirian.
    5. ”Conmoción de los Oficiales” jatorrizko agirian.
    6. Reglamento de Montes.
    7. Aukeratzeko eta aukeratua izateko etxe-jabea izan behar zen, "millarista". Gehiago jakiteko, sakatu Udala. Foru garaia (1695-1766) (eu).
    8. Elgoibar, garai gatazkatsu baten kronika (1765-1825). Pello Arrieta & Javier Elorza (Elgoibarko Udala 2014).
    9. ”Dándoles un poco de pólvora sin balas” jatorrizko agirian.
    10. Emiliano Fernandez de Pinedok jasota.
    11. Azken zati hau bergaratarren bertsioa omen da, egiatik oso hurbil ez dabilela.
    12. Emiliano Fernandez de Pinedok jasota.
    13. Emiliano Fernandez de Pinedok jasota.
    14. Errenteriako Udalak urte hartako eskutitza gordetzen du: "Carta del Diputado General de la Provincia manifestando su agradecimiento a la Villa por la cooperación que prestó en la persecución de los amotinados en las Villas de Azpeitia, Placencia, Vergara, Eibar y otras".
    15. Diputado del Común.
    16. Sindico Personero del Común.